laburrak
hurrengoa

beldurrezko zinemaren astea

Donostiako Antzoki Zaharreko butakak betetzen dituzten zinema zonbientzako iritsi da urteko zita. Astebetez, zinemarik eroenak, garuna bigundu eta ergel zoriontsu bihurtzen gaituen Beldurrezko Asteak, programazio itzela eta giro ezin hobea eskainiko digu beste behin. Christhopher Lambert-en moduan, betirako bizi dadila...

hurrengoa

sorkuntzaren berrerabilpena

Joxean Izak honako pintura hau jarri zuen Arteko galerian egin zuen erakusketan. Eguberritan telebistan azaltzen den teleñeko errealak dioen modura, “pozez eta satisfakzioz” betetzen gaitu the balden eginiko zerbait berrerabiltzea eta bizitza luzeagoa eta propioa izatea. Sorkuntzaren eskubide kudeaketa askearen emaitza ederra!

hurrengoa

mem

Nazioarteko arte esperimentalen jaialdiak 10 urte betetzen ditu aurtengo edizioarekin. Bilbon sortu zen ekimen honek berehala hautsi zituen mugak eta, egun, edozein tokitan eta edozein unetan programaketa berezi eta originala proposatzeko gaitasuna erakutsi du. Adi egon!

hurrengoa

l'oeil modern 1900-1944

Izenburu hori jarri dio Paris-ko Pompidou zentroak Edvard Munch-i eskaini dion erakusketan. Artista norbegiarraren begi modernoak harrapatu, eta gero, marrazki eta pinturetan islaturiko lanak jarri dituzte erakusgai urtarrila bitartean. Horietako asko lehendabiziko aldiz erakusten dira jendaurrean. Gainera, Munch-en modernitatearen lekuko, hark egindako argazkiak eta filmatutako pelikula bat daude erakusgai. Paris vaut bien une expo.

hurrengoa

strange wonders party

The balde 60 zenbakiari irudia jarri dion Angela Alonsoren lanaren erakusketa-festa ospatuko dugu Bilboko Belaza galerian. Aldizkarian erakutsi dizkizuegun artelan originalak ikusgai edoteaz gain beste hainbat sorpresa izango da. Zuzeneko musika eta DJ- ak ez dira faltako, zuk kale egiten baduzu... erru guztia zurea izango da. Azaroak 10erako baduzu zita!

hurrengoa

bike porn

Bizikletak eta pornografia berez zerikusirik ez duten bi kontzeptu direla pentsa genezake. Oker gabiltza. Bizikleten erabilerak gorakada handia izan du azken urteotan. Cool bihurtu dira. Jende normalak erabiltzeaz gain, politikariek, diseinatzaileek, arkitektoek, artistek eta farandulako jendeak ere bere egin du. Eta horrekin, jakina, bizikletaren kultura, bizikletaren filosofia eta... bizikleta pornografia etorri dira.

hurrengoa

euskarari ekarriak

Ez genuen proiektua ezagutzen. Gure ezjakintasunaren froga garbia. Eta, Euskarari Ekarriak gunearen berri izan dugunetik, flipatuta gabiltza! Itzulpen liburutegi publikoaren ideia itzela iruditzen zaigu, eta are itzelagoa orokorrean ideian soilik geratzen diren asmo ederrak gauzatuta ikustea. Hilero berritzen da, eta, egun, 1010 idazleren 2563 erreferentzia daude jasota. Kasu honetan, ez da aproposena hitzik gabe geratu garela esatea... baina hala geratu gara!

hurrengoa

jazpana

Beasaingo Bernedeonea aparkalekuan ospatuko da aurtengo Jazpana jaialdia. Urriaren 28tik 31 bitartean rokanrol estilo anitzez gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Musikaz gain, skate lehiaketa, basket txapelketa, argazki rally-a, eta hamaika ekimen gehiago.





hurrengoa

art futura

Art Futurak jaialdia antolatu du Bilboko Alhondigan, Urriaren 21etik 23ra. 2011koa, low-fi edizio bat bada ere, Art Futurako arduradunek saiakera egin dute programazioa antolatzen eta azken hamarkadan erreferentzia izan den jaialdiari eusten. Eta guk zinez eskertzen diegu.

hurrengoa

gure bide galduak

Dejabu konpainiak “Gure bide galduak” obra eskainiko du datozen hilabeteotan Euskal Herriko hainbat aretotan. Bost aktore oholtza gainean, zuzeneko gitarra doinuak, eta Franco hil ondorengo lehen urte itxaropentsuen kronika bat. Ametsak, askotan, desenkantuaren hitzaurrea izaten direla erakusten digun antzezlana.


hurrengoa

schrank8

Alemanian egin zuten, 1930eko hamarkadan, Schrank8 izeneko armairua. Egun Amsterdamgo Hansje van Halem estudioan dago, eta, hilabetero, sortzaile baten erakustoki bihurtzen da. Berez ederra den altzari honetan erakusketak paratzea ideia liluragarria iruditu zaigu, eta konpartitu nahi genuen.

hurrengoa

zorion bikoitza

Hong Kong hirian ospatu den Arkitektura Biurtekoan proiektu eta proposamen ugari aurkeztu da. Guri gehien gustatu zaiguna guztien artean xumeena izan da. Didier Faustino arkitektoak, Double Happiness izenez bataiatu duen proiektuari esker, arkitekto guztiak beste planeta batean bizi direlako sentsazioa uxatu digu. Iragarkietarako estruktura bat kolunpio bihurtu du, erabilerarik ez duen espazio bat hiritarrentzat berreskuratuz. Hiri baten sarreran paratu, eta hiria bera iragartzeko ez zaigu ideia hoberik bururatzen.