hurrengoa
talib kweli    I  ilustrazioa/illustration by: txo!? Arabieraz Talib “ikasle” edo “bilatzaile” esan nahi du. Kweli swahilieraz “egia”. Hip hop kantari honek ez du bere izena AEBtako auto matrikuletan jartzen diren mezu ergel horietako batetik atera. Talik Kweli artista bitxia da hip hoparen ohianean. Talib Kwelik (1975) ez zuen haurtzaro traumatikorik pasa. Bere amak ez zuen gorputza saltzen crack-a erosteko eta bere aitak ez zuen kartzelik ezagutu. Brooklyn-en jaio eta hazi zen. Ama unibertsitatean ingeles irakaslea da eta aita administratzailea da beste unibertsitate batetan. Anai gazteena Columbia unibertsitatean lege irakaslea izateaz gain korte goreneko idazkari laguntzailea ere bada. Talib ere unibertsitatera joan zen baina ikasketak utzi eta antzerki esperimental talde batean hasi zen. Familiko ardi beltza. Talib “ikasleak” hip hop izarren biografia estereotipoak apurtzen ditu. “Gangsta” batzuen ustez “nortasuna” eta hain aldrebesa den “autentizitate” kentzen dio guzti honek. Gure ustez, hip hop kantari ia guztiek egiten duten moduan ̈malote ̈ biografia bat ez asmatu izanak ematen dio hain zuzen ere balio berezia Talib Kweliri.
Musika munduan murgiltzen hasi zenean, Afrikako sustraiei begiratzen zeuden Native Tongues kolektiboko taldeen eragina izan zuen, horien aretan Jungle Brothers eta De La Soul bezalakoak. 1995. urtean Cincinnatiko Mood taldeak grabaturiko diskoan egin zuen estreineko agerraldia. Baina hip hop-aren munduan burubelarri 1997. urtean sartu zen Mos Def-ekin Black Star taldea sortu zuenean. Hi Tek-ek ekoiztu zuen taldaren disko bakarra Mos Def and Talib Kweli Are Black Star eta asko saldu ez bazen ere kritikaren kuttuna bihurtu zen. Taldea desegin eta bakoitzak bere kaxa lan ezberdinak kaleratu zituen. Kweli-ren benetazko “solo” diskoa 2002. urtean kaleratu zen. Quality, aurrekoak baino doinu komertzialagoa zuen. Kanye West-ek kanta batzuk ekoiztu zizkion disko hartan eta Dave Chapelle komedianteak ere pare bat kanta idatzi zizkion. Arrakastatsua izan zen eta hip hoparen mainstream zirkuituan sartu zen. Orduz geroztik makina bat lan (The beatiful struggle, The official sucka free mix, Revolutions per minute, Gutter rainbows...), kolaborazio, nahasketa eta artefaktu musikalak egin ditu Talib Kwelik.
Mos Def, The Roots eta artista konprometituekin parekotasuna badu ere jarrera aldetik, musikalki, korronte komertzialetik gertuago dago. Jay Z edo Kanye West artisten antza gehiago du ekoizpen eta doinu aldetik. Eta horrek bihurtzen du hain zuzen ere bitxi eta berezia Talib Kweliren proposamena. Diamanteen bling bling-a, jantzi garestiak eta emakume gazte eta erdi biluzien gainean chanpain botila garestiak hustutzea ohikoa den mundu batetan, mezu eta jarrera konprometituak ere tokia dutela frogatu du “egiaren bilatzaileak”.