• 1
  • 2
hurrengoa
rafa berrio: la mirada triste y el paso lento uxeta labrit   Badago, triste ez egonik ere, begirada tristea duen jendea. Batzuetan, betazalen forma izaten da, beste batzuetan, begizuloen sakontasuna, edo erretinaren dirdira. Argazkiei erreparatu, eta Rafa Berrio musikariak betidanik begirada malenkoniatsua izan duela ikusten dugu. Begirada tristea eta pauso motela. Motela baino, lento. Lento izena zuelako bere zakurra, eta haren erritmora paseatu izan delako urteetan Donostiako kaleetan barna. Etiketa ugari jarri zaizkio Rafa Berriori eta bere musikari. Ibilbide luze baten ondorioa izaten da hori. Garai eta bolada bakoitzak kantari eta talde berriak ekartzen ditu. Eta garai eta bolada bakoitzak beste hainbaten desagertzea dakar. Rafa Berrio 80ko hamarkadan hasi zen, eta geroztik beti izan da hor. “Hor” zer den ere ez genuke definitzen jakingo, espazio fisiko bat baino, “hor” eremu bat delako, ikusezina askotan. Berriok bere bidea egin du, gehienetan korrontearen kontra. Eta jarrera hori ez da aukera bat izan. Izokinek ibaian gora egitea aukeratzen ez duten moduan.
UHF taldean hasi zen 80ko hamarkadan. Donostia Sound delakoari izena eman zion talde horietako batetan. Donostiako Shanti Records mitikoarekin kaleratu zuten new wave kutsuko UHF lana 1981ean. Hamarkada oso bat pasa behar izan zuen Amor a Traición proiektuarekin grabaketa berri bati ekiteko. Dylan-en itzal luzean babestuta, 1993an grabatu zuten Warner-ekin Amor a traición lana. Kritika onak eta salmenta eskasak. Klasiko bat. Warner utzi, eta 1997an Diego Vasalloren ekoizpenaz, Una canción de mala muerte grabatu zuen, eta tirada mugatuko diskoa kaleratu zuen. 2000. urtean, eta betiko kolaboratzailea izan den Iñaki de Lucasekin, kantu sorta berria grabatu zuen, eta Deriva izenarekin Planes de Fuga diskoa egin zuen. 2005ean, Harresilanda lan ederrarekin etorri zitzaigun. Bere azken lanak Joserra Senperenaren ekoizpena izan du. 1971 izenburua du iaz kaleratu zuen lanak. Kritikak goraipatu du. Haren zaleek ere pozez hartu dute bost urteko isiltasun bidaiaren amaiera. Berrioren hitzetan, Lou Reed ikusten dute hainbatek. Beste batzuek Cohen aipatzen dute. Niri Berrio etortzen zait burura. Gros auzoko galeria komertzial batean, arrandegi baten aurrean eserita kantu batzuk eskaini zizkigun hura, edota tabernek ke laino giroa zuten garaietan emandako han- hemenkako kontzertu berezi haiek.
Ez dut Rafa Berrio ezagutzen. Haren kontzertuetara joan, eta, pare bat alditan, eta komunean ditugun lagunen bitartez, hitz bi gurutzatu ditugu. Ez da zaila. Berrio kalekumea da. Garai batean, Lento zakurrarekin joaten zen toki guztietara. Eta hark ez zion kantariari begia gainetik kentzen. Orain, tabernaren atean bere purutxoari zurrupadak emanaz, lagunekin mintzatzen, edo besterik gabe, bakarrik, erakusleihoetan irudikatzen duen zeruertzari begira ikusten dut. Diskorik saltzen ez den garai honetan jaso du, ziurrenik, bere azken lanarekin kritikaren laudoriorik nabarmenena. Korrontearen kontra dabilenari soilik gerta dakioke halakorik. Bejondeiola.