hurrengoa
zientzia fikzioa al da euskal zientzia fikzioa?    Iñaki Mendizabalek idatzi zuen Euskaldun bat Marten (1982) izango da, ziurrenik, Ikastola izeneko esperimentu hartan “akuri” izan ginenok zientzia fikziozko literaturarekin izan genuen lehen harremana. Literaturarekin diogu, aurretik, Ipurbeltz komiki aldizkarian ere tarteka azaltzen zirelako istorio fantastikoak. Belaunaldi hura egungo mandatari bihurtu gara (kar, kar, kar, kar), baina badugu susmoa zientzia fikzioa generoak ez duela gurean heldutasunik lortu. Gure letren errepublika txiki honetan geure burua serioegi hartzen dugulakoan gaude. Mikel Soto Txalapartako editoreak generoaren klasiko askoren itzulpenak badaudela azaldu digu. Klasiko batzuk aipatzearren, Shelley, H. G. Wells, Lovecraft , Tolkien, Bradbury... eta, guztien gainetik, itzulpen gehien izan duena, ziurrenik, Edgar Allan Poe. Hala ere, badago oraindik zer itzuli: Arthur C. Clark, Asimov, Philip K. Dirk... Susako Gorka Arresek, gure literaturan toki gutxi duela onartzeaz gain, ekarpen aberasgarria egin digu. Zientzia fikzioa non asten den eta non bukatzen den definitzea ez dela batere erraza eta, azpigeneroen sorkuntza eta ugalketa ere kontutan hartu beharko liratekeela. Susa aldizkariak 1986ko azaroan gai horri eskaini zion monografikoa aipatu digu (http://andima.armiarma.com/susa/susa17.htm).

Modu batera edo bestera zientzia fikzioa jorratu duten hainbat egileri galdera hau luzatu diegu: Zer toki du zientzia fikzioak euskal literaturan?
xabier mendiguren elizegi

Halakoetan, ikuspegiak markatzen du erantzuna. Zulo guztiak estali nahian hasten bagara, beti esan ahalko dugu liburu hau eta hau dauzkagula, eta ZF ere badaukagula euskaraz. Azken urteetako produkzioari begiratzen badiogu, ordea, zientzia fikzioa, eta oro har fantasia, hutsaren hurrengoa dira. Oro har, munduan barrena literatura serioak ihes egiten die genero horiei, baina frikien masa handi samar bat dago (sortzaileak nahiz hartzaileak) izugarri zalea. Gurean, berriz, idazleok amateurrak gara baina letrak serio landu nahi ditugunak, prestigiozko gauzak egin, ez xelebreentzako zerak. Eta frikien masa txikiegia da (bai idazleetan bai hartzaileetan) azpimerkatu bat sortzeko.

fernando morillo

Eta zibilizazioa eroriko balitz...? Eta denboran zehar joan bagintezke...? Eta neure burua klonatuko banu...? Irudimena piztu egiten da halako galderekin. Baina idazlearentzat ez da fikzio ariketa hutsa: sinesgarritasun zientifikoa bilatzean, izan daitekeenera hurbildu behar duzu, eta horrek badenera eraman zaitzake. Zenbat aldiz ez du “aurkitu” zientzia fikzioak gero zientzia ofizialak berretsitakoa? Hori eskertzen diot zientzia fikzioari idazle eta irakurle gisa: eguneroko aukerei bestelako begi posible batzuk eskaintzea. Nahiz eta jakin, jakina, literaturaren baztertzat jotzen dela edonon eta edonoiz, gurean eta besterenean. Bost axola zaleoi!

irati jimenez

Zientzia-fikzioa beti iruditu zait errealitatetik ihes egiteko baino, errealitatearen ohiko begiradatik ihes egiteko modua. Egin munduaren bilakaerari buruzko hipotesi bat, eta hipotesi horrek mundua nola ikusten duzun esango dizu beste ezer baino gehiago. Errealitatearen itxuraldaketa baino ez da, sakonean, zientzia-fikzioa. Euskal Herrian, errealitatea nahiko desitxuratua eduki dugulako edo, halako hipotesietara gutxi jo dugula iruditzen zait. Beste batzuek baino gutxiago, esan nahi dut. Nik euskaraz irakurri dut zientzia-fikziozko nire eleberri gogokoena, 1984. Euskaraz irakurri nuen Martzianoak Kanpora, Elkarrek generoari zabaldu zion bilduma baten barruan. Bilduma txikia zen eta berehala desagertu zela uste dut; horrez gain, beste bat baino ez zen iritsi nire eskuetara, best seller katalan baten itzulpena: Manuel de Pedroloren Bigarren jatorriko makinizkribua. Jatorrizkoak, ostera, nik oso lan gutxi irakurri ditut generoaren barruan. Antza beste fikzio ez hain zientifikoetara jo dugu euskaldunok. Ez nau atsekabetzen, naiz eta generoa oso gustuko izan. Zera esan nahi du horrek, oraindik badugula beste bidaia bat egiteko, edo beste bidaia batzuk. Irudimenaren kontinente oraindik asmatu gabeetara.

josu waliño

Nik esango nuke, zoritxarrez, zientzia fikzioak ia ez duela tokirik euskal literaturan, oso arraroa baita genero honetako lanak aurkitzea euskaraz, bertan sortuak zein itzulpenak izan. Hau niretzat harrigarria da, une honetan genero hau indartzen ari baita beste hizkuntzatan, bereziki azken urteotan agertu diren idazle eta lan interesgarriei esker. Baina euskal literaturan, genero fantastikoan orohar argitaratutako lan apurrak gazte literaturatzat jotzen dira normalean, nahiz eta publiko orokorrak irakurtzeko modukoak izan. Dena den, euskal literaturak badu tokia zientzia fikzioan zein fantastikoan, eta espero dezagun etorkizun laburrean nabarituko dela.