hurrengoa
gu ta gutarrak; zientzia fikziozko ipuin bat    Nueva Dimensión literatura aldizkariak zientzia fikzioarekin zerikusia zuten eleberri laburrak, ipuinak, saiakerak eta komikiak argitaratu zituen 1968tik 1983ra bitartean. Generoaren urrezko urte haietan, aldizkari garrantzitsu bihurtu zen, eta, 1972an adibidez, Europako zientzia fikziozko aldizkari onenaren saria jaso zuen. Nazioarteko egile ugarik argitaratu zuen aldizkari hartan, baina Argentinako emakume euskaldun bat izan zen aldizkaria egunkarietako lehen orrialdeetara eraman zuena: Magdalena Mouján Otaño.
Badira sei urte Magdalena Moujan Otaño zendu zela. Argentinako euskaldun honek idatzi zuen, ziurrenik, euskal literaturan idatzi den zientzia fikziozko ipuinik ezagunena. Magdalena Moujan Otaño 1926an jaio zen, Buenos Aires probintziako Pehuajó herrian. Haren aitona Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarra zen; hiru bider joan zen Argentinara artzain eta irakasle. Jaioterrian hiltzeko desioa izan zuen beti, baina, pobreen desioak zientzia fikzioa izan ohi direnez, Panpako lur lehor eta gogorrean lurperatu zuten. Emakume argia eta azkarra, ikasketetarako dohain berezia erakutsi zuen haurtzarotik Magdalenak. 50eko hamarkadan matematiketan doktoretza atera zuen, eta hainbat unibertsitatetan aritu zen irakasle. 1966an, kolpe militar baten ondorioz (hura zen kirol nagusia garaiko Latinoamerikan), errepresioa jasan zuen eta unibertsitatetik kanporatu zuten. Hala ere, han eta hemen jarraitu zuen irakasle lanetan. Bere jatorria beti present izan zuen emakume honek, eta euskal kulturaren ikerketa eta zabalkunde lanetan aritu zen, La Plata-ko Arturo Campion zentruan, batez ere. Zientziarekin batera, literatura zuen zaletasun nagusia.
Batez ere ipuinak idatzi zituen, zientzia fikziozkoak gehienak, eta, horien artean, “Gu ta Gutarrak”. Haren aitonak 1899an idatzi zuen eta Argentinako euskaldunen artean ezagun egin zen bertso batean dago oinarrituta.
Nueva Dimensión aldizkariak kaleratu zuen ipuina 1970ean, 14. zenbakian. Aldizkaria kaleratu bezain pronto, Fraga Iribarne ministroak aginduta, “bahiketa prebentiboa” jasan zuen. 1966an Fragak berak aldez aurreko zentsura legez ezabatu zuen. “Demokrata” honek inteligentzia handiaz jokatu zuen bere izena zeraman legearekin. Nazioartean aurpegia garbitu eta zentsurarik ez zegoela erakusten zuten. Legeak, ordea, tranpa zuen. Aldez aurretik ez, baina aproposa iruditzen ez zitzaiena, “a posteriori” merkatutik erretiratua izateko ahalmena izaten jarraitzen zuen. Guzti horrek zekarren kostu ekonomikoa zela eta, argitaratzaile eta egile askok, autozentsurarako edo zuzenean “zentsura boluntarioa” zeritzon prozesutik pasatzen ziren. Kontua da Nueva Dimension aldizkariko 14. zenbakia erretiratu zela “Gu ta Gutarrak” ipuinarengatik. Egun, 1970eko maiatza hartan saldu ziren ale eskas haiek bildumagileen esku daude. Hurrengo argitalpenean, Moujan Otañoren ipuina Johnny Hart-en “Formicología” ipuinagatik ordezkatu zuten. Zentsura kasu horrek Espainiako mugak gainditu zituen, eta oihartzun handia izan zuen nazioartean (erlatiboa, jakina; zientzia fikziozko literaturaz ari gara, eta Iker Jimenezi hiru urte falta zitzaizkion jaiotzeko). “Gu ta Gutarrak”, hala ere, Nueva Dimensionen kaleratu zen, hori bai, ehun zenbaki eta bederatzi urte beranduago.