hurrengoa
provostkazioa    def: (provostkazioa) Nicolas Provost-en begi, garun, belarri eta eskuetatik pasa ostean edozein irudik jasaten duen eraldaketa. Zinema hitza esan eta gehingoari oraindik ordu terdiko fikziozko pelikula datorkio burura. Ikus-entzunezkoa esaten badugu irudia eta soinuarekin zerikusia duen artefaktu ugari sartzen dugu zakuan. Ikus-entzunezkoa, kontzeptu zabalagoa, irekiagoa eta askeagoa egiten zaigu. Ukaezina da hala ere, azken urteotan “zinema tradizionalak” mugak zabaldu eta formatu eta molde ezberdinetako proposamenak barneratzen diharduela.
Bideosorkuntzatik datorren Nicolas Provost da egun zinemak bizi duen eraldaketa garai honen adibide garbia. Provost-ek, Donostiako Zabaltegiko perletan ikusi ahal izan dugun L’Envahisseur pelikula liluragarria filmatu berri du. Imigrazioaren gaia modu berezi eta ez ohiko batean filmatzen ausartu da. Iltzela da. Bere lehendabiziko filma da askorentzat. Ez da egia ordea. Provost aurretik makina bat film eginikoa da, formatu eta iraupen ezberdinetakoak, eta mundu osoko aretoetan jendea ahobete hortz utzi duen filmografiaren jabe da. Bi ildo nagusi ditu bere zinemak. Bata estetikoagoa eta forma eta irudi kaleidoskopikoarekin esperimentatuaz eginiko lanez osatua (Stardust 2010, Suspension 2007, Gravity 2007, Papillon d ́amour 2003,...). Film hauekin, irudiaren nortasun aldagarria erakusten du manipulazioaren bitartez. Bigarren ildoak, narrazioa eta irudiarekin jokatzen du (Storyteller 2010, Long Live the New Flesh 2009, Plot Point 2007,...). Film hauetan, aleatorioki edo modu dokumentalean filmatutako irudien muntaia berria eginaz, kodigoak hautsi, narratibak sortu, ikus-entzunezko gramatikak asmatu eta fikzio berriak eraikitzen ditu abilezia izugarriaz.
Bere “lehendabiziko pelikulak” merezi du, baina aurretik filmatutako ikus entzunezko piezak ikusteko gonbitea egiten dizuegu. Bere webgunean daude, eta ziur gaude ez zaretela damutuko.

www.nicolasprovost.com