hurrengoa
diseinuaren beharraz    Juli Capella arkitekto eta diseinatzaile ezagunak, bere agenda lanpetuan tarte bat egin, eta Bilboko Global diseinu-etxe ezagunean izan zen ¨Así nacen las cosas¨ liburu interesgarria aurkezten. Krisi garaietan, diseinua bigarren maila batean geratzen dela dirudi. “Azalekoa”, “hutsala” eta beharrezkoa ez den zerbait gisa ulertzen da. Ados zaude diseinuaren pertzepzio honekin?
Guztiz kontrakoa. Krisi garaietan asmamena beharrezkoagoa da, salbatzen zaituen puntua da hain zuzen ere. Dena ongi doanean apur bat erlaxatu zintezke eta ez hain ongi diseinatu, dena onartzen eta dena saltzen delako. Krisialdian, ordea, jendea zorrotzagoa da eta produktuek prezio merkeagoa edo aukera gehiago eskaini behar dituzte. Eta, horretarako, diseinua ezinbestekoa da. Ez dezagun nahastu diseinua eta azaleko dekorazioa. Enpresari argiek ulertu dute, eta talentua ari dira kontratatzen.

Zentzu horretan, ekonomilari askok “beharrezkoaren ekonomia” datorrela diote... Eta diseinua? Beharrezkoa al da diseinua? Beharrezkoa al da kultura? Eta estetika?

Beharrezkoa den gauza bakarra jatea eta lo egitea da. “Así nacen las cosas” liburuarekin ikasi nuen gizakiak ez duela inoiz sortu soilik beharrari lotutako objekturik, inoiz, eta ni ere harritu nintzen. Leizetan bizitzen jarrai genezake, biluzik joan, jateko ehizatu eta harrietan eseri. Baina gizakiak hobetzeko eta garatzeko beharra du, eta hor ezinbestekoa da diseinua. Beraz, kultura eta estetika ere badira beharrezkoak. Sorkuntza-akzio hori da, hain zuzen ere, beste animaliengandik bereizten gaituena. Haiek guk egiten dugun gauza bera egiten dute, hezi eta estetikaz gozatu ez ezik. Hori gabe, gizakia ez litzateke gizaki izango; beraz bai, diseinua behar dugu, edo leizera itzuliko gara.

Altzari diseinuan, adibidez, geroz eta garrantzi gehiago ematen zaio birziklatzea, jasangarritasuna, ergonomia, ekoizpen ekologikoa eta antzeko kontzeptuei. Hori al da altzarien eta, orokorrean, diseinuaren etorkizunerako bidea?

Egun, jasangarritasun irizpideak ez dituen diseinatzailea edo enpresa delitugiletzat hartu beharko genuke. Honez gero, ez dago aitzakiarik; badakigu planeta ez suntsitzea gure eskuetan dagoela, ezin dugu hain berekoi izan. Diseinua ekologikoa izango da, edo ez da izango.

Zure liburuan diseinuaren prozesuez hitz egiten duzu. Batzuetan, bitxiak eta bat batekoak dira, baina, gehienetan, konplexuak, saiatuak eta neketsuak dira. Gehiengoak diseinuaren pertzepzio friboloa edo azaleko samarra dugu? Justifikatuta al dago pertzepzio hori?

Jendea ez da ergela, eta diseinua friboloa dela pentsatzen badu, hein handi batean, hala delako da; behintzat, komunikabideek diseinu gisa saltzen dituzten modako produktu koloretsu, apetasu eta karrankariak. Baina hori diseinu munduaren zati nimiño bat besterik ez da. Jendeari erakusten zaionean eguneroko bizitzan inguratzen gaituen eta hobeto bizitzen laguntzen gaituen oro norbaitek diseinatua izan dela, orduan, diseinuarekin adiskidetuko da. Ezagutzea maitatzea da.