txukun testua / text by: xabier gantzarain argazkiak / photos: ursus wehrli
irudia
  • 1
  • 2
Larunbat arratsaldez etxean sartuta bazaude, zeure buruaz beste egiteko nahikoa motibo pilatu zaizula konturatzen zara, aspaldi eman dituzu onenak, bizitza absurdoa da, irautea geratzen da, hobeto frakasatzea, eta idaztea, akaso.
Munduari forma eman nahi diozu, ordena ezarri eguneroko bizitzak eragindako higadura mingarriaren baitan, zeure bizitza kontatu, arrastoa utzi, ez inorentzat, ez bada zeuretzat. Eta idazten hasten zara: “Larunbat arratsaldea da, etxean sartuta zaude, hain sentitzen zara bakarrik aspaldian, zeure oroitzapenak txukun jartzen hasi zara, badaezpada, mundua orduz lehen utzi beharrean aurkitzen bazara ere, eta ez dakizu nondik hasi. Datuak eman ditzakezu, izena, abizenak, adina, jaioterria, nortasun agiriaren zenbakia, kontu korrontean gaur bertan daukazun dirua, ondasunak oro, begien kolorea, eta gero has zaitezke kontatzen zer izan den zure bizitza gaur arte”.
Idazten hasi zara, baina zalantza sartu zaizu gero, ni zer naiz, datuak, gurasoek kontatu didatena, neure buruari esaten diodana, besteek nitaz uste dutena, era guztietako artxiboetan niri buruz gordetzen dutena, espediente akademikoa, curriculuma, ni zein naiz, eta ordenagailuan karpeta berri bat sortu duzu, nobela, eta haren barruan beste hainbat karpeta, ni, aita, ama, aita-amak, anaia, arreba, anai-arrebak, familia, lagunak, herria, eskola, eta ez dakizu zenbat luzatu ahalko zenukeen zerrenda, eta gelditu egin zara, eta mundua izeneko karpeta bat sortu duzu, eta haren barruan zein sortu asmatu ezinda zaude, herrialdeka joan beharko zenuke akaso, edo mendeka, edo urteka, horixe akaso onena, hor daude urtekariak, hala errazagoa da dena, bazeneukake zu jaio zinen urtetik hastea, 1975, eta gero hala segi gaur arte, urteka, eta halaxe eraman kontakizuna, urtez urte, txukun-txukun.
Ez zaitu konbentzitu. Ez datuak emanda, ez urteka joanda ordenatuko duzu zure baitako korapiloa. Edo bai, akaso ordenatzeko moduak denak dira onak, alfabetoa, matematika, eta zer esan zenezake zeure buruaz, ez badira hizkiak eta zenbakiak. Hori bai, txukun idatzi.