hurrengoa
lirio zuriak amets zituen soldadua Mahmud Darwish   Lirio zuriak zituen amets, olibondo adarra, arratsean loratzen diren maitearen bularrak. Amets, hala esan zidan, txori bat eta laranja loreak.
Ametsa konplikatu gabe, berak aditu... eta sentitu bezala hartzen zituen gauzak.
Aberria, hala esan zidan, amaren kafea dastatzea da ilunabarrean etxeratzea.
Eta lurra? Egin nion galde.
Haren erantzuna: Ez nuen ezagutzen.
Ez nuen sentitzen nire azala eta nire bihotza zenik,poemetan esaten den gisan.
Baina halako batez ikusi nuen denda bat... karrika bat... egunkariak ikusten diren moduan.
Nik galde: Maite duzu? Berak: Nire maitasuna osteratxo bat da godalet bat ardo... mentura bat. — Emanen zenuke bizia lurragatik?
— Ez!
Lur honi ez nau lotzen editorial batek... mintzaldi sutu batek besterik!
Harenganako maitasuna maitatzen irakatsi didate. Baina ez dut sentitu haren bihotza neurean urtzen.
Ez dut usaindu haren belar, sustrai, adarrik...
— Zeren antza zeukan harenganako maitasunak? Eguzki erregarriarena... nostalgiarena?
Heldu zion:
― Fusila dut nik maitasunerako bidea antzinako aztarnetatik jasotako festak noizkoz eta sorburuz datarik gabekoa den estatua zaharraren isiltasuna!
Adioen uneaz aritu zitzaidan amaz malko isiletan han nonbait frontera igorri zutelarik...
Haren zotin ahotsaz nahikari berri bat grabatzen bere larrupean:
A, usoak ugarituko balira defentsa ministerioan, a, usoak ugarituko balira...!
Zigarreta bat erre zuen, gero odolezko basatza batetik ihes eginen balu bezala: Lirio zuriak ditut amets olibondo hostoa... zitroinondoaren adarrean goiza besarkatzen duen txoria...
— Zer ikusi duzu? — Neure egitateak, elorri gorriak harean zapart... bularrak... eta erraiak. — Zenbat hil dituzu? — Zaila da zenbatzea...
Baina behin bakarrik kondekoratu naute.
Galde egin nion, neure burua behartuz: Horrela baldin bada, deskriba iezadazu hildakoren bat.
Jarrera egokitu, egunkari tolestua laztandu eta honela esan zidan errepika bat kantatuko balu bezala: Haize-denda bat legarren gainean izar apurtuak besarkatzen zituen gizonak.
Odolezko koroa kopeta zabala lotzen eta dominarik gabekoa bularra ez baitzen ongi borrokatu. Nekazari, langile edo bideko saltzaile itxura zeukan. Haize-denda legarrean... Erreka lehor bana haren beso jausiak.
Eta izena bilatu niolarik sakeletan bi argazki aurkitu nituen bata... emaztearena bestea... alabarena... Galdetu nion: Tristatu zinen? Eten egin zidan: Mahmud, adiskidea, bataila-lekuan arrotza da tristura hegazti zuri hori.
Eta soldaduek bekatu egiten dute nahigabetzen badira.
Han, ni ez nintzen makina bat besterik su gorria jaurti eta espazioa hegazti beltza bihurtzen. Geroago bere lehen amodioaz aritu zitzaidan urruneko karrikez gerraondoko erreakzioez irrati-egunkarietako harrokeriez.
Eta eztula zapian ezkutatu zuelarik, galde egin nion: Ikusiko ote dugu elkar berriz? Urruneko hiriren batean, haren erantzuna.
Laugarren godaletean nik, zirikan:
Bazoaz beraz... Eta aberria? Berak orduan: Laga bertan... Lirio zuriak txintaka egiten duen karrika eta argitan den etxea ditut amets. Bihotz on bat nahi dut, ez munizioa.
Egun eguzkitsu bat ez garaipen... faxistak ematen digun une bateko zoramena.
Egunari barre egiten dion haur bat nahi dut ez leku bat gerraren makinan.
Egun argitzeak bizitzeko heldu nintzen hona ez iluntzeak.
Adio egin zidan... Lirio zuriak olibondo adarraren gainean egunari diosala egiten dion txoria zituen helburu.
Berak aditu... eta sentitu bezala hartzen zituen gauzak.
Aberria, hala esan zidan, amaren kafea dastatzea da eta ilunabarrean lasai etxeratzea.