hurrengoa
refn: ekaitzaren aurreko barealdia    Oraindik ez da sartu zine zuzendarien Olinpoan. Baina Hollywood-ek sarea bota, eta ez dio ihes
egiten utziko. Datozen urteotan, orain arte publiko orokorrarentzat ezezaguna izan den Nicolas
Winding Refn alfonbra gorriko ohiko izarren izenen alboan ikusiko dugu. Horregatik aukeratu
dugu Danimarkan jaio eta New Yorken hazi eta hezi zen zuzendari honen inguruan idaztea. Orain
arte behintzat, berak zuzendutako filmak interesgarriak eta begirada propioz eginikoak iruditu zaizkigulako.

Estreinatu duen azken filmagatik, Drive (2011), zuzendari onenaren saria eskuratu du Cannes-ko
zinemaldian. Eta suposatzen dugu haren bizitzak sekulako aldaketa pairatuko zuela. Proiektu ugari
eskainiko dizkiote eta mundu osoko zinemaldiak ate joka izango ditu. Guk aspaldian ezagutu
genuen Refn. 1996an Donostiako Zinemaldian Pusher filma estreinatu zuenean, hain zuzen ere. Droga trafikatzaile arrunt baten joan-etorriekin Kopenhagenko aurpegi beltza erakutsi zigun film
ilun eta entretenigarri hark arrakasta handia izan zuen. Beranduago, Pusher trilogia izatera pasatu zen 2004-2005. urteetan.

Refn-en filmografian aurki ditzakegu, halaber, arrazakeria eta bortxakeria ikuspuntu intimoago
batetik erakusten dizkigun Bleeder (1999) lana, eta John Turturro protagonista duen Fear X (2003)
thriller parasikologiko erdipurdikoa. 2008an filmatu zuen bere harribitxietako bat: Bronson. Komedia eta horrorea maisuki uztartzen dituen kartzela generoko film itzela. Eta inspirazioari eutsi zion bere ondorengo filman. Valhalla Rising (2009) lanarekin beste istorio mota bat kontatzeko gai zela erakutsi zuen. Kristo ondorengo 1000. urtean Eskozian kokatua, zineman apenas ikusi dugun gai eta garai baten film hipnotikoa egin zuen. Garapen harrigarria duen bidaia filme horretan bortxakeria ere nabarmena da.

Refn-en istorioetan bortxakeria ez da espektakulua. Ez du kamara geldorik, errepikapenik edo planu motzen erabilera tranposorik egiten. Errealitatean gertatzen den moduan, biolentzia uneak ziztadak dira, bat batean azaltzen eta desagertzen diren tximistak. Baina bortxakeria printza horiek guztia kutsatzen dute. Ekaitzaren aurreko barealdiek, ekaitza bera baino ezinegon handiagoa sortzen dutelako. Eta Reifn-ek primeran filmatzen du hori.

Talentu handia du Nicolas Winding Refn-ek. Molde amerikarrak erakusten dituen Drive pelikulan
ere erakutsi du bere iaiotasuna eta jakin du bere zigilua mantentzen. Tailandian grabatu berri
duen Only God Forgives eta thriller sexuala eta aspaldidanik lantzen dabilen I Walk with the Dead
lanetan ere bere bidea egiten jarrai dezala desio dugu. Espero dezagun Hollywood-eko klimak
etorriko diren bere filmen ekaitzak ez baretzea.