audio
hurrengoa

Fin

John Talabot

Azkeneko urteetan elektronikaren eszenak faltan
bota izan duen diskoa argitaratu du John Talabotek.
Aurpegia zilarrezko paperean ezkutatzen duen
musikariak hasieratik amaierara entzun beharreko
lana osatu du, single eta kantu bakarretatik haratago
doana. “Oro y sangre” da gure geltoki kuttunena,
baina bestelako diamante beltz batzuk ere aurkituko
dituzu ezinbesteko disko honetan.

hurrengoa

Samba Hop

Tom Tom Makuts

Doinu brasildarrek Gasteizko kaleak hartu dituzte.
Tom Tom Makutsen musikan doinu urbanoak biltzen
dira: hip-hopa eta jazza Hegoameriketako herrialde
horretako sustraidun doinuekin nahasten dute.
Instrumentuak astinduz lortzen duten rap organikoak
aspaldian faltan botatzen genuen jarrera, sendotasuna
eta, batez ere, nortasuna eskaintzen die.

hurrengoa

We walk around like this

Ray Lugo

Musikari geldiezina da Ray Lugo. Bakarkako lehen
diskoa dakar New Yorkeko Kokolo taldeko abeslariak.
Aurretik, Bahia love EPan, aurreratu zigun orain disko
luzean aurkitzen ditugun abestien nondik norakoa.
Herrialde afrikarretatik New Yorkeko Harlemera
doazen erritmoak bildu ditu, eta mundu osoko luxuzko
kolaborazioak izan ditu diskoko hamahiru abestietan
zehar. Oinak dantzan jarriko dizkizu.

hurrengoa

Raincoat

Thee Brandy Hips

Zaila da gero eta aspergarriagoa den indie eszenan
arreta piztea. Thee Brandy Hips donostiarrek gitarrak
zarrastatuz eta melodia goxoak hankaz gora jarriz
lortu egin dute. Energia berezia duten kantuak dira
hemen datozenak, eta horrek ematen dio dimentsio
berezia diskoari. Zure bizitzako soinu-banda sortu
dute “Nerves” kantuan. Heldutasuna? Zertarako?

hurrengoa

Visions

Grimes

1982an estreinatu zen Blade Runner-erako bidaia proposatzen digu Grimesek bere hirugarren diskoan. Ez dakit non amaituko duten gaur egun pop esperimentala egiten duten artista hauek; seguruenik, ez dira Ridley Scottek zuzendutako filma bezain gogoratuak izango, baina sinpletasunak ere funtzionatu dezakela erakusten duen adibide argienetakoa dira.

hurrengoa

Can´t kill a dame with soul

Kinny

Disko hau 2010ean izan zuen auto istripu larri bati aurre egiteko terapia izan da Kinnyrentzat. Estudioko bigarrren diskoa aurkezten digu improbisatzea gustuko duen abeslari honek. Askotariko erritmoak bildu ditu soul, jazz, reggae eta pop ukituak oinarritzat hartuta. Horri guztiari base elektroniko sendo bat batu dio, eta, bere ahots indartsuarekin batera, gainetik kendu ezin ditugun doinuak osatu ditu.