hurrengoa
charles bradley: impersonator bat bere buruaren bila    impersonator: artista ezagun baten itxura ahotsa, moldeak eta keinuak imitatzen dituena. “Soularen arrano garraisilaria” ezizenez ezaguna, Charles Bradleyren biografiari erreparatzen diogunean, bertan ikusten dugun ezer ez zaigu berria iruditzen. Pasa den mendeko erdialdean jaiotako AEBtako beltz askoren haurtzaro beretsua izan zuen. Amonak Floridan hezi behar izan zuen, zortzi urterekin ,NY-en lan egiten zuen bere amak Brooklynera eraman zuen arte. 14 urte zituenean, bere arrebak Apollo antzoki famatura eraman zuen James Brown ikustera. Eta une hartan bere bizitza aldatu egin zen. Hamabost urte bete zituenerako James Brownen ahotsa eta mugimenduak maisuki imitazen zituen.

Hurrengo pausoa etxetik ihes egitea izan zen. Bi urte eman zituen kaleetan bizitzen eta auto abandonatuetan lo egiten. Sukaldari lanpostu bat lortu zuen arte. Lankideek, James
Brown-en antza zuela esan ziotenean Charles-ek bere show-a egiten zien. Lankide hauekin talde bat osatu eta dozena erdi kontzertu eman zuten. Vietnam-go gudak, eskenatokiak
ohianarengatik aldatzea derrigortu zituen arte. Charles gazteegia zenez libratu zen. Mainen sukaldari gisa egin zuen lan beste 10 urtez. Abentura beharrak sukaldea utzi eta herrialdea auto-stopa eginez zeharkatzea bultzatu zuen arte. Seattle, Kanada eta Alaska ezagutu zituen, eta ziurrenik, horregatik geratu zen Californian bizitzen. Bertan, gaizki ordaindutako lan ugaritan ibili zen. Tarteka, James Brown-en “inpersonator” bihurtuta kontzertu txikiak ematen hasi zen. 1996. urtean, bere amaren beste dei bati erantzunez eta Brooklynera itzuli zen. Bertan, Black Velvet izeneko klub batetan, bere James Brown impersonator show-a arrakasta izaten hasi zen. Arrakastarekin batera arazo batzuk ere. Brown jauna eskenatokian imitatzearekin konformatu ez eta kalera ere ateratzen zuen haren klona. Eta ezaguna da James Brownek poliziarekin duen harreman luzea.

Daptone records-eko arduradun batek Black Velvet klubean bere ahots ozen, kraskatu eta sakona deskubritu zuen arte. Zigiluko talde ezberdinekin aritzeko kontratua egin zioten (Menaham Street Band eta The Bullets besteak beste). James Brown jantziak zintzilikatu eta armairuan gorde zituen. Charles Bradley, bere buruaren impersonator izango zen aurrerantzean. Iaz, bere lehendabiziko bakarkako diskoa kaleratu zuen No time for dreaming. Ez da jaio soul, funk eta rythm and blues lehergailu hau desaktibatuko duen artifizierorik.