• 1
  • 2
hurrengoa
cohen, leonard-ek marraztuta    Asturias printzearen saria jasotzen ikusi genuen publikoki azkeneko aldiz. Sari prestigiotsu gisa saltzen badigute ere, diplomarekin 50.000 euroko diru ordaina ekarriko ez balu nekez azalduko
litzateke inor Oviedoko gaiteroak entzun eta Letiziaren senarrari eskua ematera. Cohenen managerrak, 2006. urtean, maula egin eta xoxik gabe utzi zuen Montrealko artista. Maula horri esker joan zen aipatutako saria jasotzera. Eta manager putakumeari esker erretiroa utzi eta zorrak kitatzeko, mundu osoko eskenatoki
ezberdinetan jo behar izan du kanadiar alderraiak azken urteotan. Ez dugu esango gertatutakoaz pozten garenik…baino bai.

Itxurakeriarik gabe, mezu mesianikorik gabe, bizitzen jarraitzeko eta zorrak ordaintzeko abiatutako bira mundialak, Cohen, izarren
galaxian bizi beharrean mundu honetakoa dela erakutsi zigun. Jubilazioaren lasaiatsunarekin amesten duen musikari-poetalangileak Asturias printzea saria jaso zuen, Letiziaren senarrari
eskua eman zion, eta hitz bakar bat ere irakurri gabe, txekearen balioa justifikatzen duen hamabost minutuko eskertza hitzaldi liluragarria eskaini zuen:.

Cohen musikari eta poeta ezagutzen dugu. Guk ordea, Cohen marrazkilaria ekarri nahi izan dugu the baldera. Iruditzen zaigulako, bere eskuek edozein paper zatitan marrazten dutena Cohen baino, gehiago dela Leonard. Cohen historiara pasako da bere hitzak eta bere doinuengatik. Leonard-ek, bere marrazkiekin, ez du halako
zamarik bizkar gainean. Ezagunagoak dira akaso bere pinturak: emakume biluziak, gitarrak, paisaiaren bat. Pintura akademietan erakusten dizkizuten adibide tipiko eta topikoak. Koadro hauek ez zaizkigu bereziki interesatzen. Planifikazioa, hausnarketa eta denbora eskatzen duten koadro guztiek bezalaxe, traszendentzia
bilaketa kutsua dute. Guk, Leonardek bere buruari eginiko auto karikaturak maite ditugu. Segundu eskasetan eginiko autoerretratuak. Esaldi batekin
edo tokia eta eguna idatziaz marrazten dituen aurpegi azkarrak. Unean uneko eta tokian tokiko isla diren paper eta tintazko ispiluak. Instintuak eta zaletasunak bultzatutako bat bateko “ni” erlaxatu eta arinak. Cohen mozorroa kenduta, Leonard erakusten diguten zirriborro askeak. Denboraren iragana erakusten diguten
tintazko zimurrak.

Leonard eta Cohen. Cohen: gaztea zenean zaharren jakinduria zuena. Leonard: zahartzaroan gazteen ausardia duena.


grafitigilea eta lorazaina

1950. urtean Torontoko King Edward Hotela itxi egin zuten segurtasun arazoak zirela medio. Ez zuten berriro ireki eta mende erdia mamuen bizileku izan zen. Eraikuntza berritzeko
lanak egiten hasi zirenean, 17. solairuan, biktoriar estiloko pareta batean esaldi bat azaldu zen: “You have made my heart a garden” (Nire bihotza lorategi bihurtu duzu). 50 urtez, bertan izoztuta izan den beste grafiti anonimo bat izango litzateke idazkerari eta esaldiak esaten duenari erreparatuko ez bagenio. Leonard Cohen hotel ugaritan bizi izan da. I Am A Hotel film laburreko protagonista ere izan zen Cohen. Eta bertan azaltzen da bere bizitzako hotelen inguruan hizketan, horien artean Torontoko King Edward. Leonard, gaztaroan, (edo beranduago
mamu bihurtuta) hotelean izan zela sinisten dugu. Cohenek ez du inoiz onartu edo ezeztatu esaldi hura idatzi zuenik. Hotel batetan gertatzen dena, hotelean geratzen da. Lorazaina akaso berea ez zen lorategian zegoen…