hurrengoa
phantasma    Agerpena. Itzal monokromoa. Igatutako lanbro antropomorfikoa. Materia ezaz sorturiko materia. Hildakoen argia. Espektroa. Silueta. Teknika fotografikoa asmatu zen arte, finkatzea eta gordetzea ezinezkoa zen errealitate ikustezina. Definizioz definiezina den zerbait azaltzen saiatzea denbora galtzen ibiltzea da. Arrazoi horrexegatik, oraindik beste aldera bidaia egin ez duten mamuei erreparatzea erabaki dugu. Eta, lan horretan, Mursego eta Rafa Berrioren hitzek eta doinuek egin dute medium edo bitartekari lana. Bat baino gehiagorentzat, bi artista horien elkarlana ezustekoa izango da. Bi belaunalditatik
eta bi “mundutatik” datozen “espektroak” izanik, eremu berean bat egitea harrigarria bada ere, hori da, hain zuzen ere, phantasma izatearen abantaila. Aurreiritziak pareten moduan zeharkatu daitezkeela. Aspaldidanik dute elkarren lanarekiko miresmena, eta, azkenean, eremu berean egin dute topo.

Eta agertokiaren eremu horretan, Angel Aldarondo eta Edorta Subijanaren irudi lanari esker, ispilu dimentsio errepikakor baten bitartez, hainbat geruzatan azaltzen zaizkigu hezur eta haragizko, argi eta itzalez gorpuztutako Berrio eta Mursego. Edo Mursego eta Berrioren mamuak. Hitz, musika, irudi eta isiltasunaren bitartez gurekin bat egiten duten phantasmak.