hurrengoa
beethovenfries    Gustav Klimten Beethovenen frisoak atentzioa deitu digu. Gisa honetako muralei komiki tira erraldoi itxura hartzen diegu. Beti iruditu zaigu pintura honetan istorio ugari eta ezberdinak ezkutatzen zirela. Eta horrexegatik, munstroz gainezka datorren zenbaki honetan, idazle sorta bati ezkutuko istorio horiek azalaratzeko gonbita egin diegu.
Nik ere izan dut Klimt-en “Musua”rekin gela apaintzen zuen pisukide bat baino gehiago eta ozen esan dezaket ez naizela jende horretaz fio. Klimt ezerosoa zait: bere baretasun melenga, bere zorion ergela, mundua urrez eta lorez eta elkar maite duten gizon-emakumez beterik balego bezala. Klimt-en “Musua”ren atzean Hiroshima ikusi ezin duenaz ezin naiz fio, hori ikusi ezin duenak ezin baitu bere Hiroshima propioa ikusi. Aztoragarria zait inork erromantikoa iriztea erloju-bonba horri. Aztoragarria zait inoren etxean irudi hori ikustea, irudi horren jabearen eta nire arteko harremana hondatzeko bezain. Aztoragarria zait Klimt, austriar gehienak bezala: barruan daramaten munstroa mahai gainera ateratzen dutenean soilik aska naiteke, goza ditzaket. Horregatik baretzen nau “Beethovenen frisoa”k Klimt-en beste edozein perbertsio sasi ederzalek baino gehiago.

Eider Rodriguez



Basili,

Arrain-kiratsa, bata zaharra, haginak baino hagin-zulo gehiago, sudurretik zetorkizun ahots ulergaita. Auzokideen amona eroa, goiko solairuko terrorea, hiru hitzetako basanderea. Akordatzen? “Umea! Nora zoaz!” egiten zenuen oihu, eta nik
“kalera!”, izulaborri batean.

Damu dut orain beldur hori inoiz eskertu ez izana.

Ez dago goiko soilaruan munstroa bizi dela jakiteak eragiten duena baino baretasun bortitzagorik. Hura beldurgarria bada, gu ez. Hura gaiztoa bada, gu libre, salbu, zintzo, oso. Hura han, goian, pekatuan. Gu hemen, epel, amen. Ez naiz normala zu gabe, Basili. Zer da normala, ez bada zu ez dena. Normala naizelako jango nindukezu, munduko edozein etxetako eskaileretan harrapatuko baninduzu. Denetan bizi zara: umetako
nire etxean zein Klimt haurrarenean. Zeuk erakutsi zenion, ziur, alu zikineko sorgin hezurtuak eta andereño garbien artean munstruotasunaren horma eraikitzen.

Eman ote zizkizun eskerrak inoiz?

Nik ez, eta damut dut.

Barka nazazu, Basili, usteldutako zure bihotz zikin horrekin, eta bazka nazazu, horitutako zure hagin horiekin.

Irati Jimenez



Ezintasun txiki bat

Zazpi urte bete nituenean aitak logelan nuen Dragoi Bolaren posterra kendu eta, haren ordez, Gustav Kimten koadro bat zintzilikatu zidan. Tifon munstroaren altzoan gizona mehatxatzen
zuten indar guztiak ageri ziren han: gaixotasuna, zoramena, heriotza, lizunkeria. Denek zuten emakume itxura. “Ez zaitzatela ustekabean atrapatu, motel” esan zidan aitak.

Begiak zabaldu eta munstroaren aurpegia zen ohetik ikusten nuen lehenengo gauza. Irudiak begiak itxita ere jarraitzen ninduen. Telebista piztu eta munstroa pantailan ikusi nuenean
ezin izan nion paniko oihuari eutsi. Han zen munstroa, Gae eta Tartaroren semea, ingeles ikastaro bat iragartzen: “Hi, I’m Muzzy” zioen, baina nik banekien Tifon zela, atzetik zebilkidala, ez ninduela bakean utziko.

Urteekin kikiltzeari utzi nion. Gizona mehatxatzen zuten indarrei aurre egin ezin banien, saihestu egingo nituen. Gaixotasuna, zoramena, heriotza, lizunkeria. Emakume itxurarekin inguratu zaizkidan bakoitzean, iskin egin diet.

Ingelesa ikastera jarri naizenean, ordea, ezinezkoa izan zait: panikoak geldiarazi nau.

Katixa Agirre



Hau amets bat da

…ametsa ez bada zoramena aitortu beharko nuke; eta, gaur, ametsaren lausoan sentitzen naiz. Klimt bodegoi bat marrazten ari da, eta nik esan diot uhin koskak beti direla berde (!!). Esan dizut, bada, hau ametsa dela, eta King-Kong-ek San Mamesko arkua eskuetan hartu du. Begiratu nauenean izozkia zen San Mamesko arkua, limoizkoa. Ama azaldu da, izeko zaharra eta ez dudan ahizpa gazteena, eta denak Klimten inguruan dabiltza “Der Kuss (Musua)” margolaneko protagonista izan nahi dutelako. Ta nik esan eta esan ari natzaio Gustav-i, ezetz zerua gorria dela, eta euria sukaldeko kanila zabaltzerakoan baino ez dela jausten. Biolina jotzen ari naiz, sinfoniaren bat edo; jabetzerako, baina, eskuek egiten dute ez dagoen biolinarena. Ez nago izututa, eta begirada maltzurren artean King-Kongek gupida baino ez dit eragiten. Gustav-ek Hondarraitz marrazteari utzi dio eta begiratu nau, “Elsa, mien liebling, King-Kongen
azalak zurea ematen du”. Suminduta, berba bi ahotan esnatu naiz: Gustav kabroia!

Goizalde Landabaso



Zain

- ...Ta Mamarrua etorriko da zure bila!
- Ta nolakoa da Mamarrua?
- Haundi-haundia, bel-beltza, dena ilez betea…
- Ta zer egiten du Mamarruak?
- Kosk egingo dizu, ta jan egingo zaitu, ta ezingo zara inoiz haren barrutik irten. Ta ni zulo beltz, iletsu, hondorik gabeko hark noiz irentsiko zain gelditu nintzen, bertan gelditzeko toki hoberik ez zegoelakoan.

Ta halaxe segitzen dut, oraindik.

Xabier Mendiguren Elizegi