hurrengoa
kaixo silver!    Azken boladan honetan, kontent daude Donostiako lurrazpiko musikazaleak. Ez dugu esango mugimendu berri baten sorrera edo eszena baten jaiotza denik. Halakoak komunikabide generalista eta ke-saltzaileentzat utziko ditugu. Ziur gaude, ordea, urte batzuen buruan, garai hauek oroituko ditugula. ¨Markoinkonparable¨ko taberna-zulo eta klubetan, musikazale eta musikagileek osaturiko Ayo Silver bezalako egitasmoei esker, gure mutur, begi eta belarrien aurrean izan ditugu garagearen izen mitiko eta proposamen garaikideak (Subsonics, Night Beats, Chain and the Gang, Shanon and the clams, Cheap time…). Berriki ospatu den lehendabiziko Lurrazpiko musika festa ere antolatu dute. Alexekin hitz egin dugu maskararen atzean zer dagoen apur bat gehiago ezagutu nahian. Ayo Silver... izen mundiala…

Ba, bai! Edonoren eskura zegoen, eta ez dugu ulertzen nola ez duen beste inork erabili lehenago.

Zer dago begi maskara horren atzean? Sekta sataniko bat? Mezenas dirudun koadrila bat? Get-in edota Last tour-en underground adar
bat?


Hiru satanista dirudun! Oso kutrea da elkarrizketa
batean beste nonbait erabili duzun esaldi berarekinerantzutea, baina, oso ondo geratu zitzaigunez, ba, horra: akzioaren parte izan nahi dugu eta ez soilik akzioa pasatzen ikusi.

Bilboko lagun batzuek komentatu digute inbidia sentitzen dutela azken boladan Donostian dagoen musika-programazioa dela eta. Zuek bahitzeko asmotan omen dabiltza, Bilbon zerbait antola dezazuen…

Beti izan naiz oso Bilbo zalea eta amorrua ematen
dit Botxokoen aurrean batzuetan donostiarrok dugun konplexua, baina joder, egia da, azken aldian musikari dagokionez Donostia ikusgarri dago. Kontzertu ugari, oso anitzak, jende asko… Bilbok puntx-a galdu du klub eta taberna-zuloko
kontzertuei dagokionez; pentsatzen jarrita, ez zait bururatzen 100-150 pertsonentzat zuzenekoak
antolatzen dituen gustuko dudan zulorik. Bestetik,
Donostian ez dugu 300 pertsona hartuko duen areto pribaturik, eta udaletxearen asmo onaren dependentzia handia dugu. Oraingoz, primeran portatzen ari dira, baina ez dago guztiz fidatzerik.

Hemen oso aukera gutxitan entzuteko proposamenak ekartzen hasi zarete (garaje-rock-
punk-pop-txatarrero-dibertigarria…). Zuen zaletasuna nondik nora doan garbi dago. Zaila al da zuzenean entzun nahi dituzuen talde horiei amua bota eta inguru hauetara hurbiltzea?


Mmm, egia esan, taldeak hor kanpoan daude, eta
bista apur bat izan behar da, eta jakina, zortea
izan. Estilotik haratago, kalitate artistikoa duten proposamenak ekartzea da asmoa. Hau da, ezin da baieztatu Donostian eszena garagero bat dagoenik, adibidez, baina bada harritzeko prest dagoen eta kontzertuaren arratsalde berean taldea gustatuko zaion edo ez jakiteko informazioa bilatuko duen ikuslego zabal bat… Gakoa, beste behin, internet da. Baina gure kontzertuek gure gustuaz hitz egin behar badu, nahiko genukeena da jendeak flipatu dezala dugun gustu zabal eta anitzaz.

Eta diskoak kaleratzearena? Zer droga mota
hartu zenuten erabaki hori hartu zenutenean?


Ba, berdintsu. Formatu fisikoaren etorkizunari buruzko hausnarketetan sartu gabe, egia dena da, lanak pisu artistikoa badu, funtzionatzen duela. Ez da esperientzia propioa, oraingoz, baina erreferentziazko zigiluak diren Burger Records edo Trouble in Mind jarraitzen dute berean, eta batzuetan, aurre salmentan ere kopiak agortzen dituzte. Pazientzia izan beharra dago, gainera ostia, ez dago DISKO bat baino gauza EDERRAGORIK!

Hemen utziko dugu, eta zuen zilarrezko zaldian joaten utziko zaituztegu. Honekin guztiarekin aberastu zaitezten opa dizuegu... eta, hala ez bada, ia jabetu gabe dirua apurka-apurka galdu deza zuela boloak antolatzen jarrai dezazuen. Beste ezer esan nahi baduzu…

Eskerrik asko kasu egiteagatik!