• 1
  • 2
hurrengoa
zef da erantzuna    Zer da Zef? AEBetan white trash, Australian bogan eta Ingalaterran chav hitzak erabiltzen dira Zef zer den deskribatzeko. Antza badute, baina ezberdintasun handi eta garrantzitsu bat dago: Hegoafrikako Zef-ek modu baikor eta harroan bizi dute beren kultura. Beren auto kaskarrak modu elegantean tuneatzen eta apaintzen dituzte, eta beren izaera langileaz harro daude. Klase ertainekoak edo pobreak dira, baina beren burua elegante, sexy eta duin azaltzen dute beti. Autoekin eginiko konparaketa ez da hutsala. Zef izena ematen zitzaion Ford Zephyr autoari. 1950-1970eko hamarkaden bitartean auto modelo hura Hegoafrikako langilegoaren autoa zen. Nahiz eta urre eta diamante mehatzei esker langilegoaren
bizitza ez zen txirotasunera hurbiltzen, urruti zegoen gizarteko klase gorenetatik. Ez da ahaztu behar, gainera, langilego beltzarenaz gain, bazegoela Hegoafrikan multinazional depredatzaileek esplotatzen zuten zurien komunitate handi bat ere. Hain zuzen, garaiko Hegoafrikako gizarteko eliteak hasi ziren langile horiei Zef deitzen, gidatzen zuten auto modeloa zela eta.

Zef izendapena hartu eta horren atzean zegoen kultura zabaldu dutenak Die Antwoord izan dira. Afrikaner hizkuntzan, Die Antwoord hitzak “erantzuna” esan nahi du. Hain zuzen ere, Apartheid osteko Hegoafrikak munduari eman dion erantzun garaikide eta sozialena izan da Zef kulturarena. Hegoafrika oraindik apartheid-arekin eta Mandelarekin zerikusia duten istorioekin lotuta ikusten dugu. Munduarentzat, Hegoafrikako kultura Paul Simonen Graceland, Jhonny Cleeg & Sabuka, J.M. Coetzee nobel saridun idazlea eta Charlize Theron diren bitartean, Die Artwood-ek erakutsi digu hori guztia, klitxearen zati bat besterik ez dela, azken 30 urteotan gizarte eta kultura eztanda bat gertatu dela Hegoafrikan. Oraindik arrazakeria nabarmena bada ere, azalaren kolorearen gainetik, ekonomiari lotutako gizarte sailkapen bati lotuta dagoela (eta Ford Zephyrarren garaietan ere bazegoela) erakusten du.

Die Antwoord 2007an jaio zen. Ninja eta Yo-landi ViSSer bikotea dira taldearen muina (orain DJ HiTek gehitu zaie). Abiada biziko rap-elektronika nahasketarekin mundu osoko eszenatokiak sutan jarri dituzte. Hip hop-a eta rave-aren kultura Hegoafrikako kale-musikaren erritmoekin eta iruditeriarekin nahastuta zentzu guztiak lehertzen dizkizun bonba zikin bat da. Afrikans, xoxa eta ingelesez, leporaino bustitzen dira beren abestietan. Inongo lotsa edo zentsurarik gabe gustatzen zaienari eta gustatzen ez zaienari buruz kantatzen dute, amorruz beteriko errima eta erritmo dantzagarriz. Hasera batean, estetika eta irudi guztiz berritzailearekin azaldu zen Die Antwoord; txantxa bat edo marketing kanpaina zehatz baten emaitza zirudien. Oker geunden. Zef kultura, ordurako, Hegoafrikako hiri eta herrietako langile auzoen soinu-banda zen.

Die Antwoord-ek, gainera, musikan dagoen itxurakeria agerian utzi du bere jarrerarekin. Jakina da mainstream artistek ¨benetasuna¨ darion edozein gauza bereganatu nahi izaten dutela beren jarduera legitimatzeko eta kalera hurbiltzeko. Lady Gagak bere biran atarikoa egiteko eskatu zienean, Die Antwoord-ek ezezkoa modu ikusgarrian eman zioten: Fatty Boom Boom bideoa eginez. Kritika ugari ere jaso duen taldea da. Diruaren apologia, drogak, sexismoa, arrazaker...bere kabuz pentsatzen duen talde bat eta pentsatzen duena esateko beldurrik ez duena kontraesanetan jausten da; ezin da halakorik ukatu. Die Antwoord-ek, ordea, ez du sermoirik botatzen, ez dio inori esaten nola bizi behar duen. Haiek nola bizi diren soilik azaltzen dute. Zef izateaz harro daudela erritmo dantzagarri eta ludikoz zabaltzen dute, eta askatasun horrek hautsak harrotu eta ideologia guztietako pentsamolde kontserbadoreak molestatzen eta astintzen ditu.