hurrengoa
tativille    Jaques Tati 1907 an jaio eta 1982an hil egin zen. Tarte horretan, bere izenari lotuta egongo den zinema begirada propio bat sortu zuen.

Gaztaroan, musikaletan eta mimo gisa egin zuen lan. Eta garai hartan ikusi eta ikasitakoak bere ibilbide artistiko guztian izan zuen eragina. Haren filmak zinema mutuaren eta zinema modernoaren arteko zubiak dira. Batetik, zinema mutuaren inozentzia eta narratiba zinematografikoa uztartu zituen, eta, bestetik, II. Mundu Gerraren osteko industrializazioak gizartearengan zuen eraginari kritika egin zion modu ironiko baina zorrotzean. Guztia, apenas hitzik gabe, pertsonaia, objektu eta elementu eszenografikoekin koreografia perfektuak osatuz.

1958an, Tatiren Mon Oncle fillmak bi sari jaso zituen: hizkuntza atzerritarrean eginiko film onenari Oscar saria, eta Canneseko zinemaldiko sari nagusia. Arrakasta horri esker, bere aspaldiko ametsa filmatzeari ekin zion: Playtime. Film berri hau filmatzen hasi aurretik, Tati Europako hiriburuak bisitatu zituen, modernisten arkitektura aztertzeko. Bere haserako ideia Parisko hainbat lokaziotan filmatzea zen, baina ez zen gustora geratu egin zituen frogazko filmaketekin. Orly-ko aireportuan filmatzeko baimenik ez zuela jasoko jakin zuenean, irtenbide berri bat bilatu zuen.

Ez zen lan erraza izan. Asmo handiko filma zen, eta aurrekontu handia bazuen ere (garaiko 17 milioi libera), filmatze prozesu luzean zehar dirurik gabe geratu ziren behin baino gehiagotan. Arrazoi nagusia: Tativille. Filma egiteko Jaques Tatik Parisko periferian dagoen Gravelle guneko 15.000 metro karratuko gunean eraiki zuen hiria da Tativille. Filmaketak iraun zituen hiru urteetan (1964tik 1967ra), gora behera ugari pairatu zituen ekoizpenak . Besteak beste, ekaitz batek Tativilleko hain bat gune suntsitu zituen. Filmaketarekin jarraitzeko, argazki erraldoiak erabili zituzten, eta, tranpantojoei esker, Tativille epe laburrean berreraikitzea lortu zuten. Haserako aurrekontua asko puztu zen eta, filma amaitu ahal izateko, Tatik bere etxea saldu behar izan zuen eta Pompidou presidenteak, zinegileari kreditu berezi bat emateko agindua eman zuen. Tativille eraikitzeko gastatutako dirutzari buruz galdetu ziotenean, Tatik zera esan zuen:“Liz Taylor kontratatzea bezain beste kostatu zaigu Tativille eraikitzea. Bakoitzak bere lehentasunak ditu”.

Playtime filmeko protagonista Jaques Tatik berak antzezten duen Monsieur Hulot da beste behin. Filma sei zatitan dago banatuta: aireportua, bulegoak, asmakizunen erakusketa, kristalezko paretak dituzten apartamenduak, lorategia eta
auto-karrusela. Gune horietan, Monsieu Hulot eta iritsi berri diren turista amerikar batzuen ibilbideari jarraitzen diogu, eta hiriaren ingurugiroak gizakiarengan duen eragina ikusteko aukera ematen di gu, Tatik beti proposatzen dizkigun irudi eta soinu jokoekin. Modu fin eta ironikoan, gizarte modernoari eta hark sortutako urbanismoari kritika egiten zaio. Playtime filmaren haseran, jendeak arkitektoek diseinaturiko ereduei jarraitzen diete. Eraikuntzek sortzen dituzten lerroak eta espazioak errespetatuz mugitzen dira, ingurunearen preso egongo balira bezala. Arkitektura bera da filmeko protagonista nagusia, beste pertsonaien jokabideari zuzenean eragiten diona. Baina gradualki, arkitektura lerroen zorroztasuna lausotuz doa, eta gizakiak beren arteko harremanak hestutzen hasten dira, inongo
lerro zuzenik esistitzen ez deneko amaiera batera iritsi arte.

Tatik hiriaren funtzioa aztertzen du Playtime filman. Bizitza, lana, garraioa, aisialdia… Paradoxikoa bada ere, Tatik, gizarte modernoa sortzen ari zen hiriekin kritikoa bazen ere, hiri horien arkitekturarekiko zaletasun eta jakinmin handia zuen. Hirien deshumanizazioa agerian uzten du, batetik, baina uneko arkitektura eta diseinu garaikidearekiko lilura erakusten du, bestetik. Haren film guztietan errepikatzen den kontua da. Mon Oncle filmeko Villa Arpel etxe modernista oroitzea besterik ez dago: geometriak, koloreak, plastikoa, garage automatikoa, lorategiko bidexka, sukalde laborategia, arrain itxurako iturria… Batetik, garbitasunaren eta minimaltasunaren ideiaren atzean dagoen ergelkeriari kritika. Bestetik, ergelkeria horrek esk aintzen duen jolaserako aukera ludikoa.

Playtime-k kritikaren laudorioak bai, baina ikuslegoaren txalorik ez zuen jaso. Porrot ekonomiko itzela izan zen eta, saiatu bazen ere, Tatik ez zuen lortu Tativille salbatzea. André Malraux-ek (idazle egolatra eta garaiko Frantziako
kultura ministroak) Tativille botatzeko agindua eman zuen. Ongi pentsatuta, Tatiri egin zaion mesederik handiena. Aurrerantzean, iragan mendeko erdialdean Europa zaharrean esistitu zen ¨hiririk¨ modernoena ezagutu nahi duenak Playtime ikusi beharko du.