paperpapers
hurrengoa

cuentos de la estrella legumbre

javier olivares

Ilustratzaile handi honen enkarguzko lan ugari ikusten dugu han-hemenka, baina, guri, haren lanen artean, gehien gustatzen zaiguna duela 15 bat urte martxan jarri zuen proiektu pertsonala da. Hainbat aldizkari, fanzine eta argitalpenetan, Cuentos de la Estrella Legumbre izeneko ipuin labur ilustratuak argitaratu zituen. Marrazki txuri-beltz indartsuak, poesia eta umore beltzez gainezka egiten duten testuekin. Ipuin guztiak zenbatzen zituenez, aldizkariren batean ipuin ilustratu berri bat ikusten zenuenean, penaz deskubritzen zenuen aurretik zenbat galdu zenituen, nork daki non argitaratuak. Media vaca editorialak guztiak batu, eta bilduma eder batean argitaratu zituen arte. Sakabanatuta zeuden izarrek primerako konstelazioa osatzen dute elkarrekin. Maisulana.

hurrengoa

sinplistak

hedoi etxarte

Sinplista hitzak esannahi bat baino gehiago izan ditzakela jakinda ere, izenburuak dioena ukatuz, Hedoi Etxarteren poesia ez da batere sinplista. Izena eta abizena dute bere poemetako protagonistak. Nor demontre da Dritëro Agolli? Wikipedia: Dritëro Agolli: albanian poet writer, politician... Poesiarekin gauzak ikasten ez ditugunik ezin esan. Gazteak izan arren, oso prestatuta dagoen belaunaldiko partaidea da Etxarte. Gordina da haren poesia. Ez du hitzik aurrezten, ez du edertasun filtrorik erabiltzen. Kalekoa da, kaletarra baino; akademikoa, akademizista baino. Poetak erreakzioa, erantzuna, bilatzen du, zaurian gatza botatzen dizu; probokatzailea da zentzurik txarrenean, benetako probokazioak beti makurra behar duelako... eta guzti horregatik maite dugu.

hurrengoa

kodeen liburua

simon singh.

Kodeen inguruko istorioak eta ezaugarriak azaltzen eta aztertzen dituen liburu hau hizkuntza ugaritara itzuli da eta best seller bat izan da hainbat herrialdetan. Orain, Elhuyar fundazioak itzulita, euskaraz gozatzeko aukera ere badugu. Egileak, Simon Sigh matematikari eta fisikari ingelesak, zientzia zabaltzeko hainbat liburu idatzi ditu. Irakurri berri dugun lan honetan, kodetzeko sistemak aztertu, eta historian zehar izan duten garapenaren azalpenak ematen dizkigu. Deskubrimendu ederra izan da kodetze eta enkriptatze-sistemak ezagutzea eta historian zehar kodetzeak izan duen garrantziaz jabetzea. Thriller baten moduan irakurtzen den liburua.

hurrengoa

aldamenekoa

ainara gorostizu

Liburuaren izenburua irakurri bezain pronto jabetu ginen irakurtzera gindoazena ezberdina izango zela. Izenburua jartzerakoan, egileak erabil zezakeen, adibidez, besteak, kanpotarrak, etorkinak... baina aldamenekoak aukeratu du. Eta aukera horretan laburtzen da liburuaren tonua. Zerbait gertatzen denean soilik ( dramatikoa eta ezkorra normalean) azaltzen dira etorkinak komunikabideetan. Gorostizuk komunikabideei interesatzen ez zaien beste denbora-tarte horietan oinarritu du bere kazetaritza lan hau. Mundu osotik etorritako jendea, orain eta aurrerantzean, ¨gu eta gutarrak¨ direla esaten digun lan
interesgarria da Aldamenekoa.