hurrengoa
durduzaturik: guda optikoa    Jirafa, zebra edo jaguarra oso nabarmenak eta agerikoak dira museo batean ikusten badituzu. Baina naturan, batez ere mugimenduan daudenean, ia ezinezkoa da gure begiez non eta nola dauden ikustea.
I. Mundu Gerran, Ingalaterrako Royal Navyn marinel zen Norman Wilkinson artistak proposamen ero bat egin zuen: guda-ontziak naturan ia ikusezin bihurtzen ziren animalien moduan margotzea. Eta, azterketa psikologiko bat egitera bidali beharrean, bere proposamena aztertu eta onartu egin zuten.

Milaka guda-ontzi eta ontzi komertzial margotu zituzten marra zuri-beltzez. Eta modu berean margotu zituzten beste hainbat guda-ibilgailu eta arma astun ere. Berez, ez zen kamuflaje soila. Asmoa ez zen ontziak ikusezin bihurtzea, baizik eta efektu optikoak sortzea forma geometriko ez erregularrekin. Modu horretan, zailagoa zitzaion etsaiari barkuaren distantzia, norabidea, abiadura
eta tamaina kalkulatzea.

Gutxi gora behera, 4.000 ontzi ingeles margotu ziren I. Mundu Gerran; Ingalaterran ez ezik, gudan parte hartu zuten beste herrialdeek ere (Frantzia, Alemania...) Norman Wilkinson marinelak
asmatutako teknika erabili zuten. Artista askok guda osoa pasa zuten portuetan barkuak margotzeko diseinuak asmatzen eta margolanak zuzentzen. Edward Wadsworth artista bortizistak koadro ugari marraztu zituen I. Mundu Gerran diseinatu zituen
2.000 barku-marrazkietan oinarrituta.

II. Mundu Gerraren hasieran ere, barkuak marra zuri beltzez margotzen hasi ziren, baina berehala jabetu ziren erradarraren eta neurketa-sistemen teknologiarekin eta guda-hegazkinen garapenarekin iruzur optikoak ez zuela emaitza onik ematen. Zuri-beltzaren ordez, ingurunearekin kamuflatzeko egun ezagutzen ditugun koloreak eta formak sortu zituzten.