hurrengoa
major lazer    Major Lazerrek, 1984. urtean Jamaikan izan zen zonbien aurkako guda sekretu batean beso bat galdu zuen. Besoa zegoen tokian laser pistola erraldoi bat jarri zuen. Orduz geroztik, banpiro, mamu eta zonbien aurka borrokatzen du. Hori dio behintzat, “Geiperman” itxurako animaziozko pertsonaia honek. Major Lazer, Diplo eta Switch DJ ezagunek sortu zuten 2009. urtean. MIAren diskoaren ekoizpenean elkar ezagutu eta beren alderdi basatienari ateratzen uzteko proiektu baten beharra sentitu zuten. Elkartu eta berehala disko bat grabatzeari ekin zioten Jamaikako Tuff Gong estudio mitikoan. Diskoari, Guns Don´t Kill People... Lazers Do izenburua jarri zioten eta atera zen unean bertan sekulako sarraskia eragin zuen dantza pistetan. Major Lazerrek, elektronika, dancehall, reggae, trap eta soca estiloen berrirakurketa egiten du. Kolaboratzaile ugariren ahots eta doinuen laguntzaz, estilo ezberdinen nahasketatik estilo propio moduko bat lortu dutela esan liteke. Karibeko musika erritmikoari elektronika berniza pasa eta XXI. mendeko ¨kluber¨-en aldakak apurtzeko musika egiten du Major Lazerrek. 2011. urtean Original Don ep-a kaleratu zuten eta ordurako gauza jakina zen: Major Lazer ez dago adi kalean gertatzen denari, kalea dago Major Lazerrek zer kaleratuko duen zain. Major Lazer proiektuaren hiru ardatzetako bat aipatu berri dugun eklektizismo musikalaren eztanda da. Bigarren ardatza irudi arloa litzateke. Major Lazerrek, Gorillaz-ek ireki zuen bideari jarraiki, animazio pertsonaia batean ¨haragitu¨ da. Major Lazerrek beste inork baino hobeto asmatu du edozein pop ikonografia bere bihurtzen du. Telesail eta bideojokoak, punka, jantzi marka ezagunak, gizarte mugimenduak,... Major Lazerrek bere turmix-atik pasa eta ikonografia propioa sortu du. Irudi unibertso honetan berebiziko garrantzia izan dute bideoklipek. Eric Wareheim-ek 2010. urtean zuzenduriko Pon de Floor edo Keep it Going Louder, garai batean Michel Gondryren piezek sortu zuten iraultza estetiko bera suposatu zuten.

Aurten, apirilean kaleratu berri dute bigarren lan luzea: Free The Universe. Switch-ek proiektua utzi eta orain Diplo, Jillionaire and Walshy Fire DJ eta ekoizleekin batera dabil. Entzulego orokorrarentzat Major Lazer ezezagunak dira. Gurean oraindik existitzen da karibeko musika popularraren kontrako aurreiritzirik. Major Lazerren musika eta hitz basatiek ez du lekurik irrati formula orokorrean. Honek hirugarren ardatzera eramaten gaitu. Hain zuzen ere proiektu honen arrakastaren hirukia osatzen duena: zuzenekoak. Major Lazerren zuzenekoak beste munduko zerbait dira. Energia-iturri berri baten alde apustua egin beharko bagenu... Lazer energia litzateke. Milaka entzule, ikusle eta dantza zaleek badaki hori. Eta hain zuzen ere Major Lazerren sekretu hori da MIA, Beastie Boys, Wyclef Jean, Snoop Dog, Buraka Sound System, Bruno Mars, Thom York, No Doubt, La Roux, Beyonce, Bruno Mars, Santigold eta beste hainbat musikarik bilatzen dutena beren atea jotzera hurbiltzen direnean.

majorlazer.com