hurrengoa
jesuita falsifikatzailearen pintzel luzea aitor azurki   Iraultza faltsifikazioen bitartez. Azken hiru hamarkadotan dozenaka margolan faltsu eman ditu Mark Landis faltsifikatzaileak AEBetako hamaika museoetan. Trukean dolar bat ere eskuratu gabe. Egungo faltsifikatzaile handienetakoa dugu. Artea plagiatzailea edo iraultzailea dela zioen Paul Gauguin margolariak; baina, zer gertatzen da biak uztartzen direnean? Hau da Mark Augustus Landis (Virginia, AEB, 1955) faltsifikatzaileak –nahita edo nahi gabe- erdietsi duena: Ameriketako Estatu Batuak asaldatu ditu artelan ospetsuen bere kopiekin. “Gure garaiko arte-faltsifikatzailerik emankorrena” izendatu du New York Times egunkariak. FBI bera ere atzetik eduki du. Izan ere, makina bat instituzio estatubatuar engainatu baitu gutxienez azken bi hamarkadotan, bere gurasoen izena emanez, Picasso, Daumier eta Signac bezalakoen artelan faltsifikatuak donatuz. Gurasoen izenean, tori gezurra! Hala ere, kalean da Landis, aske, ez baitu, antza, deliturik. Baina, nola liteke hori? Honatx istorioa:

Ezbairik gabe, Matthew Leininger erregistratzailearen izenarekin loturik egongo da betirako Mark Landisen izena. Oklahomako Arte-Museoko erregistradorea zen Leininger 2007an. Egun batez, gizon misteriotsu batek Louis Valvat margolariaren artelan bat donatu zuen. Landis bera zen. Esku zabalik hartu zuten hasieran; baina berarekin aurrez aurre izan ondoren, “asmo ilunak” ezkutatzen zituela sumatu zuen; jarrera bereziko gizona zen. Susmagarria oso. Hala, Leininger bere kabuz kasua ikertzeari ekin zion, besteak beste, estatubatuar museoetara hots eginez. Eta emaitza bat-batekoa izan zen: gizon arraro horrek Oklahomako museoari emandako margo berdin-berdina zuen Savannah Arte- eta Diseinu-Unibertsitateak. Tranpa desestalita: margolari famatuen hamaika margolan berdin AEBetako hainbat instituzio txikietan zeuden, denak Landisek utzitakoak azken bi hamarkadotan.

Hori gutxi balitz, faltsifikatzaileak 2009tik 2012ra mozorroturik lau goitizen erabili zituen bere gezurrak borobiltzeko: Steven Gardiner, Mark Lanois, eta Arthur Scott zein James Brantley; azken biokin apaiz jesuita gisa. Elizaren izenean, tori gezurra! AEBetako bazter guztietara zabaldurik zuen engainua. Harri eta zur, denok gure buruari egiten diegun galdera bera egin zion Leiningerrek: “Zergatik?”. Izan ere, Landisek ez baitzuen sekula bere jardunetik xoxik irabazi. Ondorioz, ez du deliturik. Hori dela kausa, poliziak ezin atxilotu du Landis. Gurasoei izen ona ematearren egiten zuela diote batzuk, askotan ere euren izen faltsuak emanda. Ohorearen izenean, tori gezurra!

Filantropia ote?

Hortaz, hona bigarren galdera: filantropia ote gezurtero honen xedea? Erantzuteko, nor bera baino hobe: “Gauzok ikusteak bost axola dit. Ikusita ditut jada. Hori ona dela esaten duenik ba al da? Bai, hori ona litzateke”. Filantropiaren izenean, tori gezurra! Eskizofrenia-tratamenduan izan zela diote. Bipolarra omen orain.

Hirugarren galdera segidan dator: “Zenbat instituzio engainatu ote ditu?”. 17.000 instituzio izaki AEBetan… Auskalo! Jada askok badakite Landisek engainatu dituela, baina mutu geratu dira, euren hankasartzea ez onartze aldera.

Gauzak horrela, Financial Times egunkariak 2011ean gizon honen maula argitara eman zuen, bere aitormenarekin batera. Baina, horrek ez zuen Landisen engainu-grina eten, alderantziz baizik: gaur egun bere faltsifikatzaile-ibilbidearekin jarraitzen du; bosgarren ezizen batekin. Egungo artelan faltsifikatzailerik handiena bere horretan dirau. Aske. Engainatzeko prest. Nor ote hurrengoa? Kontuz!