hurrengoa
gaza locals    Gaza herrixka ezberdinez osatutako eremu bat da. Pinturarik ezagutu ez duten pilatutako etxe higatu zaharrak. Eremu horretan ere badira nekazariek lantzen dituzten lurrak, olibondo eta laranjondoak eta Israelgo ejertzitoaren fusiletako bidean izaten diren artzain ausartek zaindutako ahuntz eta artaldeak. Hori da komunikabideetan ikusten dugun Gaza. Gaza ordea itsasoari begira bizi den lurraldea da. Gazako arrantzaleak egunero ateratzen dira utzi dieten itsas zati eskasean ahal dutena arrantzatzera. Gazako biztanleak bestetik hondartzan topatzen dute aisialdirako gune bakarrenetarikoa. Eta azken urteotan, bada surf-a deskubritu duenik.

Gobernuz kanpoko erakunde pare batek eramandako surf oholei esker, hondartza begiraleak eta neska-mutil gazteak surfa deskubritu dute. Gazako surflariek, orain arte behintzat, ez dute ezagutu guk bizi dugun ¨kutsadura¨. Ez dituzte markak ezagutzen, ez aldizkari edo surf izarrak (Mahmoud Moodi ez ezik, Gazako hondartzetako Mitch Bucanan eta bertoko surf txapelduna), ez dute Hawai edo Kaliforniako olatuen berri (ziurrenik Hawai eta Kalifornia non diren ere ez zaie gehiegi inporta), eta ¨surfari¨ kontzeptu bera, utopikoa da Gazatik ateratzea indarrez inposatua eta debekatua duen norbaitentzat.

Eta sekulako zortea dute. Ez gaizki ulertu. Surfaz soilik ari gara. Surfa bere izaera basikoenean ezagutzeko aukera izan dutelako. Gazakoak ez dira munduko hondartzarik ederrenak edo garbienak, olatuak (daudenean) ez dira bere kalitateagatik surflari kanpotarrak erakarriko dituztenak, surf oholak eguzkiak horitu eta behin eta berriro konpondutako ¨katxarroak¨ dira, ez dago babesturiko lehiaketarik, baina esperientzia, gozamen, jarrera eta bizimolde gisa, Gazako surf “local” izatea bezalakorik ez dagoela esango genuke. Ez du parekorik, masifikaziorik gabe, lagunekin mundu berri bat deskubritzen ari zarenaren sentsazio horrek.