hurrengoa
oscar sariari gorputza eman zion uxeta labrit   "Barka beza Santitate, baina ni mexikar indioa naiz, espainolek sekula konkistatu ez zituzten horietakoa. Nik Huitzilopochtli-n sinisten jarraitzen dut eta santu eta mirarietaz ez dakit ezer". Hitz horiekin erantzun zion Emilio "Indio" Fernández-ek Pio XII.-ri (faxisten kanoiak bedeinkatzen zituen aita santuari, honek pelikula erlijiosoak egiteko 10 urteko kontratua eskaini zionean.
Emilio Fernández Romo (Mineral del Hondo Coahuila,1904 - Ciudad de México; 1986) Kikapu etniako emakume indigena eta harekin ezkondu zen etorkin espainiar baten semea zen. Familia txiro eta baztertua izanik, eta bere aitaren pausoei jarraituta, eskola utzi eta iraultza Mexikarrean borrokatzera abiatu zen, Adolfo de la Huerta iraultzailearen gudarostean. Ia nerabezaroa amaitu aurretik koronela izatera iritsi zen. Adolfo de la Huerta atxilotu eta AEBtara bidali zutenean Emilio-k bide berea hartu zuen. AEB-tan, etorkinek egiten zituzten lanetan aritu zen. Horien artean Hollywood-en extra eta eszena arriskutsuetarako doble gisa aritu zen. Eta ez soilik aktoren doble. Metro Goldwyn Meyer etxeko Cedric Gibbons-ek Hollywood-eko akademiaren sariak berritzeko asmoa agertu zuenean, garaiko MGMko izarra zen Dolores del Riok, tarteka haiekin lan egiten zuen gazte batek eskultura egiteko modelo egokia izan zitekeela aipatu zion. Emiliok hasera batetan ezezkoa eman zion Oscar sari berrien gorputz modelo izateari. Ez zegoen eskultorearen aurrean biluzteko prest. Doloresen enkantuek eta dolar batzuk haserako ezezko hura aldatzea lortu zuten.
1930. urtean Mexikoko gobernuak amnistia eskaini zuen eta etxera itzuli zen. Ordurako bere ibilbidea markatuko zuen Serguei Einsestein-en "Que viva Mexiko" film amaitu gabea ikusia zuen. Lan ezberdinetan aritu zen beste behin, baina tarteka aktore gisa papertxoak lortzen hasi zen. Apurka-apurka bidea egiten hasi zen Mexikoko zinemagintza ahulean. 1941ean zuzendu zuen bere lehen filma: "La isla de la pasión". 1943. urtetik aurrera burugogor eta temati, makina bat pelikula filmatu eta makina bat sari jaso zuen Cannes, Venecia eta Donostiako jaialdietan besteak beste. Urtero bi edo hiru film egiten zituen langile eta bizizale amorratu honek. 50. hamarkadatik aurrera bere errekonozimenduaren gainbehera etorri zen. Bere zinea sinplea zen, Mexikoko indigena eta nekazarien harrotasuna erakusten zuena. Gaztetan Iraultzan aldarrikatu zituen balio eta helburu bereak. Errepikakorra izaten hasia zela kritikatu zitzaion. "Indio" Fernández ados zegoen "herria, ur gabezia, txirotasuna,... errepikakorrak dira milioika mexikarrentzat".
Emilio "Indio" Fernandez-en bizitza rantxera bat izan zen. Ahoberoa, apustularia, emakume zalea, mozkorra, matxoa, lagunen laguna eta etsaien amesgaiztoa. 1970. urtean, bere etxe alboan kanpamendua jarri zuten ijito batzuekin parrandan zebilela, 3 nekazari mozkor hurbildu eta ijitoei tiroka hasi ziren. "Indio" Fernandezek bere pistola atera eta suari erantzun zion. Nekazarietako bat bertan akabatu zuen. "Indio" kartzelara sartu zuten baina ez zuen denbora gehiegi eman bertan. Kontraesanez eta argi eta itzalez betetako pertsona izan zen (hezur haragizko pertsona ororen moduan). Konkistatzaileen eta konkistatzaileen aurka borrokatu zutenen odola zuen zinemagile honi ezin zaio ukatu ordea bere herrialdeko behartsuenen alde jarri zuela bere kamara, talentua eta bihotza.

filmografia:
* La isla de la pasión (1941)
* Flor silvestre (1943)
* María Candelaria (1944)
* Las Abandonadas (1945)
* Bugambilia (1945)
* Pepita Jiménez (1946)
* Enamorada (1946)
* La Perla (1947)
* The Fugitive (1947)
* Río Escondido (1948)
* Maclovia (1948)
* Salón México (1949)
* Pueblerina (1949)
* La Malquerida (1949)
* Duelo en las montañas (1950)
* The Torch (1950)
* Un Día de vida (1950)
* Vítimas del pecado (1951)
* Islas Marías (1951)
* La Bienamada (1951)
* Siempre tuya (1952)
* Acapulco (1952)
* El Mar y tú (1952)
* Cuando levanta la niebla (1952)
* La Red (1953)
* Reportaje (1953)
* El Rapto (1953)
* El Rebelión de los colgados (1954)
* La Rosa blanca (1955)
* Nosotros dos (1955)
* La Tierra del fuego se apaga (1955)
* Una Cita de amor (1958)
* El Impostor (1960)
* Pueblito (1961)
* Paloma herida (1963)
* Un Dorado de Pancho Villa (1967)
* El Crepúsculo de un dios (1969)
* La Choca (1974)
* Zona roja (1976)
* México Norte (1979)
* Erótica (1979)