hurrengoa
zer zara, zor zara    AEBetan, badago dirudik ez izatea baino okerragoa den zerbait: zorrik ez izatea. Dirurik ez duena pobrea da. Dirua bai baina zorrik ez duena, ordea, susmagarria da. Hiritar estatubatuarra, familia estatubatuarra, kredituak itota bizi da. Hori da hiritar zintzo eta probetxuzko baten egoera normala. Unibertsitatera joan nahi duenak, ebakuntza bat behar duenak, negozioa jarri nahi duenak, etxea erosi nahi duenak...alegia, probetxuzko hiritar izan nahi duenak, burua banku bati lotuta izan behar du betirako. Eta berdin dio dirutza egin baduzu. Hiritar zintzoak kreditu gehiago eskatu behar du ¨hazten¨ jarraitzeko eta gehiago sortzeko.

Lotura hori zor historialarekin neurtzen da. Eta edozein tokitan eskatuko dizute zorren historiala. Etxe bat alokatzerakoan, negozio bat jartzerakoan… Zorrak definitzen zaituela esan genezake. Ondorioz, halako dokumenturik ez duena susmagarria da. Zer klasetako delinkuentea zara zorrik behar ez izateko? Nondik atera duzu dirua? Zer estatubatuar mota da duena baino gehiago izan nahi ez duena? Gizarte osoa zorretan itota izatea baino kontrol sozial hoberik otutzen norbaiti?

esku dirua

Aurreko errealitatea hiritar estatubatuarrena da. Bada, ordea, AEBetan bizi baina hiritar titulua merezi ez duen beste gizaki segmentu bat: etorkin "ilegalak". Etorkin ilegalek paperik ez dutenez, ez dute gaitasunik banku batean kontu korrontea irekitzeko. Zorretan sartzeko modu ¨legala¨ ere ukatzen zaie. Baina, AEBetan, beste guztiaren gainetik etekinari begiratzen zaionez, ezin pasatzen utzi langilego indar merke hori, beraz, etorkin ilegalei ez zaie lanik falta. Eta lan horren truke irabazitakoa ezin dutenez bankuetan sartu, etxeetan gordetzen dute. Esku-diru kopururik handienak etorkin ilegalek maneiatzen dituzte.

Geroz eta zailagoa da esku-diruarekin soilik bizitzea. Nola erosi edo alokatu etxe bat? Zer aukera auto bat erosteko? Telefono bat lortzeko? Argindarra ordaintzeko? Ordainketak kontu korrontearen bitartez egiteko aukerarik ezean, toki batetik bestera dirua poltsikoan edo poltsan gordeta ibiltzera derrigortuak daude. Bankurik
gabe bizi denak ez du mailegurako aukerarik, ez eta zorretan egoteko aukerarik; eta hori, herrialde honetan, edozein hesi edo murru baino muga handiagoa da.

Hiritar legalei dirua eskuetatik kentzea eta merkatuei gestionatzen uztea helburua den moduan, hiritar ilegalei dirua eskutan derrigortzen zaie; garatzeko aukerak ezabatzen zaizkie eta lan indar merkea izaten jarraitzen dute modu horretan. Reverend Billyk esango lukeen moduan, Jaungoikoarenak bide ulergaitzak izango dira, baina botere ekonomikoaren deabruarenak erraz asko ulertzen ditugu.