hurrengoa
amargue hiria    Diotenez, azukre landaketetan jaio zen amargue-a. Kubako son eta boleroaren alaba zela diote, eta Dominikar Errepublikako taberna eta burdeletan hazi egin zela, XX. mendearen hasieran. Beranduago, bachata gisa bataiatu zuten, eta nekazari giroko emakume eta gizonen erritmo bihurtu zen. Klase baxukoen musika izaki, Trujilloren diktadurapean erreprimitu egin zuten.

Diktadorearen heriotzaren ostean, 80 eta 90eko hamarkadetan, milaka dominikarrek AEBetara emigratu zuten, New Yorkera hain zuzen ere, beren aurreko belaunaldiek 60 eta 70eko hamarkadetan egin zuten bezala. Haiekin batera, beren amargue-aren kantuak ekarri zituzten Manhattan garaiko Washington Heights auzora. Alaia, zaratatsua eta higatu samarra, Washington Heigths mikrokosmos bat da, zeinean yuca eta toston usainak geldialdi bat egitera gonbidatzen zaituen. “Todo a $1” denda, karibeko jatetxe eta ile apaindegiz jositako mapa urbano bat da; bat egin, elkartu eta solasaldirako guneak nonahi, zeinetan musikak gauean iritsiko dena aurreratzen duen. Arrats partean, trafiko hotsa amatatu, dendak itxi, eta kaleak isildu egiten dira. Soinu bakar batek hartzen du auzoa. Biderkatzen doan soinu bat: bachataren konpasa.

Casa del Mofongo-n arroza babekin afaltzen duzun bitartean entzuten den bachata kabareterotik hasita, 27 de febrero jatetxean zuzenean kantatzen duen Edilio Paredes mitoaren ahotsera... dena da bachata. Ostiralero, bachata beren DNA-n duten gazte eta ez hain gazteak diren zaleak beren DJ kuttunen bila ateratzen dira. Ez dakite gaua nola amaituko den, baina badakite hiriaren bazter honetan, iskina orotan, entzun ahal izango dutela beren doinu maitearen kexua.

amarguearen Mahattanetik, bachateren Queensera

Ia arratsaldeko seiak dira Liz Queens auzoko Jamaikako bere etxera iristen denean. Manhattango midtown-en bulegoak garbitzen zortzi ordu baino gehiago pasa ostean, Peru jaioterritik ekarritako Andetako mantaz estalita dagoen sofa zaharrean etzan egiten da. Hamar minuturen ostean, ispiluaren aurrean makilatzen ari da. Zazpiak pasa berriak dira, bere etxea dagoeneko sotoko eskailerak igo, hiriaren lur azpietan sartu, eta metroa hartzen duenean.

Bitartean, Queens auzoko beste aldean, Ramirok, Roosvelt Avenueko bere ekuatoriar jatetxeko argiak amatatu, eta, zerri frijituaren usainaren konpainian, mahaiak baztertzen ditu eta ispilu-bola birakariak zintzilikatzen hasten da. Atetik DJa sartzen da, Latinoamerikako aldaka guztiak dardararazteko adina bachatarekin. Kalearen beste aldean, Jackson Heights-eko bizitza pizten hasten da, non burkaz jantzitako emakumeek, Nepalgo zaharrek eta kolonbiar transexualek ilara egiten duten supermerkatuan.

Zortzi eta erdiak dira Liz bachata diskoteka bihurtutako jatetxe familiarrera sartzen denean. Dozena bat emakume eserita daude honez gero, irribarre eta takoi kolpeen artean zain. Hiriko hainbat tokitatik etorri dira, Washinghton Heights-eko epizentro bachaterotik ere bai, beren dantza bikoteak izango direnekin elkartzera; horietako asko jaioterrian emazte eta seme-alabak utzi dituzten etorkinak dira. Gaur gauean, dolar baten truke, bachata erritmoan lagunduko dien esku leun baten konpainia izango dute. Hamabi dolarrengatik, bachaterek ordu erdiko solasaldia eta konpainia emango diete. Eta horrela gaueko hamabiak, ordu bata edo ordu biak arte. Ramiroren lokalak bezalaxe, beste dozenaka taberna zulok bachata doinuez margotzen dute Roosevelt Avenue, muga hiria dirudien etorbidea, non dena eta ezer ez gerta daitekeen.