“animaliatik asko dugu” olatz artola
irudia
Sustraiak Tolosan dituen arren, Valentzian bizi da Pili Aguado (1981). Arte Ederretan lizentziaduna, Arte Grafikoetan espezializatua, eta La Oruga de Celia markaren sortzaile da. Ilustrazioan komunikatzeko bide bat ikusten du, eta, testuari lagundu arren, bere kabuz komunikatzeko ahalmena ere azpimarratzen du. Marrazki bakoitzean bere zati bat dagoela dio, era batera edo bestera, bere zatitxo bat transmititzen baitu. > dio, eta, animaliaren eta gizakiaren uztartzearen bitartez, alegiazko munduak sortzea gustatzen zaio.


Ilustrazioaren definizioa begiratu, eta honakoa dio batek: “Testuari men egiten dioten lamina edo grabatuekin inprimaki bat apaindu¨. Zuretzat ere hori al da ilustrazioa?

Niretzat ilustrazioa zerbait kontatzeko modu bat da, bai testu batekin, bai testurik gabe badoa ere. Nahiz eta askotan testu batek lagundu, bere kabuz ere komunikatzeko ahalmen handia dauka. Ilustrazioak zerbait kontatzeko gaitasuna dauka. Gaur egun arlo askotan ikus daiteke, publizitatean, diseinuan, ehungintzan… Ilustrazioa ikusteko eta kontsumitzeko era berriak sortzen ari dira.

Zure sentimenduak ulertzen laguntzen dizu?

Marraztean, nire zati bat dago beti marrazki bakoitzean; era batera edo bestera, zu zarenaren zati bat transmititzen duzu; bai zure estiloa, zure trazoa…

Helburu horrekin ilustratzen duzu, ala besteen sentimenduetan eragitea ere bada zure helburuetako bat?

Edozein irudik erreakzio bat eragiten du ikusten duen pertsonarengan. Niretzat garrantzitsuena ez da jende guztiari gustatzea, izan ere, marrazki batek pertsona bakoitzari gauza ezberdinak transmititu ahal dizkio, eta hori ez dago margolariaren esku.

Orduan, zuretzat ala besteentzat ilustratzen duzu?

Niretzat marrazten dut. Egia esan, ez dut besteei gustatuko zaien ala ez pentsatzen. Gero, nire marrazkiak norbaitengan efekturik eragiten badu, asko eskertzen dut eta poztu egiten nau.

Gizakiak eta animaliak uztartzen dituzu hainbatetan, baita nahasi ere. Uste baino gehiago daukazu animaliatik gure gizatasunean?

Denok daukagu uste duguna baino gauza gehiago animalietatik. Beste errealitate batzuk, alegiazko pertsonaiak eta munduak marraztea gustatzen zait.

Eta forma asko forma bat sortzeko. Elementu asko. Zer dela eta?

Marrazki bakoitzak bere garapena du; batzuk sinpleagoak dira, eta beste batzuk konplexuagoak, sormen prozesuan zehar izaten diren beharren arabera.

Kolorea ere sartzen duzu batzuetan, baina esan daiteke zure lanak ez direla koloretsuak. Mundua aldiz, koloretsua ikusten duzu?

Egia esan, ez dut kolore askorik erabiltzen, ez dut horretan erreparatzen. Ez dut uste koloredun marrazki bat alaiagoa izan behar denik; hainbat gauza transmiti daitezke koloreekin nahiz kolorerik gabe. Nire ustez, egiten ditudan ilustrazioak ez dira alaiak, nostalgikoak baizik. Mundua daukadan egunaren arabera ikusten dut.

GKO

Tolosako GKO Concept Store-ren helburuetako bat herriko eta inguruetako sortzaileei gune eta erakusleiho bat eskaintzea da. Kizkitzak eta Garikoitzek beren proiektuarekin abiatu duten bidea berebiziko garrantzia duela iruditzen zaigu. Sortzaile berriek espazioak eta beren lanak erakusteko guneak behar dituztelako. The baldeko orrialdeak bezala, sortzaile kontsagratuei ez ezik, etorkizunekoei ere lehen aukera eskaintzea da GKOen asmoa.