hurrengoa
aldizkariko neskak odlok   Etxeko liburutegian garbiketa egin behar izan dut. Apaletan tetrisa egiten trebezia nabarmena garatu dut. Egun apenas geratzen da tokirik. Paperak jan egin behar nau. Aspaldi bisitatu gabeko apal batean duela 20 urteko makina bat eskalada aldizkari azaldu dira, ikastolatik bizikleta hartu eta ile luzea zinta batekin jaso eta leotardo urdin elektrikoak jantzita boulder egitera joaten nintzen garaietakoak.

Eskuartean hartu dudan lehen aldizkarian irakurri dut Lynn Hillek Yosemite parkean dagoen El Capitan paretako The Nose bidea estilo librean egin duela. 20 urte bete berri dira. Lehendabiziko pertsona izan zen bide hura estilo librean egiten. Aurretik inongo gizasemerik egin ez zuena lortu zuen, non eta Detroiten jaiotako emakume honek. Urtebete beranduago, 24 ordu baino gutxiagoan bete zituen muturreko zailtasuna duten bide bereko 880 metroak. Hamar urte pasa behar izan ziren Scott Burke eskalatzaileak The Nose modu librean eskalatzea lortu zuen arte. Horrek ematen du Hillek garaitu zuen desafioaren neurria.

Garai hartan, El Capitaneko bideak ia buruz nekizkien. Georges Meyerrek 1979an argitaratu zuen Yosemite Climber liburuaren ale bat eskuratu ahal izan nuen eta liburu mitiko hartako argazkiak behin eta berriro begiratzen nituen. Bideetako krokisak ikertzen nituen, pareta erraldoi haietan nire balizko eskalada prestatzen nuen,... Nik uste, liburu hari esker, bertan eskalatzen izan naizela sinistua nagoela. Ametsak oroitzapen bihurtu ditudala.

Beraz uler dezakezue Lynn Hill bezalako emakume adoretsua ez maitatzea zaila zela ni bezalako flipatu batentzat. Baina Hillek bazuen konpetentzia nire eskalatzaile bihotzean: Catherine Destivelle. Bero-bero jartzen ninduen Oranen jaiotako eskalatzaile hark. Aktoresa frantsesek izaten duten magnetismo bera zuen. Zaila da pareta batean zintzilik izaki fotogenikoagorik topatzea. Harkaitzak eta erotismoak bat egiten zuten Destivelleren argazki haietan. Bere magnesio poltsan errenkarnatzea zen nire desiorik lizunena.

Eta gainera Destivelle ere makina bat zen. Hillek Nose bidea modu librean ireki baino urtebete lehenago, Destivelle, Eigerreko ipar pareta eskalatzen zuen lehendabiziko emakumea bihurtu zen. 17 ordutan egin zuen. 17 ordutan!!! Kirol eskaladan txapelketa ugari irabazteaz gain, Alpeetako bide mitikoak eskalatu ( Bonatti, Dru, Matterhom,... ) eta Himalaian, Antartidan eta munduko bazter askotan bakarkako bideak eskalatu zituen 90. hamarkadan. Eta zailtasunak zailtasun, beti lirain eta eder azaltzen zen argazkietan.

Lynn Hill eta Catherine Destivelle. Charlieren Aingeruekin gertatzen zitzaidan bezalaxe, ezinezkoa zen batekin soilik geratzea.

Ezin izan ditut eskalada aldizkariak bota. Maite ditut argazkiotan azaltzen direnen jantzi koloretsu eta eroak. Eskalada bideetan ilara egin behar ez ziren garaiak, bideetako krokisak paperean eramaten genituen igoaldiak, telefono mugikorrik gabeko asteburuak, Santa Barbara, Etxauri, Riglos, Midi D´Ossau, Alpeak, eta geografia bertikal ugarietan bizitakoak etorri zaizkit burura. Garai hartako heroiak. 1992an auto istripuan hil zen Wolfang Gullich, historiako kirol eskalatzailerik onena; Frantzian askatzen zituen 8c mailako bideei, ejertzito frantsesak galdutako batailen izena ematen zizkien Ben Moon izeneko ingeles maitagarria; Patxi Arozena gurean eskalada beste maila batetara eraman zuen gizona. Eta jakina, Lyn Hill eta Catherine Destivelle. Zenbatetan ez dudan haiekin eskalatzen nuela amestu...beno eta beste zerbait ere bai.