hurrengoa
kritikoekin kritikaz hizketan    Asko hitz egiten da kultura arloko kritikoen inguruan. Beren botereaz eta eraginaz. Beren prestakuntzaz. Beren arduraz. Baina apenas hausnartzen dugu kritika lan hori egiteko baliabide eta diru ordain eskasaz. Edo gurea bezalako errealitate murriztuan sortzailea, ekoizlea, komunikabidea eta kritikoaren artean izaten den harreman estu eta kutsatuaz. Edo kritikoak bere lanarekin egiten duen sormen lanaz. Edo eta komunikabideek bideratzen duten kultura modeloaz. Edo... Edo horietako batzuen inguruan kultura arlo ezberdinen inguruan idazten duten bost adituei galdera hauek egin dizkiegu:

1/
Zein izan behar du egungo kultura kritikariaren eta komunikabideetako kultura orrialdeen lana?

2/
Hainbeste ekoizpen dagoen garaian, kritikoak zein puntura arte dago lotuta produktu berriari beti? Saturazio garaiotan kritikoaren helburua galbahe izatea bihurtu da?

3/
Blogak, sare sozialak, nahi duen orok du orain bere iritzia eta kritika kaleratzeko tresna. Nola eragin dio sareak kritika lanari?

4/
Euskal Herrian, orokorrean ¨gure¨ ekoizpen kulturalarekin egiten den kritika edulkoratuak zein puntura arte egiten dio mesede kultur sorkuntzari?

Iratxe Fresneda
ikus-entzunezko irakaslea eta zinema kritikaria.


1/
Jakingo banu… (irribarrea). “Astintzea” aditz eta jarrera moduan, beharbada. Bide berrienberri ematea, azalean ikusten ez denaren bila joatea, galderak planteatzea gizarteari benetako elkarrekintza bat sortarazteko eta kultura deitzen dugun hori bizirik mantentzeko. Bizirik esaten dudanean, zera esan nahi dut, zinema, literatura eta bestelako arteek gure bizitzetan benetako parte, bihurtzea. Zentzu horretan, kulturaren mediatizazio instituzionala oso kaltegarria ikusten dut, kulturaren erahilketarako bidea delako susmoa baitut.

2/
Horrela da, saturazioa da bizi duguna. Dagokidan kasuan batzuetan horrela ikusten dut neure burua, galbahe bat bezala. Orduan, horren aurrean dudan erabakia da lasai hartzea, nire aukerak egitea, batzuetan senari jarraituaz (noski, inprobisazioa urte askotako lanaren emaitza da), eta egiten diren obren katalogo pertsonala egiten ahalegintzen naiz. Baina hori oso bide pertsonala da, ez dakit orokortu daitekeen.

3/
Zarata asko dago, “soinu aberrantea” sarritan. Zarata asko egiten dugu gizakiok sare sozialen bidez; ni lehena. Eta, batzuetan, faltan sumatzen dut isiltasuna. Ondo dago eta beharrezkoa da iritzi eta kriteriodun ikusle-entzule-irakurleak egotea, baina beste aldean profesionalak daude, kaskarragoak edo interesgarriagoak, baina ogibidea hori dute, eta ni bakoitzaren ogibidea errespetatzearen alde izango naiz beti.

4/
Ez dio mesederik egiten. Kontrakoa esango nuke. Hain justu ere, astintzearen ideia horren kontra doa “edulkoratzeak”. Baina gure herria txikia da, denok elkar ezagutzen dugu, airea “kutsatuta” dago, eta, batzuetan, arnasa hartzea kostata egiten da. Deiak eta e-mailak laster heltzen dira, zuzen edo zeharka. Horrek ez dio onik egiten kritika askatasunari, ez dio gure kulturari ausarta izaten lagatzen. Batzuetan porrota beharrezkoa da gauzak irauli ahal izateko, mugimendua sortzeko, baina hori ulertu arte bide luzea egin behar dugu oraindik.




Arkaitz Villar
kazetaria eta musika kritikaria.


1/
Kulturako orrialdeek sormenaren erakusle izan behar dute, eta jarduera kulturalak ahalik eta modu erakargarrienean erakutsi behar dituzte. Kritikoek, beren irizpideak erabiliz, lan horiek ebaluatu edo aztertu (kritikatu) egin behar dituzte.

2/
Kritikoak beti egon dira produktu berriei lotuta. Nik uste dut hori normala dela. Momentuan ekoizten dena ebaluatzen ari zara momentu bizi duzulako. Horrek horrela behar du. Hala ere ezinbestekoa da beste garai batzuetako lanak ere kontuan hartzea. Joera didaktikoa dago horretan, eta oso aberasgarria da gauzak nondik datozen edo zer eragin duten erakustea. Bizi dugun saturazioa jasangaitza da. Uste dut gaur egun garai bateko klasiko asko oharkabean igaroko liratekeela. Horregatik kritikoak gai izan behar du etorkizunean gogoratuko diren erreferentziak detektatzeko.

3/
Alde batetik, feedbackak kritikari ematen dion abantaila gaineratu diote: jendeak bere iritzia partekatu dezake. Gero, ondo dago plataforma horiei esker jendeak bere iritzia emateko aukera izatea. Baina egia da askotan ezerezean gelditzen diren kontuak direla. Zarata gehiegi sortzen da batzuetan, eta errealitatea distortsionatu egiten da.

4/
Nik uste dut ez diola mesederik egiten, baina, aldi berean, horren beharra daukala. Hala ere badira erreferentzia batzuk beste batzuk baino gehiago defendatu behar direnak, eta uste dut bide horretatik lan egin behar dugula. Musikaren kasuan, talde batzuek beste batzuek baino gauza interesgarriagoak egiten dituzte. Ba, horiek defendatu behar direla uste dut. Euskal Herrian kultura sare bat dago. Sare txikiegia. Norbaiten lana ez zaizula gustatu esan, eta herri honetako ¨intelektualek¨ salto egiten dute. Jakina, haiek idatzi dituzte disko horren hitzak, edo musikariaren lagunak dira, eta horrela erakutsi nahi dute beren kidetasuna. Hori bai, gero, guztiok esaten dugu ez dagoela kritika erreal bat. Hemen ez dugu autokritikarako joerarik, eta, horren ondorioz, ez dira kritika txarrak onartzen. Managerrek, diskoetxeek, aretoek, taldeek, komunikabideek… inork ez. Horregatik bizi dugu aipatzen duzun kritika edulkoratu hori. Nik ez dut idazten interesgarriak iruditzen ez zaizkidan erreferentziei buruz; hori da aukeratu dudana, taldeei edo diskoei egurra ematen hasi baino.




Iban Zaldua
irakaslea, idazlea eta literatur kritikaria.


1/
Ez dut uste gehiegi aldatu denik bere egungo rola, beste aurreko garai batzuekin konparatuta: lan batzuk nabarmentzea, eta bihia eta ahotza banatzea, funtsean. Hori bai, agian egungo oparotasunak (hala lanena nola kritikariena) are gehiago behartzen du ahots propio eta berezi bat bilatzera, berezitasun bat, irakurle jakin batzuentzat erreferentzia ziurra bihurtuko lukeena alegia. Horretarako, koherentzia minimo bati eutsi beharko lioke kritikariak edo komunikabideak: ildo bati.

2/
Kritikari ez akademikoa, egunkarietan aritzen dena, merkatu kapitalismoaren garapenaren fruitu da neurri handi batean. Testuinguru horretan, berritasunen produkzioa etengabea da, eta, zorionez edo zoritxarrez, kritikariak berritasun horiei aurre egin beharko die etengabe. Dudarik gabe, atzera begiratzeko edo “antzinagoko” lanak berreskuratzeko saioak oso dira eskertzekoak (A. Galarragaren Argiakoak bezala), baina, susmoa dut, salbuespenak izango dira beti.

3/
Alde batetik, eta ondorio positibo gisa, kritika fosilizatuenaren oinarriak pitzatu dituela esango nuke: ohartzen bazara blog bateko kritika “amateurrak” ez duela zertan okerragoa izan, nik zer dakit, J. Rojo batek bere El Correoko pulpitutik astero botatzen duena baino, erregea biluzik geratzen da, eta hori, berez, ona da. Beste kontu bat da iritzien horizontaltasun osoa ez dela ere pagotxa, hierarkizazio ezak arazoak sor ditzakeelako, aukera egiteko orduan; egileak berak egindako kritika “anonimoen” arazoaz ez hitz egitearren, boladan dagoena Amazon bezalako lekuetan. Kontu horiek ez dira oraindik iritsi nahikoa indarrez euskal literaturaren eremura, baina iritsiko dira, lehenago edo beranduago.

4/
Irudipena daukat ez diotela batere mesederik egiten. Agian garai batean, gurea kultura are minorizatuagoa eta zapalduagoa zen garaian, beharrezkoagoa zen nolabaiteko protekzionismo handiago bat, ez nago seguru. Baina, egun, kalterako dela esatera ausartuko nintzateke. Dena ezin da horren ona izan. Irakurleak horrenbeste badaki, eta ondorioa kritikarekiko mesfidantza baino ezin da izan.




Agus Perez
antzerki kritikaria.


1/
Kritikariak kontraste moduko bat eman behar dio ikusleari. Ikusitakoa nolabait deseraiki eta berriro eraiki, obrari dagokion testuingurua emanez, muntaketaren elementuak aztertuz, eta horren guztiaren gaineko balorazioa eginez. Prozesu horretan, ikusleak etekin handiagoa ateratzen dio ikuskizunari eta bere burua aberasten du, ez kritikariaren balizko jakituriagatik, baizik eta emanaldiari buruz egin duen gogoeta egituratuagatik.

2/
Alde batetik bai, galbahe lana egiten dugu, eta hori du alde irakurle trebatuak. Izan ere, emanaldirik gehienetara joateak lan handia eskatzen baitu: programazioak aztertu, distantziak eta ordutegiak kalkulatu, jaialdien interesa neurtu, aretoen egokitasuna kontuan hartu, aurretiazko kontaktuak egin, informazioa bildu... Askotan, ordea, estreinaldian egiten duzu kritika, baina pieza hurrengo urtera arte ez da hasiko zirkuituetatik mugitzen.

3/
Aurreko erantzunarekin lotuta, sareak aukera ematen dio irakurleari aspaldiko lanei buruzko kritikak irakurtzeko, eta kritikariari asko errazten dio argibide osagarrien bilaketa. Egia da datuok denen eskura daudela, baina berari dagokio hautatzea eta egituratzea. Ni, ordea, ez naiz oso blog zalea, horrek ahalegin handia eskatzen duelako: bloga elikatu, egunero zaindu... Gainera, uste dut paperak balio erantsia duela, beste era batean irakurtzen dela eta jendearen baitan sakonago geratzen dela.

4/
Zaila izaten da gaixo dagoenari zer duen esatea, eta badirudi euskarazko antzerkia beti dabilela ahul; baina egia da ez diogula mesede handirik egiten gaitzak ez diagnostikatzean eta sendagaiak ez gomendatzean. Azken urteotan, hainbat sorkuntza zoragarri sortu dira euskaraz eta euskaratik, eta horrek asko erraztu ditu gauzak: orain baditugu lan eredugarri batzuk, eta errazagoa da epelkeriak eta errazkeriak alboratzea.



Leire San Martin
arte kritikaria eta hezitzailea.


1/
Komunikabide “mainstream”-ez ari bagara, nire ustez, kultura-ikuskizun binomioak hartzen du gehienetan protagonismoa, eta kritikarien “objektu” bilakatzen da, orokorrean. Halere, kontuan hartu beharko genuke badirela beste komunikabide espezializatu batzuk, haien kritikaren barne kultura edo arte adierazpen alternatiboak ere kontuan hartzen dituztenak. Dena dela, nire iritziz, komunikabideetako kultura orrialdeen lana era askotako arte motak eta ikuspegiak plazaratzea da, gero publikoak bere interesekoa dena aukera dezan.

2/
Ez dut uste kritikoak produktu berriari lotuta egon behar duenik beti; batzuetan, asko ezagutzen ez diren iraganeko kultur adierazpenak berreskuratzeko eta eguneratzeko boterea dauka, eta hori garrantzitsua iruditzen zait. Egia da gaur egun kultura arloan eskaintza zabala dagoela eta kritikariak badaukala galbahe izateko indar hori, baina ez bakarrik berak, baita kultura antolatu, ekoitzi eta legitimatzen duten beste bitartekariek ere. Adibidez, arte-erakunde handiek, arte-merkatuak, eta baita artistak ere, besteak beste. Bitartekari horiek kulturaren legitimazio prozesuan parte hartzen dute, eta publikoaren aukeraketa aldez aurretik mugatzen eta murrizten dutela esan genezake.

3/
Nik uste dut horrek positiboki eragin diola kritika lanari. Internet garaia baino lehen, kritikariak komunikabide ofizialetara jo behar izaten zuen bere iritzia emateko, eta, gehienetan, horiek filtro zorrotzak ezartzen dituzte beren kritikariak aukeratzeko orduan. Orain, edonork sor dezake bere iritzia zabaltzeko plataforma, eta horrek aniztasuna eskaintzen du. Ez dago kritikari ezaguna izan beharrik zure ahotsa entzunarazteko.

4/
Kritika edulkoratuak ez dio inoiz mesede egiten kultur sorkuntzari, eta, tamalez, komunikabide “mainstream”etan horrelakoak aurkitzen ditugu askotan. Baina Euskal Herrian kritika sakon eta espezializatu bat egiten dela esango nuke, gaur egun gutxiagotan aurkitzen badugu ere; testu aberatsak irakur daitezke egunkarietan eta egunkarien eranskin batzuetan. Horrek bultzada bat beharko luke nire ustez.