hurrengoa
baigorri eurigilea aitor azurki   Milaka argentinar zerura begira ipini zituen euskal jatorriko Juan Pedro Baigorri Velar argentinarrak 30. hamarkadan; hamaika hedabidetan elkarrizketatu zuten. Izan ere, bere makina polemikoak hautsak harrotu baitzituen, Argentina erdibitu: eurizale eta antieurizaleak; lehorrak eta bustiak; baigorristak eta antibaigorristak... Baina nola funtzionatzen ote zuen aparatuak? Non amaitu ote zuen makinak? Misterio handiak, galdera asko orandik batere argitu gabeak. Ameriketako zenbait indiar tribuk euria eragiteko dantza ospetsua duten lez, euskaldunok ere badugu gure "eurigilea": Juan Pedro Baigorri Velar eusko argentinarra ospetsu egin zen 30. hamarkadan bere "euria sortzeko" asmakuntzarekin. Iñaki Galdosek bere Amentzerauta blogean istorio eder hau berreskuratu eta gurera ekarri zuen orain urte bi, Argentinan Diego Hubermanen Baigorri hacía llover liburuxka topatu ondorik.

Guraso euskaldunak zituen ingeniaria zen Baigorri polemikoa, eta, nahikoa ospetsu egin zen antza berak asmaturiko lurrazpiko urak topatzen zituen makina batekin. Hala, YPF petrolio enpresa argentinar sortu berrian lan egiteko deitu zioten 1929an. Baina ordurako konturaturik zen Baigorri bere aparatua piztu orduko euria egiten zuela, honen emisio elektromagnetikoak zirela medio. Hori zela eta, Mister Mac Rae Ferrocarril Central Argentino enpresako ingeles gerentearen laguntzaz finantziazioa eskuratu zuen gure protagonistak. Baina, badaezpada, "pertsonaia misteriotsua" gertutik zaintzeko agindua eman zion Mac Raek bere Hugo Miatello ingenieriari. Esan eta egin: Miatello Baigorrirekin Pinto herrialdera jo eta makina "eurigileak" bere helburua erdietsi zuen: aparatua piztutakoan, haizeak norabidez aldatu, hodeiak azaldu eta hamabi orduren buruan euri txikia bota zuen. Ondoren, Santiago del Estero hirian izan zen han ere nolabaiteko arrakasta eskuratuz.

Honenbestez, Buenos Airesera itzulitakoan Jupiter modernoa eta euriaren magoa ezizena ipini zioten; arrakasta itzela izan zuen: jende oldea bere etxera hurbildu zen Baigorri agurtzeko asmoz, nazioarteko hedabide askotan irten zen berria,
meteorologian adituek –besteak beste, Martín Gil doktoreak- sinesgarritasuna eman zioten aparatuari eta ingeniari estatubatuar batek ere patentea erosteko asmoa azaldu zuen. Baina gure "eurigileak", lehengo lepotik burua: ezezkoa eman
zion erosleari, argentinarra izaki,¨asmakuntza nire herrialdearen onerako izatea nahiko nuke¨, argudiatuz.

kritiken aurrean, zaparrada

Argentina goitik behera asaldatu zuela ikusirik, herrialdeko Meteorologia Zuzendaritzatik kritika zaparrada ederra jaso zuen Baigorrik. Baina, honi erantzunez, zera adierazi zuen garaiko prentsan:¨1939ko urtarrilaren 3rako euria oparituko diot Buenos Airesi¨. Ondorioz, hiria erdibitu egin zuen ingeniariaren erronkak: eurizale eta antieurizaleak, lehorrak eta bustiak, baigorristak eta antibaigorristak... Eta, Baigorrik, berriz ere, noski, esan eta egin: euria opari. Hala, bere ospea are gehiago hazi zen, Crítica eta Noticias gráficas argentinar egunkari nagusietako azaletan ere albistea azalduz.

Honekin nahikoa ez, eta Baigorri haratago joan zen: lehorte itzela jasatzen ari zen Carhué hirira hurbildu, eta, han ere euria gogotik botarazi zuen. Horrenbeste, ezen Epecuén lakuak gainezka egin baitzuen. Balentriokin makina bat eskaintza komertzial jaso zuen, bere fama goraka zihoan etengabe, haur abesti ospetsu bati ere letra ipiniz:

Que llueva, que llueva,
Baigorri está en la cueva.
Enciende el aparato
y llueve a cada rato

Baina gure eusko-argentinarrak eskaintza guztiei ezetz esan zien; politikoki ere kolorez aldatu zen Argentina, eta, Gobernu berriak aparatu bitxiaren sekretua argitzeko eskatu zion "eurigileari". Honi ere, ezezkoa berak. Gainera, makina soilik berak erabil zezakeela adierazi zuen Baigorrik behin eta berriz.

Hori gutxi balitz, asmakizun misteriotsuaz gain, bere bizitzan ere galdera asko zeuden argitu gabe eta datu kontraesankorrez beterik; dena misterioa eta iluntasuna zen bere inguruan. Ondorioz, azkenean, hedabideek zokoraturik eta jendeak ahazturik, ia pobrezia erabatekoan murgildurik amaitu zuen Baigorrik, 1972an hil zen arte. Gaur egun guztiak ilun jarraitzen du: bere etxea eraitsi zuten; inork ez daki makinarekin zer jazo zen; ezta aparailuaren sekretua berarekin lurrazpira eraman zuen edo ez ere. Nolanahi den, egia edo ez, akaso Baigorriri esker hitz berri bat erantsi beharko diogu euskaldunok orain gure hiztegiri: eurigile