paperpapers
hurrengoa

parisen bizi naiz

koldo izagirre

Pariseko banlieutik idatzi du liburu hau Izagirrek, hango ezkerraldetik. Berlin auzoko badiara begiratu beharrean, kaleei erreparatu die orain. Kaleei, historiari, istorioei, jendeari... Jolaserako tarte bat aurkitu badu ere, gogoeta sakona ezkutatzen du bildumak. Bai hizkuntzarekiko eta estilorekiko, bai gure paisaia sozialarekiko ere. Koldoren ibilerak ezagutzen dituenak biekin gozatuko du, testua kokatzeko izango dituen gakoei esker. Koldo urrundik ikusten duenak patxada handiagoz hartuko behar du irakurketa. Biek eta biek Paris horren inguruak hobeto ezagutuko dituzte hemendik aurrera. Halere, Paris hori idazlearen kanpoan ala barruan dagoen asmatu beharko dugu.

hurrengoa

lasterka

jean echenoz

Emil Zatopek korrikalariaren biografia dela esango bagenu, ez ginateke gezurretan ariko, baina ez genioke justiziarik egingo pisu handiko liburu txiki honi. Izan ere, Txekoslobakia izenez ezagutu genuen herrialdeak eman duen kirolaririk handienaren bizitza kontatzearekin batera, eleberri elementuak ditu liburu honek. Baina benetako istorio batean oinarrituriko eleberria izan beharrean, nobela batean oinarritutako istorio erreal bat dela esan genezake. Echenozek lastorik gabe, hitzen zirujau bat balitz bezala, lasterka egiten zuen gizonaren istorioa kontatzen digu estilo zuzen eta aseptikoan, modu torturatu eta desitxuratuan. Ederra.

hurrengoa

99 ejercicios de estilo

matt madden

99 modu ezberdinetan kontatzen den istorio batetaz gozatzeko aukera ematen digu komiki honek. Bagenekien komigintzak aukera anitzak eskaintzen dizkiola sortzaileari. Raymond Queneau-ren estilo-ariketetatik edaten duen liburu honetan, aukera horiek, nolabait esatearren, ¨haragituta¨ ikusiko ditugu. Era bateko eta besteko ikuspuntuak, narratzaileak, formak eta marrazki estiloak ikusiko ditugu, beti ere istorio bera kontatzen. Gomendagarria.

hurrengoa

el naufragito

fanzine arrabaleroa

Bartzelonan izan nintzen azken aldian, aurkikuntza handi bat egin nuen: El Naufragito fanzine liluragarria. Zenbaki monotematikoak argitaratzen dituzte, eta fanzine bakoitzean mini-naufragito izeneko separata gehitzen dute. Zortzi ale eskuratzea lortu nuen: eskoteak, zinearen kontra, heriotza, New York, irlak, tatuajeak, boxeoa eta artea gaiei dagozkionak. 2000. urtekoa zaharrena, eta 2013koa berriena. Honelako fanzineak existitzen diren bitartean, ez dugu galduko gizakiarengan dugun itxaropena.