hurrengoa
km    KM-ko liburutegiko liburuak elkartuz gero zenbat kilo pisatuko lituzkete? Eta bata bestearen alboan jarrita, zenbat metro egingo genituzke? Zenbat K-ilo, zenbat M-etro gortzen ditu KMk? Hori da burura etorri zaidan lehendabiziko gauza KM-ri buruz artikulu hau idazten jarri naizenean. Eta jabetzen naiz ez duela nire alde egiten halako hausnarketa batek. Baina ezin Niretzat Koldo Mitxelena kultur gunea KM delako. Hiri guztietan dira guztiok ezagutzen ditugun geografia konkretuak. Mapa fisiko eta emozionaletan erreferentzia eta ardatza izaten direnak. Hiritarrek non elkartzeko ohitura duten ikustea besterik ez dago. Donostian, Bulebarreko kioskoa edo erlojuari, 20 urtetik hona KM gehitu zaio. Hori ere etorri zait burura. Zenbatetan egin dut zita KM-n? Eta tontakeria dirudien arren, kultur gune eta liburutegi baten parean zita egitea edo el Corte Inglesen atarian zita egitea ez da gauza bera.

Eta zenbat kilo eta zenbat metro jakituria, harridura, ezinegona, asperra, heziketa eta gozamena izan da azken 20 urteotan kultur guneko espazio ezberdinetan antolatutako hitzaldi edo eta jardunaldietan? Nola neurtu neurtzerik ez dagoena? Liburuak, pelikulak, soinu artxiboak, mapak,... horiek neurtzea soilik balitz ez legoke arazorik. Baina liburutegi bat ez dute horiek soilik osatzen. Liburutegia organismo bizia da. Bertan lan egiten duten langileek, bertan izandako harremanek, bertan deskubritutako egile eta proposamenek, lagunekin bertan zita egiteko ohiturak, berebiziko garrantzia dute liburutegia izeneko ozeanoan. Virginia Wolf-ek, liburutegiak altxor hondoratuez betetako itsasoak direla zioen.

Horren jakitun, Koldo Mitxelenak, ekitaldi eta proiektu ezberdinak garatu ditu liburutegiaren 20. urteurrena dela eta. Horien artean, eta abuztuaren 9ra arte, erakusketa areto nagusian ikusgai egongo den ā€œBiblioteka eta Jakintza: artxiboak, mutazioak eta konfigurazioakā€ erakusketa. Bertan, nazioarteko eta bertoko artista ezberdinek liburutegi kontzeptuaren inguruan eginiko lanak daude ikusgai. Eta erakusketarako bereziki eginiko lanak ere badira. Arrate Rodriguez, Maider Lopez, Xabier Erkizia eta Ricardo Orkaranza artistek, arte garaikidetik abiatuta, liburutegiaren funtzioaz eta izaeraz hausnartu eta beren proposamenak egin dituzte. 20. urteurrena ospatzeko antolatu den beste proiektuetako bat Berrirakurtzen da. Jarduera ezberdinetako hainbat pertsonek liburu bat aukeratu eta urte amaiera bitarte emanaldietan, aukeratutako liburuaren inguruan hitz egin edo bakoitzak nahi izan duen emanaldia prestatuko du.


Liburutegiari diogun maitasuna, beste maitasun guztiak bezalaxe, prozesu bat izaten da. Denborarekin eta erabilerarekin ikasten dugun zerbait. Steimbeck-ek esan zuen herri baten kultura maila, bere liburutegi publikoko metatzen zuten hautsaren lodierak neurtzen zuela. Duela mende baterako akaso balio zuen definizioak. Egun beste parametro batzuetan mugitzen gara. Neurtzerik ez dagoena eskaintzea eta sustatzea da liburutegi garaikide baten eginkizunik ederrena. Virginia Wolfek harira, altxorren gordailu izateaz gain, altxor berrien ekoizle. Eta altxorrez ari garenez, eta artikuluaren hasera xelebrearekin kontsekuente izatera, Laura Bush-ek (bai George W. Bushen emazteak) behin esandakoarekin amaituko dugu artikuloa: Liburutegiak komunitatearen altxorrak dira. Informazioa berdintasunez eta diferentziarik egin gabe guztion eskura dago bertan. Nire karterako gauzarik garrantzitsuena nire liburutegi txartela da.

kmk.gipuzkoakultura.net/