• 1
  • 2
hurrengoa
prosa zinema, poesia zinema    Ia ahaztua dugun aro batean, zinema izaki arriskutsu bat zen. Bazen garai bat, zinemak polemika sutsuak eta eztabaida interesgarriak pizten zituena. Horietako eder eta interesgarrienetako Pier Paolo Passolini eta Eric Rohmer-ek izan zituen aipagai dugun zenbaki honetarako ezin aproposagoa. eztabaida sobietar bat

Bi zuzendari handi hauek urteetan zehar eta komunikabide ezberdinetan batak besteari luzatutakoak bildu zituen, besteak beste Iskusstvo Kino argitalpenak, Cahiers de Cinemak edo eta Recherches internationales à la lumière du marxisme argitalpenek jaso zituzten. Azken honi zor diogu Prose et poésie au cinéma izenburua. Datu gehiegi ematen ibiltzea dela aitortzen dut baina ezin aipamenik utzi gabe frantsesetik gaztelerara itzulpena egin zuen Joaquin Jorda zinegile handia.

Passolini eta Rohmer zinegileek izan zuten eztabaida zibilizatua aipatu aurretik, komeni da aipatzea, ia-ia zinemagintzaren hastapenetik eman den eztabaida izan dela. Zinema sobietarraren hastapenetan zulatu ziren bi lubakiak.

Eisenstein, Pudovkin, Dovchenko eta Dziga Vertov-ek poesiaren metodoa defendatzen zuten zinema izeneko hizkuntza berriarentzat, hain zuzen ere dramatik alderatzean, epika eta lirikara gerturatzen delako. Esperimentaziorako joera handiko zinemagileak ziren eta egun erabiltzen ditugun teknika askoren sortzaile. Einsensteinek hain ezaguna egin zuen bere muntatzeko moduari ¨muntaia poetikoa¨ izena eman zion. Kontatzen zenaren irudia ematea zen garrantzitsuena eta ez haren errepresentazio edo antzezpena.

Bestetik, Yukevitch, Vassiliev, Ermler, Room eta Kozintsev-ek prosa zinema defendatzen zuten. Yukevitch zinegileak sutsu aritu zen zine poetikoaren kontra: muntaia eta zine lengoaia poetikoa, non enkoadraketak erritmo bihurtzen diren eta irudiak pantailan, bertsoen moduan errezitatzen diren, gizakiaren ukapenera eramaten gaituzte. Objektu bihurtzera. Maritxu-itxura hartzera. Zine errusiarra abangoardia frantses maritxura hurbildu nahi dute. Kozintsev-en
ikuspegia ez zen hain erradikala, eta eguneraino egile zinema eta entretenimendu zinemaren eztabaidaren ardatzean dagoen tira-biraz hausnartu zuen jada zinemaren hastapen garai hartan:ez da komeni ideiak sinbolo batean kondentsatu eta ikusleari hura eskaintzea muntaia artifizial eta efektista baten bitartez. Pelikuletan garrantzia dutenak pertsonak, akzioak eta beren arteko harremanak dira.

Passolini eta Rohmer

Pier Paolo Passolinik, hausnarketa oso interesgarriak egin zituen zinema-hizkuntzaren inguruan. Bere filmografia ulertzeko zinemaz zer pentsatzen zuen ezagutzea garrantzitsua da:Idatzizko komunikazioa, poetikoa edo filosofikoa izan, oso garatua dago honez gero eta historia luzea duen sistema erreal eta heldu bat da bere baitan. Hizkuntza zinematografikoaren ardatzean dagoen ikus-hizkuntza ordea oso zakarra da, ia ia animalia. Ametsak edo memoriaren mekanismoak bisualak izanik, gramatika aurrekoak dira. Beraz, zinema ardazten duen hizkuntza, izaera irrazionalekoa da eta horrek azaltzen zinemak onirikoa eta konkretua izateko duen gaitasun izugarria.

Passolinik, hitzek, azaldu ezin dezaketen zerbait gehiago badagoela aipatzen du. Eta zinema, hizkuntza berri bat izanik (kontuan izan hausnarketa hauek duela 50 urte idatzi zituela) hitzek azaldu ezin dezaketen hori erakusteko edo behintzat saiakera egiteko gai dela sinisten du:Hizkuntza literarioak bi joera izaten ditu. Poesia edo prosa. Bi izaera ezberdin eta ezberdinduak dira. Hainbesterako, bi historia ezberdin dituztela. Hitzekin bi operazio egin ditzaket: prosa edo poesia. Irudiekin ordea, orain arte, zinema besterik ezin dut egin eta zineman, poesia gehiago edo gutxiago edo prosa gehiago edo gutxiago egin dezaket. Hori teorian. Ikusi dugulako praktikan berehala inposatu dela hizkuntza prosa zinematografiko narratiboa.

Eric Rohmer zinegile frantsesak 1965an Cahiers de Cinemak eginiko elkarrizketa batean erantzun zion:Gauza horiek idatzi eta gero, Passolinik pelikulak egiten jarraitzea liluratzen nau. Hizkuntza zinematografikoaren arazoak interes handia pizten du nigan, nahiz eta oraindik ez jakin, sorkuntza lanetik desbideratzen gaituen egiazko edo gezurrezko arazo bat den. Arazo abstraktua denez, eta sakona, pelikula bat ikusteak sortzen dizun plazerraz gozatzea ekiditen dizu. Hau esanda, ados nago Passolinirekin, hizkuntz zinematografikoa gramatika bat baino, estilo bat dela esaten duenean

Rohmer-ek, bi lubakiak azken finean lubaki bera direla sinisten du:Ez dut uste zinema modernoan kamararen presentzia agerian geratu behar denik. Oso modan dago hori orain. Eta ez dut uste ere zinema modernoa ¨poesia zinema¨ denik eta zinema klasikoa prosa zinema. Niretzako existitzen da prosazko zinema narratibo moderno bat, non poesiak ere bere tokia duen, baina ez zehazki eta nahita bilatua: bere kabuz azaltzen den poesia bat

Zein ederra den eztabaida, eztabaida ederra denean.