hurrengoa
palet kolore paleta    Lekuona arkitektura estudioak paletak erabili ditu azken aldian gauzatu dituen lan batzuetan (Donostia 2016 egoitza, Albaola…), batetik, baliabide arkitektoniko gisa, eta, bestetik, eraikuntza horietan eraiki beharreko altzariak eta elementuak egiteko.

Paleten erabilera ez da gauza berria. Batez ere altzarigintzan eta espazio txikien diseinu arkitektonikoan erabili izan dira. Gutxiagotan ikusi ditugu, ordea, eraikin edo egitura osoen eraikuntzan. Lekuona anaiek egin dituzten eraikuntzetan, paleten egurra gorriz dago tindatua. Kolore gorri hori nola lortu duten galdetu, eta palet alokairuen mundua deskubritu dugu.

Hainbat kalitatetako paletak daude. Ezagutzen ditugun gehienak erabili eta bota egiten dira. Baina badago nazioarteko garraioan erabiltzen den palet alokairu zerbitzua. Enpresa gutxi batzuek kalitatezko palet iraunkorrak sortu eta alokatu egiten dituzte. Zerbitzu horri esker, enpresek ez dituzte kalitate eskaseko paletak metatu behar, erosten edo erabiltzen ez dituztenean. Paletek erabilera zehatzetarako neurriak izateaz gain, baten bat apurtzen denean, alokairu enpresak konpondu edo aldatu egiten du berehala. Horrek guztiak ingurugiroan duen eragina nabarmena da. Kontrolatutako basoetatik ateratako egurraz daude eginda palet horiek, egurraren erabilera murrizten dute, eta saihestu egiten da paleten suntsiketa masiboa (gehienetan erreta). Eta kolorearena? Bada, enpresa bakoitzak berea duen kolorearekin tindatzen ditu paletak, munduan zehar dabiltzanean, lehen begirada batekin, palet bakoitza zein enpresarena den jakin ahal izateko.