• 1
  • 2
hurrengoa
ali hip hop connection    Ali ibn Abu Talib, Muhammad profetaren lehengusu eta Islamaren historian pertsonai oso garrantzitsua izan zen. Shii eta Sunni adarren sorreraren erruduna hain zuzen ere. Baina gure bi Ali-ak oso bestelakoak dira. Tokiz kanpo eta lekuz kanpo bizi dira. Logika guztiak hausten dituzte eta iraultza pertsonal horretan Hip Hop musika izan da euren arma. brother ali: beltzak baino beltzagoa den zuria.

Brother Ali Wisconsin-en jaio zen baina nerabea zenean Minneapolisera bizitzera joan eta bertako hip hop eszenan murgiltzen hasi zen. Nerabezaroan bere arraza eztabaidagai izan zen behin baino gehiagotan. Gehiengoak beltza zela uste zuen. Zurrumurruak isiltzearren, eta bere gogoaren kontra elkarrizketa batean azaldu zuen albinoa zela, bere gurasoak zuriak zirela, baina beltzen artean hazi eta hezi zela eta komunitate beltzari eta bere kulturari zor ziola hainbeste urteetan, bere irudi fisikoagatik sufritutakoa gainditu ahal izatea. Oso modu zuzen eta ironikoan kontatu zuen une oro ezberdin sentitzearen sentsazio hau "Forest Whitiker" izeneko kantuan.
“Rites of passage” lehen lana kasetean grabatu zuen bere kabuz. Berehala bihurtu zen ezaguna eta bere musikaren kopiak abiadura bizian zabaldu ziren kalean. Bere bigarren lana “The Undisputed Truth” ( 2007) grabatzeko baliabideak lortu zituen. Bigarren lan honetan bere hitz zorrotzek dub/roots, reggae eta soul ukituekin jantzi zituen. Musika alorrean beti aldarrikatu ditu hip hoparen urrezko urteotako egileak (KRS-One eta Rakim nagusiki) eta hitzei dagokionez, inor gutxi libratzen da albino honek mikrofonoa hartzen duenean. "Uncle Sam Goddamn" bezalako kantuek eztabaida ugari piztu du eta Brother Ali-k dioen moduan: "beldurgarria da, gutxiagogatik daude batzuk duela urte mordoa Guantanamon giltzapeturik".

system ali. sistemaren aurka joateko sistema.

System Ali taldean 7 rapero eta 5 musikari ezberdinek parte hartzen du. Bakoitzak bere bizipena dakar bizkarrean. Amankomunean duten gauzarik garrantzitsuena: Yaffa. Hiri palestinar honetan bizi dira jatorri ezberdineko (Palestina, Israel eta Errusia) taldekide guztiak eta bertoko egunerokotasunari kantatzen diote arabiar eta hebrear hizkuntzaren nahasketatik datorren ¨yaffawiay¨ kale hizkuntzan. Irudikatu dezakezue taldekideen arteko harremana ez dela errazegia izan. Bizi diren tokian kontutan hartuta eta kultura, erlijio eta pentsamolde ezberdineko jendea izanik, asko kostatzen zaie euren proiektuari eustea. Musikalki ere ibilbide ezberdineko jendea da eta hain zuzen ere honek egiten du euren proposamena hain aberatsa eta originala izatea. Arabiar musika tradizionala, reggae-a, rock-a eta hip hop-aren nahasketa honek mugak gainditu eta mundu osora iristen hasi da. Orain arte, grabaketa amateurretan eta kasete eta cd kopien bitartez banatu dute euren musika. Palestinan ez dago musika jendeari hel arazteko beste modurik. "Pirateo" famatuaren beste aurpegia erakusten digu System Alik, nahiz eta susmatzen dugun industriari ez zaiola gehiegi komeni horrelakoak aireratzea. Iaz, eta lehen aldiz, grabaketa estudio profesional batetara sartu ziren. Grabaketan MC Ty bezalako hip hop izarra izan dute ekoizle eta laguntzaile lanetan.