hurrengoa
itsas estrukturak -burj al arab & palm islands-    2006. urtean, Sarjah Emiratoko arte garaikide biurtekora artista baten laguntzaile gisa joateko aukera izan nuen. Sarjah-k, Dubai alboan dagoen arren ez du harekin zerikusirik. Michael Winterbottom Code 46 filman, mugaren bestaldean dauden hirien modukoa da Sarjah. Blade Runner islamiar bat.

Sarjahtik Dubaira eginiko txangoetako batean, Espainiako enbaxadako langileetako batek, kotxe batean sartu (Dubain ezinezkoa da oinez ezer egitea, ez da espaloirik existitzen) eta bela ontzi itxura duen Burj Al Arab hotel famatua bisitatzera eraman gintuen. Burj Al Arab bisitatzeko lau modu dago: 1- Bertan erreserba egitea (merkeena 1600 € gaueko) 2- Bertan lan egitea, 3- Enbaxadetako kotxe ofizialen batekin sartzea (gure moduan) 4- kolatzea (3. aukeraren modukoa baina enbaxadaren koartadarik gabe. Eta Dubain ez nuke nik halako tontakeria gehiegi egingo... bada-”espada”) Enbaxadako kotxetik atera eta hotelera sartu bezain pronto, mundu paralelo batetara sartzearen sentsazioa duzu. Sarreran, sari ederrez jantzitako emakume eder sorta batek intsentsuari eusten zion. Eskailera mekanikoetan gora, alboetako paretak arrainez betetako akuarium erraldoiak direla jabetu nintzen. Beste gauza batez ere berehala jabetu nintzen. Eskaileretako zintan eskua jartzen nuen bakoitzean nire atzean zegoen garbitzaile batek, eskua altxatzea itxaron eta eta hura egondako tokia trapuarekin garbitzen zuen.

Eraikinaren kanpo aldetik doan kristalezko igogailua deskubritu eta bertan eman nuen hotelean pasatako ia denbora guztia. Gora eta behera. Igogailutik ikusi nuen itsasoari tokia kenduta eraikitzen ari diren Palm Islands palmera erraldoi itxurako urbanizazio eroa. Eskubi aldera begiratuz gero uharte artifizialez osatutako mapamundi itxurako The World izeneko beste urbanizazioa. Hainbeste gorabeherek txizagura sortu zidaten. Komunera sartu eta hustu ostean,
konketara hurbiltzerakoan, ordura arte ikusi ez nuen filipinar edo malaisiar itxurako zerbitzari batek grifoa ireki eta toallatxo bat luzatu zidan. Komunetik atera nintzen zerbitzaria bertan utziaz. Airea behar nuen. Desertuko aire lehor eta beroa bazen ere. Hoteleko atari inguruan geratu nintzen. Luxuzko kotxeak nola iristen eta ateratzen ziren ikusten. 7 izarretako hotela omen da Burj Al Arab, baina nik ez nioke etsairik amorratuenari ere gomendatuko.