hurrengoa
black lips    Ezpainak beltz-beltzak dituzte. Euren zuzeneko emanaldiak festa basatiak izaten dira. Biluzik, mozkortuta, elkarri musu ematen, oilo batekin dantzan edo soinu mahaiaren kontra pixa eginez amaitu dituzte kontzertuak behin baino gehiagotan. Ezpain beltz-beltzak dituzte ahobero batzuk direlako eta muturreko bat baino gehiago jaso dutelako…merezia ziurrenik. Baina ezinezkoa da Black Lips ez maitatzea. Eta hori frogatzeko hiru adibide jarriko ditugu: New York Times-ek iaz "talderik langileena" (Hardest Working Band) saria eman zien Austin, Texas-en ospatu zen South by Southwest musika jaialdian 12 kontzertu eskaini zutelako hiru egunetan zehar... Black Lips maitatzeko bigarren arrazoia iazko urrian eman ziguten. AEBtako telebista nazionalean izan zuten estreinua “Night with Conan O’Brien” saioan egin zuten. Eta Bush-ekin eta New Orleánsen gertatutako uholdeekin akordatu ziren “O Katrina” kantatuaz. Ez dituzte berriro gonbidatuko... Eta hirugarren arrazoia gertukoagoa da. Euskal Herrian bira egindakoak dira. Gaztetxe, areto eta tabernetan jo izan dute… eta Legazpiko etxe partikular batetan emandako kontzertua honez gero mitikoa bihurtu da (youtuben ikusi daiteke). Atlantako mutil hauek 2000. urtean elkartu ziren geroztik rock garajero eta zikina egiten dute. Cole Alexander, Jared Swilley, Ben Eberbaugh eta Joe Bradley izan ziren haserako "ezpain beltzak". 2002. urtean Eberbaugh kotxe istripu batean zendu zen. Ian St,Pé-k bete zuen bere tokia.
Atlantako talde underground honek, rock, blues, doo-wop, country eta punk estiloak nahasten ditu konplexurik gabe eta uda honetan datorren urterako atera nahi duten diskoa prestatzeko zita egin dute. Ziurrenik beranduegi da. Famatuak dira honez gero, eta gisa honetako artikuluek ere ez dute laguntzen, baina guk ez dugu itxaropenik galtzen...akaso egunen batean gure etxean antolatutako festan joko dute "muturbeltz" hauek!