hurrengoa
malmö etxea    I  malmö house Baztanen, 2011ko urtarrilean ilustrazio eta diseinuan lan egiteko asmoz jaio zen Malmö. Bertan J.Angel eta Maria daude, estudioko ateak zabalik lan egiteko irrikan. Marraztea, diseinatzea, komunikatzea atsegin dute eta horretan ahalegintzen direla ez dago zalantzarik. Finean saltseroak eta kuriosoak direnez prozesu sortzaile aunitz ibiltzen dituzte, baina, euren abiapuntu nagusia beti ere arkatza eta papera dira. Geografia klasetan ikasi genuenaren kontra... Malmö Baztanen dago beste modu batera esanda... Zergatik jarri zenioten Malmö izena zuen estudioari?

Malmo Baztan izaten jarraitzea desiatzen dugu, nahiz eta guk ere ez genuen hori ikasi geografiako klaseetan. Egia errateko estudioaren izena istorio sinple batetik dator. Izen bila genbiltzan eta faktore desberdinak elkartu zitzaizkigun. Batetik, Lisabö musika taldearen izenaren antzera (jarraitzaile finak gara) dieresiaren kontua atsegin genuen. Izen motz bat nahi genuen eta kasualitatez The Radio Dept. taldearen “Strange thing will happen” kantarekin topo egin genuen. Taldearen inguruan informazioa bilatuz Malmö hirikoak zirela ikusi genuen. Izena gustatu zitzaigun eta zergatik ez erran Suediar kultura atsegin dugu! Izen honekin unibertsalagoak sentitzen gara, herrikoak izatear harro gaude eta Baztanetik lan egitea luxu bat iruditzen bazaigu ere. Izen honek bertako izenekin sortzen duen haustura ere interesgarria iruditu zitzaigun. Aipatzekoa da Minsk izena ere atsegin genuela, baina, Bartzelona eta Parisen
izen bereko estudioak zeudela ikusi genuen-

Zuek bidali zeniguten alfabetoari esker Indurain lehendabiziko izaten jarraitzen duela jabetu ginen eta pizzak nuntxakuekin zatitzen direla,...Nola otu zitzaizuen alfabetoa egitea eta bidaltzearen ideia?

Alfabetoa orain dela gutxi instagramen egon zen “36 days of type” mugimendutik sortu zen. Rafa Goicoechea eta Nina Sansek bultzatutako ekimenetik. Bertan 36 egunez, egunero tipografia bat garatu behar zen, inongo saririk gabe, erronka
bakarra gure buruarekin geneukan. Probatzeagatik hasi ginen, baina, erabat engantxatu ginen. Diseinua guztiz librea zen (lanean normalean gertatzen ez den bezala) baldintzarik gabe, oztopo bakarra denbora zen. 36 egunak bete genituen eta honek jende aunitzek gure lanak ikustea eta diseinatzaile eta ilustratzaile interesgarri asko ezagutzeko aukera eman zigun. Moldaketa txiki batzuk eginez konturatu ginen letra denak elkartuz sortu genuen posterra estudioaren erreflexu zela. Horrela, sare sozialetan babestu zigutenei eta kolaborazio bat sortu zitekeen leku interesgarrietara bidali genuen. Erran norbaitek posterra eskuratzeko interesa balu 10 euroren truke salgai daukagula.

Egun osoan zirriborroak egiten zabiltzaten ilustratzaile horietakoak zarete? Edo lanaz aparte ez dituzue arkatzak eta errotulagailuak ukitzen?

Noski bertze gauza batzuk egitea atsegin dugula, baina, askotan lana eta aisialdia banatzea kostatzen zaigu. Batetik lanetan ahal dugun guztia ematen dugulako eta bertzetik estudioko lan eta proiektuak aisialdiz etxean hasitako zirriborroak erabiltzen ditugulako.

Egun ordenadoreen erabilera masiboa bada ere, eskuz eginiko marrazki organikoek xarma berezia mantentzen dutela uste dugun zaharruno horietakoak gara. Nola ikusten duzue zuek?

Eskuz eginikoa atsegin dugu, baina noski, digitala ere erabiltzen dugu. Prozesu guztiak arkatzez hasten ditugu, guretzat modu egokiena bai da. Gure lanetan eskuz eginiko lanek duten kutsu hori mantentzen saiatzen gara. Horretarako marrazkiaren trataera eta testurak zaintzen ditugu edo letterpress inpresio modua aunitz maite dugunez proiektu batzuetan ere erabiltzen dugu. Baina ezin ukatu digitalak lan asko errazten digula, kolore froga azkarrak egiteko
aukera eta zer esanik ez CRTL+Z konbinazioaz...

Ilustrazio eta diseinu estilo eta molde aunitz menperatzen duzue (errealismoa, komiki kutsukoa, minimala, detaile askokoa,...). Hala ere ba al duzue joera edo marrazteko estilo faboritorik?

Saltseatzea asko atsegin dugu, estilo eta testura ezberdinekin frogatzea... hasiera batean estilo jakin bat ez izateak buru hauste dezente ekarri zizkigun. Izaera falta genuenaren sentsazioa geneukan. Dena den denborarekin konturatu gara ez dela horrela. Bizia ematen digu eta proiektu batekin hasten garenean ate asko zabalik ditugu. Azken aldian lowbrow estiloa, cartoon edo komiki kutsuarekin diseinatzen gustura sentitzen gara. Hori bai, errealismoarekin oraindik borroka handiak irabazteko gelditzen zaizkigu.