• 1
  • 2
hurrengoa
kautxuaren hiri galduak uxeta labrit   Pasadan mendeko hasieran Amazonas ibaiaren alboetan oihanak eskaintzen zituen aberastasunak profitatu nahi izan zituzten munduko potentzia ekonomikoek. Azkar garatzen ziren teknologiei esker, garaiko gizarte aurreratuek ustiatzeko aberastasun iturri gisa ikusten zuten natura. Naturak ordea, beti erakutsi du bere burua defenditzeko gaitasun berezi eta beldurgarria. Amazonas-ko Xingu indigenek dioten moduan –oihana gizakiaren aurretik zegoen eta oihana gizakiaren ostean egongo da–. Baina beno, Sting-i utziko dizkiogu filosofia berde eta izpiritualak. Guri, naturaren indar mendekatzailea interesatzen zaigu eta hain zuzen ere kamara azkarrean gertatuta diruditen mendeku horietako bat ekarri nahi dizuegu gogora: Fordlandia eta Belterra.
Lorejale astun baten moduan jarri aurretik, esan bezala pasadan mendeko hasieran Amazonas-ko lehengaiak esplotatzeko lasterketari hasera eman zitzaion. Horrek aberastasuna ekarri zuen eta aberastasunak handikeria. Oihanaren erdian zegoen Manaus herrixkan Atenas berria sortzen hasi ziren. Besteak beste bertan eraiki zen opera famatuan garaiko izarrik handienak abestu zuten. Oihaneko bero eta hezetasunak, malariak eta sukar kronikoek gizakia jainkotu egiten dutela esaten dute (Werner Herzog eta Klaus Kinski-ren harreman ezegonkorrak emaitza ezin hobea eman zuen errealitate hau deskribatzerako orduan ¨Agirre la colera de Dios¨ (1973) eta ¨Fitzcarraldo¨ (1992) filmak ikustea duzue etxekolan).
Manaus-en adibideari jarraiki, oihana besterik ez zegoen tokietan hiri berriak eraikitzen hasi ziren. Horien artean Henry Ford enpresa gizon dirudunak 30. hamarkadaren hasieran sortu arazi zituen Fordlandia eta Belterra. Britainiar eta holandarrek zuten kautxuaren monopolioa hautsi nahian, Fordek Brasil eta AEBtako gobernuekin negoziatu eta 20 garaiko milioi dolar gastatu zituen Amazonas sakoneko Tapajós ibaiaren hertzean 10.000 kilometro karratu erosi eta hebea brasiliensis -kautxu arbola landatzen.
Fordlandia eta Belterra AEBtako hiri baten antolaketa jarraituaz eraiki ziren. Golf zelaia, egurrezko etxeak, pinudiak, eliza, Brasilgo lehen ebaketa estetikoa egin zuen ospitalea, "Hase" izeneko dantza kluba, dendak, hanburgesa jatetxeak eta abar…Gizarte banaketa bortitzak gobernatzen zuen Fortlandia eta Belterran. Villa Americana izenekoan gringo zuriak bizi ziren, Mensalitas izeneko kalean, klase garaiko eta zerbitzuetara zuzenduak zeuden brasildarrak eta periferian eraiki zen ¨langileen kalea¨ izeneko kale originalean...langilea natiboak.
Baina Amazonas sekula bisitatu ez zuen Ford-ek hanka sartzeak bata bestearen ostean egin zituen: 9- 15 orduko lanegunak Amazonas heze eta sargoritsuan; indigenei zapatak derrigorrez jantzi arazten zizkieten; AEB-tako kopia ziren etxeetan beroa biderkatzen zuten kristal handiak jarri zituzten eta okerrena, Ford puritanoak alkohola debekatu zuen. Azken neurri honek langileen errebolta piztu zuen. Ejertzito brasildarrak iraultza txikia itzali zuenean langile askok taberna eta putetxez beteta zegoen Inocencia irlara egin zuen ihes.
Ford-en botanikoek gainera ez zuten tropikoa ezagutzen. Bertan landatutako kautxu arbolak bata bestearengandik gertuegi landatu eta plaga ezberdinen jomuga izan ziren. Fordlandian ez zen latex uzta bakarra izan. Belterran 1942an jaso zuten lehendabizikoa eta 750 tona izan ziren, aurreikuspena 38.000 tonakoa zenean. Kautxu ekoizpena uste baino urriagoa izateaz gain, kautxu sintetikoaren asmakizunak estalkia jarri zion Forldlandia eta Belterra izeneko ametsaren hilkutxari. 2. guda mundialarekin batera Amazonastik ihes egin zuten gringoek (eta eurekin eraman zuten makineria guztia).
Egun Belterran familia eskas batzuk bizi dira eta Fordlandia abandonaturik dago, Joseph Conrad-ek deskribitu zuen “Illunbeen bihotzera” egindako bidaiaren beste adibide baten modura.