hurrengoa
beltzuria    Animaliarena da lehen hotsa. Amarena dator ondoren. Liburu honen lehenhotsa, lehen lehen txinparta noiz piztu zen?

Testuaren hasieran dagoen irudiarekin, hondartzan paseatzen ari den emakume helduak ozen esaten duenean: A ze Beltzuria datorren! Une horretan hasten da Beltzuria, orain zortzi bat urte.

Genero aldetik deskribatzen zaila da Beltzuria. Beste batzuen artean, saiakera, poesia eta dokumentalaren nahasketa dela irakurri dugu. Artefaktu bat dela ere ikusi dugu nonbait. Nola definituko zenuke zuk?

Zuk esan duzun guztia biltzen duen testu idatzia da. Testua irakur dezakegun edozer izan daitekeela kontuan hartuta: irudi bat, oinez doan pertsona bat, hondartza baten itsas-ertzean oinez doan emakume heldu bat, gorputza mugimenduan, koadro bat, partitura bat, film bat. Horiek guztiak irakur egin ditzakegu eta hortik gure
interpretazioa osatu. Artefaktu hitza Beltzuriaren azken testuan erabiltzen dut, aurkezpen egunean ere irten zen, bai, mahaikide izan nituenen artean. Erantsiko nuke ez zaizkidala gehiegi interesatzen norabide bakarreko irakurketak, edo irakurketa bakarra eskaintzen dutenak, edo batzuek gauzak hitz bakar batekin definitzeko duten behar horiā€¦ Errealitatearen konplexutasuna laguntzen duten
materialak interesatzen zaizkit.

Irakurlearentzat, segidan datorren orrialdean zer topatuko duen asmatzea zaila da. Horrek atraktiboa eta zirraragarria egiten du batetik, baina helduleku edo makulurik gabe uzten du bestetik. Eta badut inpresioa, zuretzat, idazlearentzat ere, prozesua horrelakoa izan dela. Nolabait idazten zenuen heinean sortzen joan den liburua izan dela... makulurik gabe idatzitakoa dela...Hala da edo hasieratik zenuen argi liburuaren ildoa eta estruktura?

Liburuan idazketa prozesua bera da. Baina Beltzuriaren gidoia ez dago aurretik idatzia edo ez dago nik aurretik dakidan zerbaiten eszenaratze bat, bukaerara naramana. Idazten hasten naiz eta idatzi ahala osatzen doa liburua. Horrela azaltzen dut gainera testuan bertan. Tartean egoerak sortuz noa, egoera jartze prozesu bat dago ere, performatiboa dena, egiteko beste modu batzuen artean. Idazketa prozesuan sortutako materialen edizio eta muntaia lana handia izan da.
Eta horren guztiaren azpitik asko zaindu dudan geruza poetikoa dago. Poetikoa denak lan bat du atzean, mundua ikusteko modu bat. Eta lan hori guztiz ikusgarria egiten ez bada ere, irakurle, entzule edo hartzailearengana iristen da modu batean ala bestean. Idazten dudanean guztiz kontrolatuta ez dauden eremuetan sartzea interesatzen zait. Eta aldi berean dena dago oso neurtua testuan, isiltasunak, erritmoak, sonoritatea, erresonantziak. Hau da, testuaren
barne dramaturgia. Konposizioaren kontzientzia eta ardura bat dago nire lanean, posizionamendu argi bat. Horrexegatik, ez dut uste testuaren hartzaile makulurik gabe geratzen denik. Egia da parte-hartu behar duela hartzaileak, posizionatu beharra dauka testuaren aurrean. Hori da hartzaileak duen askatasuna. Eta hori lehenengo eta bigarren oharretan azaltzen dut. Zintzo jokatzen dut zentzu horretan, bai neure buruarekin
eta baita irakurlearekin ere. Nik materialak oratu egiten ditut eta hartzaileak oratutako materialekin esanahiak sortzen ditu. Esanahiak ez ditut nik erabat sortu, ez dudalako nahi izan, jakina. Idazketaren eta idazlearen lekuaren aldetik ere posizionamendu bat dago. Kontrakoa egitea, esanahiak kontrolatuta eta jada erretilu batean zerbitzatua ematea, berriro diot, manipulatzailea dela esango nuke.

Ahotsak berebiziko garrantzia du liburuan. Ahots bilatzailea zaitugu bertan. Ahotsaz hausnartzeko eta hitz egiteko behar hori nondik datorkizu?

Idazketaren praktikatik. Hamarkada bat da honako galderak egiten hasi nintzela neure buruari: zein da hitza, gorputza eta ahotsaren arteko harremana? Zer egin eta eragin dezake harreman horrek praktika artistikoan? Zein da performatibitateak idazketan duen eragina? Nola eraman hitza eta ahotsa espaziora, eszenara, etab.? Orain hamar bat urte Gau bakar bat neure antzerki lana Idoia Zabaleta koreografoarekin eszenaratzen ari nintzela galdera horiek indar gehiago hartu zuten, biderkatu egin ziren nolabait esateko. Ordutik hona doktore tesi bat idatzi dut ahotsaren inguruan, testu eta saiakera laburrak, artikuluakā€¦ Ahotsaren inguruan ikerketa teorikotik eta praktika artistikotik aritzea interesatzen zait, biak osagarriak dira une honetan nire lanean. Ahotsa ez baita hitza soilik, lengoaiarekin eta esanahiarekin lotu ohi
dugu, lengoaiaren sisteman sartzen da. Hitzak eta esanahiak itzala egiten diote ahotsari, albo batean uzten dute, baztertuta. Hori horrela izan da pentsamenduaren istorioan, eta pentsamendu unibertsal horretan harrapaturik jarraitzen dugu. Baina hitza esanahiaz gain hotsa ere bada, erritmoa, materia. Eta ahotsa arnasketa da, gorputzetik datorren hotsa, zerbait fisikoa, organikoa. Horrez gain ere, ahotsa da bakarrak egiten gaituena, bakartasuna ematen gaituena. Ahotsa modu konplexuan begiratuz eta entzunez gero eremu emankorra irekitzen da. Hala da behintzat niretzat.

Liburuaren formari, diseinuari dagokionez, narrazioa modu ez jarraian aurkezten duzu, testuen eta kontakizunen artean espazioak utziaz. Espazio huts eta isilak, arnasa hartzeko tarteak bailiran...Liburua, objektu gisa ere ez dago edozein moduan argitaratua...

Beltzuriaren edukiak berak eskatu dit forma hori. Formak eta edukiak bat egitea bilatu dut. Garrantzi handia eman diot beraz diseinuari. Lengoaiaren erabileragatik, hitzak luzatzeko bilaketarengatik, ez ditudan argazkiak erabiltzen ditudan moduagatik ere... Zentzu horretan Bigarako Itziar Aranburu eta Jon Ander Garciak egin duten lana azpimarratu nahi nuke, liburuari sentsibilitate handiz leiho gehiago ireki dizkiotelako.

the balden irudiaren inguruan hausnartzen ibiltzen gara behin eta berriro. Zuk beltzurian irudirik ez duzu sartu baina falta diren irudiei
dagokien espazioa nabarmendu duzu...Zer dela eta?


Irudien inguruan gogoeta egiteko aukera eman dit testuan zehar irudirik ez erabiltzeak eta gero nituen bi irudiak nahiz idazketa prozesuan aurkitutakoak erabiltzea. Irudien desagerpenen inguruan. Desagertzen al dira irudiak? Zer
gertatzen da haiek desagertzen direnean? Ez al dira modu setatsuan bueltatzen eta ez al dute horrela bizirauten? Galdera hauen harira, ipurtargien modukoak dira erabili ditudan ez-irudi eta irudi horiek.

Esku oharrak eta codak (isatsa italiarrez) izeneko bi atal berezi ditu liburuak amaiera aldera. Zergatik daude ezberdinduak liburuaren korpus nagusitik bi atal hauek?

Beste testura bat dute bi testu horiek, beste modu batean sortuak dira, beste mekanismo batekin. Hitzen erritmoa eta esanahiaren artean mugitzen dira bi testu horiek, biak ala biak modu berean helaraztea bilatu dut testu horietan. Ez nituen liburuaren gorputza nagusian ikusten, ezta oharretan ere. Koda hori epilogo moduko bat izan daiteke ere.