hurrengoa
better call saul    AMC kate estatubatuarrean estreinatu berri duten Better Call Saul telesailak New Mexico-ko Alburquerque hiriko abokatu baten gora beherak kontatzen ditu. Eta ez edozein abokatuarenak; Walter White-n abokatua du protagonista. Better Call Saul, Breaking Bad telesailaren spin off bat dela jakin beharko zenuke. Eta Spin off bat zer den ere badakizuela pentsatzen dugu. Orain arte irakurritakoak zuretzat zentzu gehiegirik ez badu, ez jarraitu irakurtzen. Joan zaitez hurrengo artikulura. Oraindik hemen bazaude, aurreko pertsonaiak ezagutzen dituen zorioneko horietako bat zara. Edo, akaso, artikulua irakurtzen ez jarraitzeko esan dizun pedante honi kontra egitearren, hurrengo lerroak irakurtzen jarraituko duzula esan diozu zeure buruari. Bata nahiz bestea izan, honez gero harrapatuta zaude. Gauza bera gertatu zitzaigun Breaking Bad telesail zaleoi. Ikusten hasi, eta inork gutxik espero zezakeen Walter White eta Jesse Pickman-en gora beherek hain sakon ukituko gintuztenik. Baina meta urdina dastatu duenak ezin du besterik frogatu, eta zeharo engantxatuta geratzen da Alburquerqueko desertuari lapurtutako eremuetan eraikitako auzo periferiko klonikoetan eta urte osoan haize egokitua topera izaten duten eraikuntzetan.

Ondarrak higatutako paisaia haietara eramaten gaitu berriz ere Better Call Saul telesailak, Breaking Bad-eko Walter White kimika irakasleari minbizia diagnostikatu baino sei urte lehenagora. Garai hartan, Saul Goodman (abizen aproposagorik abokatu batentzat?) inguruko gaizkile eta mafiosoen abokatu kuttun bihurtzen da. Horrela, apurka-apurka, bezero-sare garrantzitsu bezain arriskutsua ehunduz doa.

Breaking Bad telesailaren sortzailea den Vince Gilligan-en proiektua da Better Call Saul. Ekoizpen, gidoilari eta talde tekniko berarekin egin du lan, eta, oraindik goiz bada ere iritziak ematen hasteko, telesailak badu oso interesgarria suertatzen zaigun adierazgarri bat: denboraren erabilera malgua. Hau da, narrazioa Breaking Bad-eko akzioa baino sei urte lehenago hasten bada ere, atalek eta denboraldiek aurrera egin ahala, akzioaren denborak Breaking Bad-en denborarekin bat egingo du, eta hura ere gaindituko du. Alegia, BrBd-ren prekuela eta sekuela izango dela Better Call Saul. Breaking Bad aurretik, Breaking Bad bitartean eta Breaking Bad ostean gertatuko da akzioa; beraz,, aukera handiak ditugu BrBd-en desagertu eta hil diren pertsonaiak berriro ikusteko. Ikusiko al dugu berriz ere Walter White? Ez dago jakiterik. Baina jakin badakigu hura antzezten zuen Bryan Cranstonek Better Call Saul telesaileko atal batzuk zuzenduko dituela. Beraz, Heisenberg desertuan dabilela badakigu.

Bi telesailen harteko harremanean, pieza nagusietako bat BrBd-en ezagutu genuen Mike Ehrmantraut ¨fixer¨ edo arazo konpontzailea izango da (Jonathan Banks aktore sekundario itzelak antzezten duena). Bob Odenkirk aktoreak maisuki antzezten duen Saul Goodman ezagutzen duenak komedia kutsua espero badu ere, Gilliganek aurreratu du telesailaren % 80 drama izango dela eta % 20 komedia... beltza.


Spin off: aurreko telesail batetik ateratako pertsonaiekin sortutako telesail berria. Better Call Saul izango da, ziurrenik, orain arte sortu diren Spin off-en artean zailena. Breaking Bad bezalako serie mitiko batetik ateratako kimua izatea erronka itzela da. Spin off ugari ikusi dugu azken urteotan. Ezagunagoak batzuk, eta kultuzkoak beste batzuk. Cheers telesailetik atera zen Frasier adibidez, originalaren gainetik dagoen spin offaren adibidea izan daiteke. Family Matters (Steve Urkel mitikoa azaltzen zeneko hura) Perfect Strangers telesailetik atera zen. Melrose Place-ko gazte ederrak nerabeen telesail baten ondorio dira. Beverlly 90210 telesaileko Kelly Dylanen lagun motozalearekin enroilatzen denean, ekoizleek deskubritu zuten Jack guapo hark bazuela beste publiko bat. Grey´s Anatomy-tik ere, besteak beste, Addison doktorea protagonista zuen Private Practice atera zen, eta Friends-etik Joey. Ezezagunagoa da honez gero kultuzko seriea den The Lone Gunmen, The X-Files-en spin-offa non protagonistak Mulder eta Scullyri laguntzen zieten konspirazioen teoria zale frikiak ziren. Gutxik daki adibidez, The Simpsons ere TV saio baten spin offa dela. The Tracey Ullman Show-en atal bat izan ziren hiru urtez, eta nork gogoratzen du egun Tracey Ullman? Gertuago, Siete Vidas telesailetik sortu zen Aida edo eta Goenkaletik ateratako Hasiberriak.