hurrengoa
argi zelataria    iñigo salaberriarekin hizketan
Zure azken lanerako Islandia aukeratu izana ez da kasualitatea. Duela 27 urte han izan zinen bizitzen eta lanean. Nolakoa izan da, hainbeste denboraren ostean, irla hain berezi horretara itzultzea?

Han izan nintzenetik asko aldatu da irla. Naturari eskainitako parke tematiko bihurtzen ari da. Aurten, lehendabiziko aldiz, milioi bat turistak bisitatuko du Islandia. Duela lau urte ez zen erdira ere iristen. Islandiara lehendabiziko aldiz joan aurretik, elkarrizketa batean irakurri nion Borgesi, hain urruna eta ezezaguna izanik, gizarte islandiarra kristalezko kutxa baten azpian bizi zela. 86an, iritsi berritan, ikusi nuen lehendabiziko gauzetako bat islandiako lehen ministroa izan zen, iragarki panel batean kondoien erabilera sustatzen. Europan oraindik tabua zen IHESaren gaia. Herrialde ezberdin batera iristen nintzela jabetu nintzen. Asteazkenetan garagardoa debekatua zegoen, eta uztailean ez zegoen telebistarik.

Orain kristalezko kutxa hura hautsi egin da, eta Islandiak DisnIslandia bihurtzeko arriskua du. Lehendabiziko aldiz, bikingoek inbadituak izan dira; batzuk, ordea, hasi dira beren aizkorak zorrozten...

Zer efektu eta eragin izan du denboraren iraganak Islandian egin duzun lan berrian?

Bi bideo oso ezberdin egin ditut. Lehena, “Birta Myrkur II”, duela 27 urte aurreko bertsioa grabatu nuen leku berean filmatua, eta bigarrena, “Luz a la Deriva”, Reykjavik gauez erakusten duena.

Orain arte, nire bideo guztiek leku baten aurkikuntzarekin izan dute zerikusia, zentzu topografikoenean, baina lehendabiziko aldiz jarri dut kamera berriro ezagutzen nuen paisaia baten aurrean, nahiz eta nire memorian oso lausoa izan. Denborak nire oroitzapenak zein puntura arte aldatu dituen ikusi nahi nuen. Eta konturatu naiz pertzepzio horretan islatuta ikusten nuena ez zela hainbeste espazio ezagun bat, baizik eta nire barne denbora, nire barrurako begirada bat, zeina labar baten moduan azaltzen zen nire aurrean eta tarteka bertigoa ere ematen zidan. Errealitateak nire kontzientzia marrazten zuen, ispilu baten moduan.

Nola definituko zenuke “Birta Myrkur”-en eginiko lana?

“Birta”, islandieraz, eguzkia atera aurretik dagoen argiari esaten diote eta “Myrkur” gaua guztiz erori aurretik dagoenari. Izenburu hori aukeratu nuen hango gauak eta egunak erritmo ezberdinarekin ematen diotelako paso batak besteari, guk ezagutzen dugunarekin alderatuta. Muturreko kontrasteak dituen lurraldea da. Blá Álónid lakura itzuli nintzen duela 27 urte aluminio fabrikaren alboan bainatzen ziren familia islandiar haiek oraindik ere existitzen ote ziren ikustera, edota, nahiz eta irudietan grabatuta egon, guztia amets bat baino ez ote zen izan argitzera. Zalantzak berehala argitu zitzaizkidan. Laban zizelatutako paisaia iradokitzaile hura spa artifizial bihurtu da, egunero albornoz zuriaz jantzita eta garagardo basoa eskutan datozen ehundaka turista jasotzen dituena. Ez zen islandiarrik bertan.

Zein izan da zure lan metodologia? Aurretik pentsatutako gidoi bat al zenuen?

Ez, ez dut gidoirik idazten, baina nire ingurua tentuz ikuskatzen dut grabatzen hasi aurretik. Nire grabatzeko moduak ez du zerikusirik aurretik idatzitako gidoiekin. Ez dut aurreikusitako planik. Itxarotearekin eta argi, itzal, mugimendu eta jendearen keinuekin du zerikusi gehiago. Distantzia aproposa bilatzen saiatzen naiz. Eta irudiak jasota daudenean, orduan soinua grabatzen dut modu independentean. Egunak begiratzen eta hitzik egin gabe pasatzen ditut. Gero guztia montatu, zer gertatu den ikusi, eta akaso nota batzuk idatzen ditut gidoi modura.

Egin duzun bigarren bideoa, “Luz a la Deriva”, Reikavick-en grabatu zenuen, eta gauez. Zer dute bi filmek komunean?

Jakina den moduan, Islandiak iluntasunean pasatzen du urteko zati handi bat. Nire lehen egonaldian, negu osoa pasa nuen eraikuntzan lanean Reykjavik-en. Asteburuetan paseatu egiten nuen. Irla uztean, oroitzen nituen gauzek eguneroko bizitzarekin zuten zerikusia. Alde batetik bestera eginiko ibilaldietan ikusitako erakusleihoak, tabernak, gurutzatzen nuen jendea… baina guztia argi artifizialez argitua, akuarium baten moduan. “Luz a la Deriva” lanarekin sentsazio horiek berreskuratu nahi izan ditut. Gauak duen abantaila da teloi gisa egiten duela lan, eta oinarrizkoa dena uzten duela agerian. Teloi beltz horretan, ordea, beharrezkoa da argia, espazioa edo eta aukeratutako motiboa ikusi ahal izateko.

Zinemaren oinarria diren argia eta itzalak berreskuratu. Georges de la Tour-en pinturetara edo 80eko hamarkadako Godard-en pelikuletara itzuli, non espazioa argitzen duen argia bera, kandela, lanpara edo fokua enkoadrearen barruan dauden, errepresentazio markoan.


Iñigo Salaberria

Iñigo Salaberria (Donostia, 1961). Historia eta estetika zinematografikoa ikasi zuen. Donostiara itzuli aurretik, Paris, Lyon, Reykjavick, Londres eta Madriden bizi eta lan egin du. Bideo sorkuntzan aitzindari eta aditua da. Nahiz eta berak ez lukeen sekula halakorik esango. Solasa maite duen laguna da, Iñigok“bideo” gisa izendatzen ditu bere filmak. Bere buruarentzat lan egiten duela esaten duen artista asko ezagutu arren, Iñigo Salaberria da, nik ezagutzen ditudanen artean, filmak bere arima elikatzeko egiten dituen bakarra. Nahiz eta berak ez lukeen sekula halakorik esango. Bere lanak, zorionez, nazioartean erakutsi izan dira eta hainbat sari eskuratu dituzte. Nahiz eta berak ez dizun sekula halakorik esango.

Bere beste lan batzuk: Disdirak (1992), La Noche navegable (1993), Diario Dogon (1994), Pulso a la
materia (2008), Las Horas Contadas (2010).