hurrengoa
unaistoria    Irakurri nahi nukeen liburua. Ikusi nahi nukeen filma. Literatura baino literaturagoa dena. Zinea baino zineago dena. Gipiren azken komikia, Unastoria, la ostia da.

Gianni Paccinotik, Gipik, komiki-liburu bat ateratzen duen bakoitzean, mundua toki apur bat bizigarriagoa da. Bai, askori gehiegikeria bat irudituko zaio esaldia. Boutade bat. Ados, baina ni benetan sinetsita nago. Badira beren talentuarekin kutsatzen eta liluratzen gaituzten sortzaile gutxi batzuk. Bizitzarekin konektatzeko gaitasun berezia duten egileak. Irakurlearen eta ikuslearen memoriarekin eta bizipenekin bat egiteko bidea urratzen dakitenak. Gipi horietako bat da.

Egunerokotasuna islatzeko erraztasun itzela du komikigile italiarrak. Egunerokotasunak izan dezakeen lilura eta hutsaltasunarekin. Gipik bere pertsonaiak maite ditu. Maitasun horrek, ordea, ez ditu modu iruzurtian babesten. Ez ditu epaitzen, ez ditu saritzen, baina ez die barkamenik eskaintzen ere. Gipiren lanetan minak min ematen du eta zorionak zorion. Sinplea bezain zaila. Sinesgarritasun sineskaitza. I. Mundu Gerran borrokatu zuen birraitonak, eta, haren eskutitzak deskubritzean, birraitonaren eta Silvano Landi idazlearen bizitzek bat egiten dute. Hori kontatzen du Gipiren Unaistoriak.

Gipik maisuki marrazten duela esan genezake, estilo ezberdinak uztartzen dituela, baina guztiak Gipi direla. Aipa genezake nola uzten dituen paperean egindako akatsak, egilearen beraren zalantzen lekuko gisa. Azal genezake nola mugitzen duen kamera komikian barna, eta jartzen dituen komak. Baina ez dugu egingo. Alferrik litzateke. Komikiak irakurri eta begiratu egin behar direlako. Komikiak ezin dira kontatu. Nola kontatu errekek eta ibaiek lurra zizelatzen duten moduan zizelatzen dituztela malkoek gure aurpegiko zimurrak? Nola kontatu trikuak lubakietako zaurituen odolaz elikatzen direla? Nola kontatu alabek ez dituztela beren aitak maite? Nola kontatu gasolindegiek gizakiak
abandonatzeko eremu izaten jarraitzen dutela? Nola kontatu gau ilunenak beldurraz eta itxaropenaz elikatzen den bere argi propioa duela? Nola kontatu istorio guztiek gordetzen dutela istorio bat?