hurrengoa
ohe turismoa    Txileko San Clemente herriko biztanleek badakite unibertsoan ez gaudela bakarrik. Edo hori sinistea komeni zaie behintzat. Duela hiru urte ¨Ruta Ufologica El Enladrillado ¨sortu zutenetik, erdialdeko mendikatean kokatua dagoen herri honek ez duelako krisialdirik ezagutu. Gobernuaren turismo zerbitzu nazionalaren zigilu ofizialarekin (Sernatur), milaka dira eskualde honetara hurbiltzen direnak beste planetetako biztanleen seinale eta aztarnen bila.

OHE ikuskatze ibilbideak 30 kilometro inguru ditu eta Altos de Lircay erreserba nazionalaren barruan dago. Parkearen zonalde garaienean, 2.300 metrora, El Enladrillado izeneko meseta dago. Eta bertan, zonaldeari izena ematen dioten 200dik gora harri bloke erraldoiak. Baldosak bailiran kokatuak, 1000 metroko labar baten ertzeraino garamatzate. Extralurtarren ontzien lur hartze eta aire hartze pista bat direla uste dute askok. Erich von Däniken idazle suitzar ezagunak eta Rafael Videla antropologo eta historialari txiletarrek defendatzen duten teoriaren arabera, El Enladrillado beste planetetako biztanleentzat aireportua zen.

San Clementeko alkate ohiak, Juan Rojasek, ongi azaldu zuen ibilbide ufologikoa zabaldu zuten egunean bota zuen hitzaldian: “ Nik badakit martzianoek gu aukeratu gintuztela. Beste edozein tokitan azaldu zintezkeen baina gu aukeratu gintuzten. Badakizue zergatik? Espazioko lagunek badakitelako gu jende ona eta zoriontsua garela. Akaso ez dugu heziketa edo barniz soziala, baina hemen beste aberastasun batzuk ditugu, natura, behiak, animalitxoak, mendiak eta urtegiak. Eta martziarrak konturatu egiten dira eta hona datoz. Ez da existitzen OHErik ikusi ez duen sanclementinorik. Nik bi ikusi ditut, eta orain ibilbide honi esker gure herria ere munduari erakutsiko diogu¨.