hurrengoa
lauroba: tolestura berri bat    Zeru tolesgarriak diskoan, konposizio, konponketa eta instrumentazio artisau-lana egin du Iker Laurobak. Konplexurik gabe, emozioei zuzenduriko pop kantu melodiko eta lasaiak bildu ditu. Ez ezazue espero merengerik, ordea. Grabaketa-lan itzelak eta Harkaitz Canoren hitzek tolesduraz betetzen baitute Iker Laurobaren musika zerua. Zure ibilbidea rockari lotuta irudikatzen dugu beti. Nondik sortu zaizu kantuei ukitu beri hau ematea? Instrumentazio anitza, konponketa lan handia…

Betidanik konposatu izan ditut estilo honetako abestiak, halere, Harkaitz Canorekin topo egin arte, ez zitzaidan burutik pasa halako disko bat egitea. Erraztasun handiagoa dut musika egiteko idazteko baino, horregatik hura izan da behar nuen bidelaguna. Esan beharra dut Fredi Pelaezek ere asko lagundu didala proiektu hau aurrera ateratzen. Grabazioa haren estudioan egin dugu, ekoizpena haren esku egon da, diskoan parte hartu duten musikari asko haren bidez ezagutu ditut... Diskoa biei esker kaleratu dut, parte handi batean.

Hitzek ere garrantzi handia izan al dute lan honetan? Kontaiguzu nolakoa izan den H. Canorekin elkarlana…

Harkaitzek letra pare bat egin zizkigun Laurobaren azken diskorako. Behin grabazioa amaituta, proiektu hau aurrera eramatea proposatu nion. Abestiak buruan nituen, baina egituratu gabe, eta, hilabeteko epean guztiei forma eman, eta Harkaitzek letrak eginda itzuli zizkidan. Izugarria izan da nola egokitu zituen hitzak nik bidalitako melodietara; abesti bakoitzaren arima ezin hobeki interpretatu zituen.

Ba al duzu lan hau zuzenera eramateko asmorik? Zer formatutan?

Ez dut oso argi oraindik; disko hau kapritxo moduko bat izan da. 23 musikarik hartu dugu parte, eta oso zaila izango zen disko hau bere horretan zuzenera eramatea. Gainera, musikaren panorama dagoen bezala egonda, ez dut uste formatu handi batean zuzenekoak emateko aukerak izango nituzkenik, beraz, orain arte bezala jarraituko dut, oraingoz. Iñigo Asensio (pianoa, akordeoia), Jokin Garmendia (txeloa), Sara Azurza (ahotsa) eta Leire Berasaluze (ahotsa) dira nire banda egonkorra.

Kantu askotan emakumeen ahotsak dituzu lagun, eta nortasun berezia ematen die kantuei bi ahotsekin egiten duzun jokoa… Hasieratik izan zenuen argi aukera hori?

Sara Azurza, Leire Berasaluze eta Fariba Sheikhan abeslariek hartu dute parte grabaketan. Diskoa orain kaleratu den arren, badaramat bolada bat abesti hauek zuzenean jotzen, eta hirurek lagundu didate beren ahotsekin ibilaldi horren hainbat momentutan. Diskoan denak egotea nahi nuen, hiru ahots zoragarri iruditzen baitzaizkit.

Musikaz bizitzea zaila da, baina musika bizitzea, zure kasuan, behintzat, ez dago zalantzarik hala dela... Nola moldatzen zara hainbeste proiekturekin?

Ez da erraza, batez ere etekin ekonomikorik jasotzen ez duzunean apenas, eta beste lan bat eduki behar duzunean bizitza aurrera ateratzeko. Hala ere zorte handia dudala sentitzen dut, musika bikaina egiten duten banden parte naizela sentitzen dudalako: Charlie & The Colours, Indigo, Lauroba, Tristan Crowley…