audio
hurrengoa

In colour

Jamie XX

Betiko arropa iluna alboratu, eta kolorez jantzi ditu bere abesti berriak Jamie XX-ek. Hainbat urtetako sormen lanaren emaitza da diskoa, eta egunerokoan eragiten dioten soinuak bildu ditu (tartean hainbat telesailetako elkarrizketak). Hainbat bidaia lagun izan ditu kantuak osatzeko, tartean, The XX-eko taldekide den Romy-ren laguntza ere izan du Loud places bikainean.

hurrengoa

Quema, quema, quema

Kanaku y el tigre

Bost urte pasa dira Peruko Kanaku y El Tigre-k Caracoles diskoa argitaratu zuenetik. Folk, pop, tradizioa eta psikodelia nahasten dira lan berri honetan. Nicolás Saba-k eta Bruno Bellatín-ek gidatzen duten taldeak izen handiko kolaborazioak izan baditu ere (Leonor Watling, Pamela Rodriguez) bere kabuz defendatzen diren abestiak osatu dituzte. Liniers argentinarrak sortu du diskoaren azala.

hurrengoa

Amanecer

Bomba Stereo

Kunbia eta elektronika nahasteko duen joerak eraman du Bomba Estereo gaur egun dagoen postu gorenera. Atzean gelditu dira Fuego bezalako abestietan proposatzen zizkiguten doinu mestizoak, eta elektronikak pisua hartu du Liliana Saumet abeslariak gidatzen duen taldean. Que bonito single-ak aurreratu zuen aldaketa hori, eta, orain, Fiesta eta horren gisako kantuetan entzun daiteke. Ba, hori: hitz gutxiago eta festa gehiago!

hurrengoa

Currents

Tame Impala

Kevin Parkerrek gidatzen duen taldeak gailurra jo du Currents disko berriarekin. Inoiz baino gitarra gutxiago erakusten duen lan honetan, Parkerren heldutasun musikala nabarmentzen da, eta autore kutsua darie abestiei. Disko perfektuaren bila aritu da, eta lortu duelako susmoa dugu. Psikodelia maite baduzu, bidaia paregabea aurkituko duzu hemen.

hurrengoa

Coming Home

Leon Bridges

Soul eta Gospel erritmoak maisuki abesten dituen musikari gaztea da Leon Bridges. Askorentzat Sam Cooken lekua hartzera dator. Lehen disko honetan, soul dotorea eta R&B bizia batzen dituzten kantuak aurkituko dituzu. Maitasun baladek eta gerria mugiaraziko dizuten kantuek ere badute lekua…; azken horietakoa da Smooth Sailin. Soularen izar berri baten sorreraren aurrean gaudela dirudi.

hurrengoa

Nozinja Lodge

Nozinja

Hego Afrikako Shangaan etniatik datorren musikaria da Nozinja. Tailer batean mugikorrak konpontzen hasi zen, eta han pilatzen zituen aparailu elektronikoekin Shangaan Electro estiloan nahasten diren soinuak sortzeari ekin zion: elektronika eta doinu tradizionalak. Warp diskoetxeak sinatu du, eta bere estudioko lehendabiziko diskoa dakar orain: alaia, koloretsua eta bizia. Dantzarako erritmo ero hauek ez dizute etenaldirik eskainiko.