hurrengoa
memoriaren miaketa etengabekoa (eta gehiago) aritz galarraga   Izan zitekeen Herminio Martinez, Jose Armolea edo Josefina Stubbs, ezkondu aurretik Antolin. Baina Jacques Austerlitz da W.G. Sebald idazleak abizen bereko eleberriaren ardatz bilakatu zuen pertsonaia. Galesen haurtzaroa, Parisen tarte bat, Londresen aspaldian, erabat arrotz zaizkio bere lehen lau urte eta erdiak. Halako batean entzuten dituen arte bi emakume irratian: azaltzen ari dira nola, 1939ko udan, haurrak zirela, naziengandik ihesi bidali zituzten Ingalaterrara. “Orduantxe konturatu nintzen ohitura gutxi nuela gogoratzeko, eta, aldiz, bereziki saiatu izan naizela ez gogoratzen ezer”.

Memoriak kezkatzen du Sebald, memoria indibidualak, “gure gogoratzeko gaitasunaren iraungitze progresiboak, informazioaren ugaritzearekin batera doanak”. Kolektiboak ere bai. Hemen memoria historikoarekin hasi ere hasi gabe geundenean, idazlea dagoeneko kritika egiten ari zitzaion. 1999koa da: “Bizitako errelatoen” arazo nagusietakoa da berezko gutxiegitasuna, fidagarritasun falta nabarmena eta hustasun bitxi bat, topikoan erortzeko gaitasuna, beti gauza bera errepikatzekoa”. Horregatik kokatzen ditu akaso pertsonaiak postmemoria deitu izan den horretan: jaiotza aurreko errelatoek
menperatuta, beren errelato propioak zentzuz hustuta daude, aurreko belaunaldiek bizi izandako gertaera traumatikoek ezinezko egiten baitute ulertzea eta birsortzea. Memoriaren miaketa etengabekoa da, beraz, Sebalden lana.

Ez bakarrik, ordea. Haren lanak ez dira memoriaren azterketa soilak: dokumentala, artxiboa, generoa, fakea, testigantza, trauma, hondamendia, familia, bidaia, noraeza. Eta XX. mendeko gai handiak gero: migrazioak, diskurtso historikoak, biolentzia politikoa. Benjamin, Walser, Wittgenstein, Bernhard hartzen ditu, East Angliako unibertsitateko bulegoan paretatik zintzilik zituenak. Sebalden orri bakoitzean Europako judutarren deuseztatzea dabil taupaka. Errotik dokumentalak eta errotik fikzionalak dira. Autobiografikoak, historia kolektiboan interesatuak. Poetikoa du prosa, nostalgikoa. Sare moduan osatzen du testua, oinatzak utziz, zita bat bestearen atzetik. Brikolajea egiten du. Txikitasunetik munduaren konplexutasuna irudikatu nahi duen literatura. Esaldi luzeak, digresio ugariak,
tramaren etengabeko bihurguneak. Argazkiak sartzen ditu, idazteak memoria sustatzen duela uste izateaz gainera, Barthes, Sontagen harira, argazkiak ateratzeak ahanztura sustatzen duela uste arren. Eta uste du literaturan bakarrik, gertaeren ikerketaren edota zientziaren gainetik, saia gaitezkeela gauzak bere lekura itzularazten.

W.G. Sebald idazlearen pertsonaia Jacques Austerlitz da, baina izan zitekeen Herminio Martinez, Jose Armolea edo Josefina Stubbs, ezkondu aurretik Antolin, guztiak ere 1937ko maiatzaren 23an Santurtziko portutik Habana ontzian 36ko gerratik ihesi Southampton Ingalaterrara joan ziren haurrak. Edo, hain urrutira gabe, eta atzera itzuli arren, izan zitekeen Josefina Zubialdia, lerro hauek idazten dituenaren amaren ama. Eta oraintxe konturatu naiz ohitura gutxi dugula gogoratzeko eta, aldiz, bereziki saiatu izan garela ez gogoratzen ezer.