hurrengoa
b movie: lizunkeria eta soinua berlinen (1979-1989)    Belaunaldiz belaunaldi, atzera begira egin eta malenkoniaz oroitu ohi ditugu hobeak izan ziren garaiak. Hein batean, hori egiten du film honek. Lehen minututik garai hartako Berlinen egon nahi zenuke, ziurrenik, filmak umorez gainezka egiten duelako, artxiboko irudi liluragarriak erabiltzen dituelako (halakorik grabatuta zegoela ezin irudikatu), soinu-banda itzela duelako, eta, ere, protagonista ordainezin bat duelako: Mark Reeder. Manchesterrek Michael Winterbottomen 24 hour party people izan zuen; orain, Berlinen txanda da B Movie Lust and Sound in West Berlin filmarekin. 80eko hamarkada hasteko bi urte falta diren momentuan, zer egin behar du Manchesterren bizi den musika zale batek? Ezer ez. Bertan geratu. Hiri triste eta gris hura musikaren munduko hiriburu bihurtzeko zain geratu. Bada, ia jende guztiak hori egin zuen, tipo bakar batek izan ezik. Mark Reeder-ek bazekien eztanda gertatzear zegoela, baina maitemindu egin zen. Alemaniatik zetorren musika berriarekin maitemindu, hain zuzen ere. Eta Berlinera abiatu zen. Manchester baino are grisagoa eta tristeagoa zen hirira. B movie:lizunkeria eta soinua Berlinen (1979-1989) lust and sound in west berlin (1979-1989)

80eko hamarkadaz oroitzen bazara,
bertan izan ez zinen a ren seinale.


Zer egin zezakeen uniforme militarrekin janztea atsegin zuen ingeles batek 80eko hamarkadako hastapenetako Berlinen? Miresten zituen musikariei matraka eman. Klubetara joan. Hiriko gaueko eszena ezagutu. Drogatu. Manchesterreko Factory zigiluarentzako lan egin. Shark Vegas taldea sortu. Drogatu. Joy Divisionek han jo zuen kontzertu bakarra antolatu. Txortan egiten saiatu. Okupa mugimenduan murgildu. Drogatu. Nick Cave gazteari bere etxean tokia egin bertan bizi zedin. Txortan egiten saiatu. Kontzertuak antolatu. Musika taldeei grabaketak egin. BBC katearentzat grabaketak eta programak egiten lagundu. Ekialdeko Alemaniara bidaiatu. Txortan egiten saiatu. Gustuko taldeentzat manager lanak egin. Drogatu. Die Toten Hosen lagunekin ekialdeko Berlinen antolatu zen lehen eta azken punk kontzertua antolatu. Stasiren zerrenda beltzean subertsiboen taldean sartu. Txort...

Harik eta 90eko hamarkada iritsi zen arte. Bestondo latza. Klub asko itxi zituzten. Talde asko desagertu. Desfase orokorrak bere lehen biktimak zenbatzen hasi zen. Musikalki hiltzen hasi zen hiria. Eta, Mark Reeder-en harridurarako, musika egin baino, musika soilik jartzen hasi ziren gazte batzuk azaldu ziren. Berehala konturatu zen 80eko hamarkada akabatuta zegoela, baina haren errautsetatik musika elektronikoaren eztanda gertatzear zegoela. Eta Reeder trance musikan murgildu zen. Baina hori beste pelikula bat da.