hurrengoa
gezurra nagusi    Gure rokanrol panoraman azaldu den talde berri honek zer esan asko eman du beren estreinu kontzertutik. Aurretik beste taldeetan jardun diren musikariek ziurtasunez jotzen dituzte rokanrol-garage-punk-yeye kantu zuzen eta biziak. Kantariaren jarrerak jartzen dio Lie Detectorsen errezetari azken ukitua. Ez dago osagai sekreturik. Kimika besterik ez da. Lie Detectors-ek zapata zolak higatu eta lepoa txikituko dizkizu.

Egiten duten musika eta eskaintzen dituzten zuzeneko basatiak Lie Detectors the baldera gonbidatzeko arrazoi nahikoa bada ere, taldearen beste alor batek deitu digu atentzioa. Lie Detectors-ek singleak kaleratzen ditu. Binilozkoak. Musikak garrantzia zuen garaian bezalaxe. Are gehiago, rokanrola dibertigarria zen garaietan bezalaxe. Gurean, garai horiek, rock radical vaskoaren garaiak izan ziren, non diskoak, musika gordailu izateaz gain, arte popularraren euskarri ere baziren. Komikiak, argazki muntaiak eta proposamen grafiko apurtzaileak barneratzen ziren diskoen diseinu eta karpeta barru aldeetan. Lie Detectors-ek hori berreskuratu du. Egun hain transzendentala izaten den euskal rock taldeen panoraman, guk poligrafoaren froga egin beharko bagenu... Lie Detectors- ekoekin egingo genuke.