hurrengoa
arteak kale egiten duenean xabier gantzarain   Ezaguna egingo zaizue historia. 2010eko irailean bota zuten Banksyren pelikula, Exit Through The Gift Shop, Donostiako Zinemaldian, eta garaitsu hartan agertu zen irudi hau Parte Zaharreko bazter
batean.

Marko huts bati begira dago gizon bat, bere buruari galdezka ari balitz bezala: zer da ikusten ari naizena? Matrioxka joko batean bezala, hemen ere irudian ikusten denak gero irudiarekin gertatu zenaren aurrekaria, zatia eta ernamuina dirudi.

Akordatuko zarete, ikuskizun negargarria izan zen inondik ere: Banksyrena zela, ez zela, berdin zitzaiola zeinek egina zen, kendu egin behar ela, gero ezetz, Udalak errespetatu egingo zuela
Banksyrena ez izanda ere, “adierazpen kultural” bat zelako, jendeak gainean pintatu, azkenean
ezabatu… Mundiala izan zen.

Baina ikuskizun penagarri horrek ondo ematen du gure neurria. Batez ere, gure gaitzak aletzen
dituelako banan-banan. Eta gure gaitzetarik larriena salatzen duelako zuzen-zuzenean: izenarena, sinadurarena. Zer da bada Banksyrengan miresten duguna?
Banksyk egina bada artea da eta bestela ez?
Zer axola du artea izan ala ez?
Jon Alonsok Astrolabioa liburuan Witold Gombrowiczen Ferdydurke nobelako zati bat itzuli zuen, eta nik zati horretatik zati batzuk aipatu nahi ditut. “Lehenik eta behin, ondoko hitz honekikoak moztu itzazue errotik: Artea; baita beste honekikoak ere: artista. Ez zaitezte gehiago murgildu eternitatearen monotoniaz errepikatzen dituzuen hitz horietan. Ez al da egia handiagoa izango norbera artista dela? Ez al da izango gizateriak Artea sortzen duela ez bakarrik paperaren edo oihalaren gainean, baizik eta eguneroko bizitzaren une orotan?”

Gelditu une batez, hartu galdera ezpain artean, egin zeure buruari, egin ahoz gora nahi baduzu,
ez al da izango? “Dontzeilak arrosa bat paratzen duenean, solas mamitsu batean txiste irrigarri bat isurtzen denean, norbaitek arrastiriari aitorpenak egitean, horixe guztia Artea baizik ez da. Zertarako, orduan, banaketa izugarri hau: A, ni artista naiz, nik Artea sortzen dut. Ez al da komenigarriagoa beste hau esatea, soiltasunez: Ni, again, Arteaz kezkatzen naiz eta Arteaz jarduten dut besteek baino apurtxo bat gehiago.”

Gorroto dut arte aditu gisa aurkezten nautenean. Lasaitzeko, beti akordatzen naiz esaldi zoragarri
harekin: beti fida zaitezke aditu batez, salbu eta aditu den alor horretan.

Zerk egiten du gauza bat Arte, zerk egiten du Arte hori on? Zerk, nork? “Eta bigarrenik, zergatik kultu hori, miresmen hori, “obrak” deitzen ditugun horietan adierazten den arte horren aurrean? Nondik atera duzue gizonak Arte obrak biziki miresten dituelako ideia inozo hori, Beethovenen sinfonia bat entzutean konortea galdu eta plazer-ikaraz hiltzen garelako hori? Sekula ez duzue pentsatu zein ezpuru, nahasi eta zorrozki heldugabea den kulturaren eremu hau, zuen fraseologia errazaren barruan zedarritu nahi duzuena? Behin eta berriz egiten duzuen akatsa honako hau da, batez ere: pertsonaren eta Artearen
arteko harremana emozio estetikoa baizik ez dela pentsatzea, uste izanez, gainera, harreman hori guztiz partikularra eta bakarkakoa dela, alegia, bakoitzak harreman hori erabateko bakardadean biziko balu bezala, beste gainerako gizakiengandik bereizirik. Baina, egia esan, harreman horren arragoan hainbat eta hainbat emozio desberdin nahasten dira, eta emozio horiek biderkatzen dira, hainbat eta hainbat pertsona desberdinek hartzen duelako parte, eta pertsona
horiek elkarri eragiten diotelako eta elkar sujestionatzen dutelako, taldeko arima-egoerak sorraraziz”.

Lehengoan entzun nuen emanaldi bat bukatu ostean Placido Domingori 80 minutuz jo ziola txalo publikoak. Artistek egoa, diote gero. Irakurri ezazue liburu zorrotz bezain zoragarri hau: Txalorik ez, arren. Harkaitz Canorena. Gustura jarraituko nuke hona Ferdydurkeren zatiak ekartzen, baina luzeegi aterako zait, eta moztera noa, nahi duenak badaki non aurkitu, laburpentxo bat aletuz: Ez al da egia handiagoa izango norbera artista dela? Ez al da izango gizateriak Artea sortzen duela ez bakarrik paperaren edo oihalaren gainean, baizik eta eguneroko bizitzaren une orotan?

Nork esan lezake, edertasun horretan, zer den benetan eder, eta zer prozesu historiko-soziologiko baten emaitza?

Horregatik gertatzen da, denek konortea galtzea koadro eder baten aurrean, baina inork ere ez koadro horren kopia baten aurrean.

Gu, atsedenik gabe, etengabe, forma eta adierazpenaren bila ibiltzen gara.

Forma zerbait bizi eta humanoa da, zerbait praktiko eta eguneroko, ez Artearen atributu jostagarri bat.

Batek forma bat bilatzen duenean, bere burua gauzatzeko egiten du, ez inori lezioak emateko.

Saia zaitezte formari aurka egiten, aska zaitezte formatik. Ez zaitezte identifika definitzen zaituenekin. (Arte aditua; beti fida zaitezke aditu batekin, salbu eta…).

Guri dagokiguna betiereko heldugabetasuna da.
Bada beste liburu zoragarri bat, Parisen bizi naiz, Koldo Izagirrerena. Liburu horretako azken poemak hauxe du izenburua: Berlinen bizi naiz. Eta hauxe dio bertan: zoragarria da hiri hau
erraustegiko kea dator mulkotan leihora nik burdineria dendetan bezala atxikitzen du kopeta beiran jazarra nondik helduko den atzeman ez dezagun txirrina jotzen didate etxepekoek agiriren bat idatziko dugun kearen aurka kalte handiak egin zizkiguten urbanistek orain hurrengoan hiriko postal zaharrak oparitzen dizkit goikoak harresiaren behealde osoa mezu likinez utzi du garbi bere seme gazteak
koloretako lapitzak ekarri dizkioten ume hemen ez daukat haserretzeko arazorik baina non da Tokio non da Kopenhage non da Montevideo hemen non Beirut non Luanda zer kosmopolitika da hau umeon marrazki margodunetan bakarrik izaten ahal da zuen hiria ezer Zenbatekoa da isuna Donostian horma bat baimenik gabe pintatzeagatik? Zenbateko kartzelaldia bota ahal dizute kartel bat, pankarta
bat jartzeagatik? Orain pintadak, graffitiak eta pankartak museoetan eta arte zentroetan ikusten ditugu. Ez dute deus esaten, artea baitira,
arte bihurtu baitira.

Arteak kale egiten duenean, inork arte gisa ikusten ez duenean, inork ez duenean errespetatu beharreko obra bat ikusten, beste zerbait bihurtzen da; ez da gorde beharreko artea, ez da
laudatu beharrekoa, gizartearen parte da, eztabaidaren parte.
Orduan funtzionatzen du ondoena.